Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea

Ostutako denbora

Gora eta behera... burutik oinetara doan marra zuzenak ohe elastikoarekiko zut bertikal perfektua marrazten du, 90 graduko angelua osatuta. Grabitatearen eta inpultsoaren indarren arteko jolasak jaurtikitzeko gaitasuna du, penduluaren bi muturrek alde batetik besterako bidean osatzen duten kadentzia errepikakorraren gisara osatuz goitik beherako eta behetik gorako ibilbidea.

Ganix saltoka ari da ohe elastikoan ikastolako hainbat lagunekin, edozein herritako jaietan. Oporrak hartu berri ditu, mundua deskubritzen ari da bete berriak dituen lau urteen begiekin. Inguruan Iraitz eta Ander ditu. Airean kiribiltzen diren haien saltoek, orain hemen eta gero han hasi eta bukatzen diren luzera eta ibilbide desberdineko marra irregular eta gehienetan okerrak marrazten dituzte. Zalaparta batean ari dira, zilipurdika, salto bakoitzean kalkulatzeko zailak bihurtu diren angeluak osatuz.

Atentzioa ematen dute Ganixen salto zuzenek. Eta atentzioa ematen du lagunen salto-festa zalapartatsu hartatik at nola diren bere saltoak hain aurreikusteko modukoak. Nola erraz antzeman daitekeen non hasi eta noiz bukatuko diren, bere ateraldiak batez ere aurreikusi ezinekoak izaten direnean beti. Eta erritmo konstante horrek eta ibilbide erregular jakin horrek egiten du are eta misteriotsuagoa bere jokamoldea.

Begirada nonbaiten du iltzatuta. Nabarmena da, bere ohiko ezinegonean, begi urdin bizien mugimenduak nola nonbaiten pausatu diren; hain tinko, hainbeste denboraz. Begiradaren ardatza imajinatu eta hari jarraiki txartel bat ageri da, saltoka ari den mutikoaren parez pare: “Aholkatzen da txiribueltak ez ematea”. Eta orduantxe bertan geratu da sekretua biluztua, zergatik izan den bere portaera eskolako gainontzeko lagunengandik hain desberdina: badaki irakurtzen, badaki zer esaten duten lagunen begietara auskalo zer diruditen ikur haiek.

Ganixek azkar ikasi du irakurtzen, laster hartu dio tankera kulturalki adostutako kodeari, ikasi du dezifratzen eta ikasi du esanahiaz jabetzen. Berak bakarrik egin du, inor ohartu gabe. Ohe elastikoko txartela izan da mutikoaren lorpena argitan utzi duena.

Gai korapilatsu eta zaila izaten da irakurketa-idazketarena hezitzaileentzat eta etxekoentzat. Hamaika teoria daude zein adinetan ikasi behar duten irakurtzen eta idazten diotenak. Metodoak ere hamaikatxo pasa. Eta hamaika baino gehiago dira etxe askotan izaten diren estutasunak ustezko adinera iritsi eta semeak edo alabak oraindik irakurtzen ez dakielako, edo gelakideek dagoeneko jakin eta bereak oraindik susmoa ere hartzen ez diolako kontuari. Gurasoek, zenbaitetan, presa izaten dute beren haurrak lehenbailehen irakurtzen has daitezen. Badaezpada. Maiz guraso askoren frustrazioa, eta hezitzaile askoren ezina sumatu dugu. Inguruan erraz barreiatu den frustrazio eta ezina, haurrengana zuzen-zuzenean iritsi dena.

Zenbat ote dira, presa horrek bultzatuta edota geure buruei ipini dizkiegun epeak aginduta, orduak eta orduak ulergaitzak egiten zaizkien letra horien aurrean pasa behar izaten dituzten haurrak, konbentzioz kulturak adostu dituen erlazio eta konbinazio horiek dezifratu ezinik? Marrazki tankerako marra lerrokatu horiek aurrean dituztela zer egitea nahi dugun ulertu ezinik, askotan?

Hor jarraituko dugu, ordea, tematuta, paperean aurkeztu dizkiogun letrak egoki josi arte jardun eta jardun. Orduan, altxorra eskuratzeko kode sekretua argitu duenaren pozaren parekoa sentituko dugu. Bitartean, baina, zenbat denbora ostu ote diegu beste gauzak egiteko edo deskubritzeko?

Nago, gehienok bat egiten dugula haurraren erritmoa errespetatu behar dela, denbora eman behar zaiola, bakoitzak irakurketa-idazketa prozesua bere martxan egiten duela, eta, azkenerako, lehenago edo beranduago, prest daudenean, denek prozesua burutzea lortuko dutela. Nago, ordea, gehienok ere, beldurrak edota inguruneko presioak bultzatuta, badaezpada, haurrak irakurtzen eta idazten “ikasten” jartzen ditugula, imajinatu genuena baino gehiago, akaso.

Ohe elastikoaren bueltan otu zait nola ikusiko eta ulertuko ote duen mundua irakurtzen ez dakien batek, kulturak adostutako alfabetoa arrotz, letrak eta esaldiak inguruneko beste elementuekin urtuta... •