2017/07/15

Koldo Sagasti
«Pinkwashing»

Pasa den uztailaren 2an World Pride 2017 jaialdia ospatu zen Madrilen, LGTBIQ mugimenduaren topaketa nagusia mundu mailan. Prentsan oihartzun zabala izan zuen ospakizunak, ez, ordea, festa koloretsuaren atzean dagoen izpiritu aldarrikatzaileak. Aurtengo deialdiak, baina, kolore, konfeti eta txinpartatik asko izan badu ere, giza eskubideekiko begirunetik gutxi izan omen du. Halaxe salatu du BDZ kanpainako (Israelen Aurkako Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) Pinkwashing Batzordeak. Haien esanetan Madrilgo World Pride Israeletik kanpo sekula antolatu den pinkwashing antzezpenik handiena izan da. LGTBIQ kolektiboaren aldarrikapenekin ustezko begirunea agertuz mundu mailan estatu demokratiko eta aurrerakoiaren itxura ematean datza “zurikeria arrosa” deritzoten hori. Eta aurtengo World Prideren edizioan ere sionisten presentzia bermatu du AEGAL (Madrilgo Gay eta Lesbianentzako Enpresa eta Profesionalen Elkartea) talde antolatzaileak.

Israelen aurkako Boikotaren aldeko ekimenekoek salatu dutenez, AEGALek konpromisoa adierazi zuen aste batzuk lehenago Madrilgo jaialdian ez zutela Israelgo enbaxadaren inongo esku hartzerik onartuko, ezta Israelen gorazarrerako ikurrik ere. Bada, agindutakoa bete ez eta estatu sionista goraipatzeko ekimena bilakatu zuten antolakuntza taldekoek bukaerako gala. Ekitaldi horren punturik gorena Alcalako Atean Tel Aviveko Harrotasun Jaialdiaren promoziorako bideoa proiektatu zutenekoa izan zen. Baina ez zen hori izan gehiegikeria bakarra. Nazioarteko Legedia ere urratu zuten antolatzaileek, Jerusalen hiria Israelen barruan kokatu zutelako amaierako ekitaldi horretan. Nola edo hala, Israelek presente egon behar zuen Madrileko deialdi sonatuan, horrelaxe agertzen baita iritzi publikoaren aurrean nazio aurrerakoi eta tolerante moduan herri palestinarraren aurka milaka zitalkeria burutzen dituen bitartean. Agian, harrotasunaren festibalak itxurakeriatik harago bere sen aldarrikatzailea berreskuratzen duenean, izango da bertan giza eskubide guztietarako tokia, ez baitago kolektibo baten eskubideak defendatu eta pertsona guztienei ezaxolarena egiterik. •