Juantxo EGAÑA

Zeledon, gerrillari karlista edo festazalea?

Zeledonen jaitsierak ematen die hasteko baimena Gasteizko Amara Zuriaren jaiei, abuztuaren hasieran. Zeledon bezala ezaguna den pertsonaiaren inguruko istorio asko daude. Batetik, Manuel Lekuona idazle eta hizkuntzalariak –Euskaltzaindiaren buru izandakoak– Celedonio Iturralde Armentia buruzagi karlista irudikatzen zuela zioen. Gerrillari hori Andagoiakoa zen –Kuartangoko bailara– eta XIX. mendeko bi karlistaldietan parte hartu zuen. Aldiz, Joxemiel Barandianek eta beste historialari arabar batzuek ziotenez, pertsonaiaren jatorrian XIX. mendeko Celedonio Anzola Garcia de Andoain dago, Zalduondon sortua eta Gasteizko Zapatari kaleko bizilaguna, hiriko tabernetan eta festetan ibili zalea. Goiko argazkia XX. mende erdialdekoa da, Gasteizko jaietan jasoa. Atzeko parteko kamioia El As gaseosa markarena da, egun Kas bezala ezagutzen dugunaren aitzindaria. Argazkilaria, berriz, Alberto Schommer Koch, Lehen Mundu Gerran Alemania utzi eta Gasteizen errotu zena.