Maddi TXINTXURRETA AGIRREGABIRIA
JOLASPARKEAK.EUS

Umeen dibertimendurako jolastokien eskaintza klik bakarrean

Umeentzako jolastokiak ezagutarazteko nahiari jarraiki, Jolasparkeak.eus ataria sortu dute berriki Txatxilipurdi elkarteak, Goiena Komunikazio Taldeak eta Olgeta jolaserako zerbitzuak. Webguneak, Euskal Herriko zazpi herrialdeetan jolaserako eta umeen dibertimendurako aproposak diren txokoak atari batean biltzea du asmo.

Begirada nork bere haurtzarora botata, ziur leku kutunen bat otutzen zaiola bakoitzari, bere-berea, urteetan gogoan gordetako oroitzapen eta usainekin. Herriko plaza bururatuko zaio baten bati, beste batek akorduan edukiko du etxe ondoko parkea egun eguzkitsuetan, eta kontzejupeko harrizko zutabeen atzean gordeta gogoratuko ditu norbaitek txikitako egun euritsuak. Eta umetako leku kutun horri ezin banandu dakioke bertan jolastutakoa.

Jolasparkeak.eus webgunean jolas-parkeak eta jolaslekuak bereizten dira. Lehenengoak, «jolaserako espresuki sortutako parkeak dira»; bigarrenak, berriz, «jolaserako egokiak diren aire libreko espazioak, hala nola, plazak, parkeak edo frontoiak».

Itxaso Pagoaga eta Lander Juaristi dira webgunearen sortzaileetako bi. Jolasparkeak.eus ataria jolasaren inguruko hausnarketa baten ostean sortu zela diote. «Ez da egokia herri batean hamaika jolas-parke egotea eta denak antzekoak izatea», dio Pagoagak. «Patroi bereko» jolas-parkeak eraikitzea ohikoa bilakatu dela kexu dira, eta berauen «aniztasuna» aldarrikatzen dute, «ume bakoitza mundu bat» delako. Era berean, jolaslekuen garrantzia ere nabarmendu nahi dute.

Baldintzak

Jolasparkeak.eus atarian nabigatuz gero, Euskal Herriko mapa agertuko da, jolaserako lekuak markatuta dituela. Bakoitzean klikatuta, jolastokiaren ezaugarri nagusiak biltzen dituen fitxa tekniko bat –helbidea, estalia edo irekia den edota irisgarria den ala ez, besteren artean– eta jolasgunearen azalpena agertzen dira. Oraingoz, hamalau toki bildu dituzte, baina hilero bat gehitzeko asmoa daukatela iragarri dute.

Atarian agertuko diren txokoen aukeraketarako irizpide batzuk ere ezarri dituzte, guztiak betetzea derrigorrezkotzat jo ez badute ere. Baldintzetako batzuk praktikoak dira, beste batzuk, baloreekin lotutakoak. Horietako bat da «jolas-parkea osatzen duten elementuek motrizitatea, sormena eta haurraren abentura sena sustatzea». Halaber, Juaristiren esanetan, umeek «naturarekin duten harremana» sustatzeko asmotan, garrantzia ematen diote jolas-parkea «ahalik eta material naturalenekin» egindakoa izateari edo «kolore neutroak» edukitzeari. «Egungo jolas-parke asko partxis kolorekoak dira, estimulu gehiegi eragiten dituzte umeengan, eta ez dira naturako kolore gamaren ordezkari», azaldu du Itxaso Pagoagak.

Gainera, parkearen eraikuntza edota plangintza «herrigintzatik abiatutako prozesu» baten ondorio izatea hobetsi dute, webgunean agertzen den Mañariko “Piraten Kioskoa” bera bezala, zein umeen parte hartzearekin sortu zen.

Umeek behin eta berriro frogatzen dute edozein leku jolaserako aproposa izan daitekeela, sormena dantzan jarriz gero. Erreka ertzak, harri lau borobilduak uraren gainean errebotatzeko, edo bidezidor sastrakadunak bertatik adarrak hartu eta ondoren txabolak eraikitzeko. Alta, gure herri eta hiriek oztopo ugari izan ohi dituzte umeek edozein bazterretan jolasteko. «Herri oso bat jolaserako gune aproposa izatea» nahiko luke Jauregik, azken helburu gisa.

Jolas-parkeei –jolaserako espresuki sortutako lekuei– umeek erabilera desberdina ematen dietela askotan nabarmentzen du Pagoagak. Izan txirristan maldan gora ibiltzea, izan eraikineko hodietatik zintzilikatzea.

Ezinezkoa da garai berrietatik ihes egitea, eta umeen aisialdirako eremu irekiak hizpide, batzuek oztopo gisa ikus ditzakete egungo teknologia berriak, mugikorra kasu. Baina, «teknologia berriak guretzako bakarrik dira berriak, umeak eurekin jaio dira», nabarmendu du Lander Juaristik. Natibo digitalen belaunaldian, beraz, teknologia berrien erabilera «kudeatu» egin behar dela diote Pagoagak eta Juaristik; arriskuak arrisku, «alde positiboak badituzte-eta».

Umeak ume

Estimulazio goiztiarra hezkuntza munduan puri-purian dagoen garaiotan, jolasek –jolas-parkeek barne– maiz pasatu behar izaten dute horren iragazkia. Umeen etorkizunari begira, batzuetan eginbeharrez kargatzen ditugu haurrak, umeak ume eta jolasak jolas direla ahaztuta. Itxaso Pagoagak argi du: «Haurrek jolastu egin behar dute, eta, jolasak dibertimendurako balio ez badu, ez da jolasa».