Ramon Sola

«Esku Gorrien Iraultzaren» zenbait irakaspen

2008ko uztailaren 7ko goizaldean, era bortitz eta krudelenean hil zuen Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage, sanferminetako lehen gauaren ostean. Hurrengo urtean hamar urte beteko dira, eta une egokia izan daiteke horrelako basakeria errepikatu ote litekeen orain hausnartzeko. Indarkeria matxista ezabatzetik horren urruti dagoen gizarte batean bizi garela jakinda, ausartegia litzateke ezetz erantzutea, erokeria galanta. Baina banago Yllanesek Laffage hiltzeraino egin zuen kalez kaleko ibilbide ero makabro hark hainbat geltoki ezberdin izango zituela egun. Hiltzailearen aldeko indargune dezente gutxiago eta biktimaren aldeko zenbait gehiago, milaka atorra zuritan deiadar isil gisa eskegitako “Esku Gorrien Iraultza” dei genezakeenetik hasita…

Probokatzailea da galdera, noski. Baina komenigarria ariketa, testuinguru zehatz horretan indarkeria matxistaren aurkako borrokan zenbat aurreratu den eta zenbat falta den, zertan asmatu den eta zertan huts egin, nola garatzen ari den eta nola hobe litekeen… baloratzeko. Inflexio puntura iritsita gara jada. Gaitzespen handia eragin zuen Laffageren hilketak 2008an, bai eta ikara ere, nola ez! Herritarrak eta erakundeetako agintariak atera zituen kalera. Baina ez zuen sakoneko arazoaren aurkako estrategia eraginkorrik askatu. “Lunes Lilas” izeneko ekimena bertan jaio zen eta urteroko oroimena bertan den arren, funtsean batez ere samina baino ez zuen utzi hilketak, eta etsipen puntu bat, nolabait basakeria hura jaiaren alde ilun baina saihetsezina zen ustea onarturik balitz bezala. Iazko gau bereko bortxaketa masiboa, ordea, itzulezinezko mugarri gisa geratu dela antzeman daiteke, “aski da!” erraldoia, aro itxaropentsu berri baten detonagailu higuingarria. Eta egia da 2008tik 2016ra indarkeria matxistaren aurkako gizarte sentsibilizazioa sendotzen joana zela, baina horren gainetik bien arteko ezberdintasun nagusia erakundeen inplikazioan (Iruñeko Udala zehatzago) eta ondo errotutako kanpaina baten definizioan (bortxaketaren aurretik zetorren kanpaina alegia) dago. Erasoak eta abusuak guztiz eta betiko ezabatzeko borroka hau oraindik luze joango den arren, ekin eta ekin aritzeko beharra bertan den arren, Laffage hil zutenean ezinezko zirudien borroka orain irabazteko modukoa agertzen hasia da. Ez da asko, baina ez da gutxi.

Etorkizuneko sanferminen hazia landatu da, eta, gainera, munduak ere ikusi du. Joseba Asironen Udal Gobernuari ahopeka edo ozen aurten bisitari gutxiago etorri dela aurpegiratu diotenek beren buruari galdetu beharko liokete ea iazko bost sevillar horiek bezalakoak faltan bota ote dituzten… Indarkeria matxistaren aurkako ikur bilakatu da Iruñea, eta, nondik datorren jakinda, bikoitza da meritua, Errenteriak elkarbizitzaren sustapenaren erreferentzialtasun nagusia bereganatu izana bezalaxe. Sanferminetan atzeraezinezko urrats hori eman delako, 2019ko hauteskundeetan gertatzen dena gertatzen dela, soilik horretarako jada positiboa izango da legealdi hau.

Bide batez, “Esku Gorrien Iraultza” xume baina eraginkor honek aldaketa politikoa gauzatzeari begirako zenbait irakaspen badakartza. Hiru aipatzeagatik: 1) Oso zaila izanagatik ere, ezer ez da ezinezkoa, saiatzen ez dena edota bide txarretik bilatzen dena baizik. 2) Edozein arazori benetan aurre egin ahal izateko, herritarren parte hartzea sustatu behar da (Iruñekoarekin alderaturik ezer gutxirako balio izan dute urteotako erakundeetako arduradunen elkarretaratzeek). Zilegizko helburua bada, erakundeetatik herritarrei tresna egokiak eskainiz gero (esku gorriak izan, elkarretaratzeak izan, protokoloak izan...), horien inplikazioa lortzea ez da uste bezain zaila. 3) Borroka ezinbestean esparru horretan dabiltzan eragileekin konpartitu behar da, kontraesanak ekiditeko batzuen eta besteen ahaleginak norabide berean jarriz eta elkarri zintzoki esan beharrekoak esanda elkar akuilatuz.

Honelakoetan, bere jatorrizko asmoa lor dezake politikagintzak (hitz handiz idatzita): gizarte hobeago bat. Politikeriaren garaian, mirari txiki bat. •