Jose Angel Oria
GIZA ESKUBIDEAK

Historiako urterik okerrena bizi behar izan zuten iaz ingurumena babesten saiatzen diren ekintzaileek

Lurra, basoak eta ura babestea oso garesti ordaintzen dute konpainia handien negozioen bidea oztopatzen dutenek, batez ere jatorrizko herriek. Iaz 2015. urtean baino ekintzaile gehiago hil zituzten ingurumenaren aldeko lanaren eraginez. Kolonbiak oso Konstituzio aurrerakoia du, baina ez da betetzen.

Geure bizitzarekin ordaintzen ari gara beste batzuen diruzalekeria; geure kulturarekin, herri moduan desagertzeko arriskuarekin, lur zatitxo hau defenditzeagatik». Global Witnnes nazioarteko erakundeak plazaratu berri duen bideo batetik hartutako hitzak dira, wayuu herriko Jakeline Romero ekintzailearenak.

Munduko beste leku askotan gertatzen ari den moduan, wayuu jatorrizko herria munduko konpainia handienetako batzuen aurkako borrokan ari da, bere bizimoduari eutsi nahian. Kolonbiako herritarrak izanik, teorian beraien interesak defendatu beharko lituzketen segurtasun indarrek konpainia horien interesekin egiten dute bat, eta kasu askotan beraien lurrak utzi beharrean izaten dira. Eta beren lurrak utzita, betidanik ezagutu duten bizimodua ere, kultura, atzean utzi beharra izaten dute.

Indigenen eta meatzaritza konpainia handien arteko borrokak ez du inolako orekarik. Kolonbia munduan ikatz gehien esportatzen duten herrialdeen sailkapenean bosgarren lekuan ageri da, eta erregai fosil horren %37 El Cerrejon izeneko meategitik ateratzen dute, La Guajira departamendutik alegia. BHP Billiton, AngloAmerican eta Glencore dira jarduera ekonomikoaren jabeak.

Ikatz esportatzaileen sailkapenean goiko postuetan agertzeaz gain, Kolonbia ingurumenaren aldeko ekintzaile gehien hiltzen dituzten herrialdeen artean ere ageri da. Iaz 37 pertsona hil zituzten Karibeko herrialdean, lurra, basoak eta ura babesteagatik. Ondorioz, sailkapeneko bigarren postuan ageri da uneotan, askoz ere zabalera eta populazio handiagoak dituen Brasilen atzetik.

El Cerrejon Kolonbiako aire zabaleko meategirik handiena da. Dagoeneko 90 kilometro koadroko zabalera du, eta hazten jarraitzen du.

Hazkunde horrek, jakina, bertan bizi ziren herriak ustezko arrakasta ekonomikoarentzat oztopo bihurtu ditu, eta kanporatu egiten dituzte.

Habanako Akordioak

Global Witnnes erakundeak plazaratu duen bideoan beren lurrak utzi behar izan dituzten herritarrek esplikatzen dute segurtasun indarrek egurtu izan dituztela, lurrak libre uzteko, eta nekazaritzarekin jarraitzerik ez duten lekuetan “bizi” direla orain, beti ezagutu duzuna alde batera utzita bizitzerik badago bederen.

El Cerrejon meategikoek diote beraiek ez dutela zerikusirik herritarrek salatutako indarkeriarekin, baina meategi hori dago herrialdean ingurumen gatazka gehien eragiten duten proiektuen artean, Global Witnnesek gogorarazi duenez.

Kolonbia nabarmentzeko moduko herrialdea da, bertako Konstituzioa baita teorian herritarren eskubide zibilak gehien babesten dituenetako bat. Beste kontu bat da idatzitakoa betearaztea. Gainera, FARC gerrillak eta Juan Manuel Santos presidentearen Gobernuak Habanan lortutako akordioen arabera, Kolonbian neurriak hartuko dira komunitateetako buruak babesteko eta talde paramilitarrak ikertu eta horien desagerpena bermatzeko. Oraingoz, adostutako testuetan esaten dena betetzetik oso urruti dago.

Mundu osoan ingurumena babesten saiatzen diren ekintzaileentzat 2016 izan da historiako urterik okerrena, Global Witnnes erakundeak ezagutzera eman berri duen ikerketaren arabera. Iaz 200 ekintzaile hil zituzten, 2015ean baino %10 gehiago, “Lurra babestu” txostenaren arabera.

2016an hil zituzten ekintzaileen artean Berta Caceres hondurastarra zen ezagunena. Bere etxean bertan egin zioten tiro martxoaren 2an, lo zela. Txostenak gogorarazten du proiektu hidroelektriko baten eraikuntzaren aurkako oposizioa zuzentzen zuela.

«Eraildako ekintzaileek nazioarteak ezagututako giza eskubideak babesten zituzten: ingurumen osasuntsu bat izateko eskubidea, bizitza publikoan esku hartzekoa, protesta egitekoa...». Baina ekintzaile horien borrokak talka egin zuen «guztion baliabide naturalak lapurtu nahi dituzten interes politiko, enpresarial eta kriminalekin».

Gobernuz kanpoko erakundeak gogorarazten du aurre egiten dieten pertsonak hiltzea interes horiek dituzten konpainiek erabilitako taktiketako bat baino ez dela, kasu askotan heriotza mehatxuak, xantaiak, atxiloketak, ekintzaileen desagertzeak eta sexu erasoak ere erabili izan dituzte-eta.

Gero eta herrialde gehiago

Hildako pertsona horien guztien izen-abizenak eta herrialdeak eskaintzen dituen txostenak nabarmentzen du giza mugimenduetako kideak hiltzeko joera mundu osoan zabaltzen ari dela, aurtengo txostenean 24 herrialde ageri baitira, iaz 16 baino azaltzen ez zirenean.

Mehatxupean bizi diren ekintzaile batzuen adierazpenak ere jasotzen ditu txostenak. Francisca Ramirez 39 urteko nikaraguarrak bost seme-alaba ditu. Bi ozeanoak lotuko lituzkeen kanal proiektuaren aurka egoteagatik (120.000 indigenek beren lurrak utzi beharko lituzkete) atxilotu egin zuten, egurtu eta mehatxatzeaz gain.

Latinoamerikan beste inon baino ekintzaile gehiago hil zituzten iaz, mundu osoko biktimen %60tik gora. Brasil da herrialderik arriskutsuena, bertan 49 lagun hil baitzituzten. Kolonbia dago bigarren postuan.

Latinoamerikatik kanpo, Filipinak (28 ekintzaile hilda) eta India (16) dira egoera larriena duten herrialdeak.

Gualcarque ibaiko Agua Zarcako proiektua bertan behera utzi dute

Iazko martxoan bere etxean hil zuten Berta Caceres Hondurasko ekintzailearen heriotzak sekulako oihartzuna izan zuen munduan, batez ere Latinoamerikan. Eraso hark agerian utzi zuen konpainia handien diruzalekeriak sekulako arriskuan ipintzen dituela indigenen komunitateak zein ingurumena. Orain, Caceres hil zutenetik urte eta erdi oraindik pasa ez denean, FMO Herbehereetako Garapen Bankuak eta FINNFUND Finlandiako Kooperazio Industrialerako Funtsak erabaki dute DESA konpainiaren Agua Zarcako proiektu hidroelektrikoari ematen zioten babesa bertan behera uztea. Behin betiko erabakia dela adierazi dute hedabideek. Caceres berak eragindako garaipena ikusi gabe zendu zen.

Ecoportal.net webguneak emandako informazioaren arabera, DESA konpainiak plazaratutako agiri baten bitartez jakinarazi zen erabakia. Proiektua uztailaren 10ean hil zen, ofizialki. «Lenca etniako zenbait herritar eta buruzagiren heriotza eragin duen istorio tragikoaren amaiera da», webgunekoek idatzi dutenez. Aldi berean, giza eskubideak eta bioaniztasuna babesten saiatzen direnentzat itxaropen izpi bat da azken erabaki hori.

DESA konpainiaren agiriak adierazten duenaren arabera, Hondurasko mendebaldean dagoen Gualcarque ibaiaren eremuan izan diren gatazkak murriztu nahian erabaki dute proiektua bertan behera uztea. Testu berean diote «mendebaldeko komunitateetan bertako azpiegiturak eta bizi kalitatea hobetzeko inbertsioak egiten» jarraitzeko asmoa dutela. Hori bai, horrenbesteko gatazka eragin duen proiektuaren sustatzaileek esaten dute komunitate horietako biztanle batzuk Agua Zarcaren alde zeudela, Santa Barbara eta Intibuca departamenduetan makina bat lanpostu sortu delako.

AEBetako Kongresua “Hondurasko giza eskubideak babesteko Berta Caceres legea” bultzatzen ari da.