Antton Izagirre

Adiskideak eta etsaiak

Harridura, amorrua, haserrea, nahigabea, etsipena... dira egunotan politikaren esparrutik ematen dizkiguten albisteek sortzen dizkiguten emozioak. Garai politikoak, koiunturak, faseak, taktikak eta estrategiak ondo ulertzean omen dago politikaren epe motzeko eta luzeko jarduna behar bezala interpretatzeko gakoa.

Baina argi dago Espainiako Gobernua Kataluniako erreferendumaren aurka bitarteko guztiak erabiltzen ari denean PNV Eusko Jaurlaritzatik –Urkullu buru dela– ematen ari zaion laguntza ezin uler daitekeela gure analisi gaitasun mugatuaz.

Sinesgaitza eta ankerkeria iruditzen zaigu Kataluniatik –ez soilik Kataluniarako, bai Euskal Herriaren burujabetzari begira, baita Espainiako erregimen zaharra iraultzeari begira ere– egiten ari diren apustu estrategikoa ikusita nola hemengo arduradun politikoak Espainiaren irudi atzerakoiena ordezkatzen duen alderdiarekin eta politikariekin lerrokatzen diren Katalunia bakarrik utzita. Ezin dugu ulertu zertan datzan haiek dioten erantzukizuna.

Etsipena sortzen digu Rajoyk, bai Urkulluren jarduna eredutzat hartzen entzuten dugunean bai Kataluniak demokratikoki erabakitako bide-orria mehatxupean jartzen duenean. Begien bistan dago azkenaldian Rajoyk Eusko Jaurlaritzari aitortutako lorpenak kataluniar herritarrengan zalantza, beldurra eta etsipena sortzea eta politikariak presiopean jartzea duela helburu. Hemengo politikariak ere horretaz baliatu direnean, helburu beraren nahitaezko kolaboratzaile bilakatu dira.

Haserrea sortzen digu sistemaren defentsan diharduten botere mediatiko guztien bozgorailuetatik igorri zaizkien txalo eta laudorioetan hain eroso eta ezti ikustea hemengo arduradun politikoak, jakinik merituak Estatuari aurre egiten dion kataluniar herriarenak direla.

Erronkaren neurriaz jakitun, morrontza horrek luzaroan utz dezake kolpatua herri honen burujabetza nahia. Orain irudikatutako jokaldiak agerian uzten baitu etorkizunean gure herriarentzat lortu beharreko estatus juridiko berriaren mugak noraino hel daitezkeen.

Eusko Jaurlaritzako politikoen bosteko eta akordio besarkada ustel horietatik haratago, herrien arteko besarkadaz mintzo behar dugu. Urriaren 1eko galdeketaren aurrean, Kataluniak, euskal herritarron elkartasun zabala jasoko du eta irailaren 11n, Diada egunean, ozenki, haien aldarria geure egingo dugu. •