2017/08/05

Erreportajea
JENDEZ BETE NAHI DUTE «HARMAILA»
Euskara hutsezko kirol aldizkariak argia ikusi berri du uztailaren 21ean, landutako gaiak sakon jorratuta

Aitor Manterola, Eñaut Barandiaran eta Iñaki Berastegi tematuta zebiltzan euskarazko kirol hedabide baten sorkuntzarekin. Hutsune eta beharraz jabetuta ziren, euskal kirolari eta kirolzale asko baitaude. Uztailean «Harmaila»-ren 0. zenbakia doan argitaratu ostean, datozenak harpidedunen esku egongo dira soilik.

Ane URKIRI ANSOLA
0805_aitormanterola

Gipuzkoar baten, bizkaitar baten eta nafar baten elkarlanaren poderioz, pasa den uztailaren 21ean “Harmaila” euskarazko kirol aldizkariak argia ikusi zuen. Sare sozialen bidez jakinarazi zuten sorkuntza, hiru sortzaileen harremanak bertan baitu erroa. Aitor Manterolaren “Futbolmamia” blogaren bitartez, elkartu ziren Eñaut Barandiaran eta biak, duela bost urte. Beranduago Iñaki Berastegi elkartu zen “Harmaila”-ren sorkuntzako hirukotea jaiotzeko.

«Kirola euskaraz, patxadaz, eta mamitsu tratatzearen beharra ikusten genuen», azaldu du Manterolak. «Emaitzek, estatistikek eta narrazio azkarrek garrantzia hartu duten errealitatean, analisia eta sakontasuna bilatu nahi izan ditugu agerkari honekin».

Hiru editoreei kirolari buruzko idatziak gustatzen zaizkiela aditzera eman du Manterolak, eta horregatik aukeratu zutela aldizkari formatua. Naturaltasun osoz kontatzen du zumaiarrak proiektuaren jaiotza, bertako bozeramaile gisa. Aitortu du urteak zeramatzala idatzizko euskarazko kirol hedabide batekin tematuta. «Beharra eta hutsunea zegoela jabetzen nintzen, Eñautekin [Barandiaran] horri buruz hitz egiten nuen eta beste kazetarien iritziek ere nire pentsaera egiaztatzen zuten», dio. «Hainbeste kirol eta kirolari ditugu Euskal Herrian! Eta zaletuak ere beste horrenbeste dira», azpimarratu du, eta euskara indartzeko modu bat izan daitekeelakoan dago. «Saiakera egin behar zen, eta hemen gaude, animatuta».

Hiruren artean banatu dituzte ardura nagusiak. Esaterako, eta hirurek idazten duten arren, Barandiaran diseinuarekin enkargatzen da –«lagun baten laguntzarekin»-, Manterola euskara zuzentzaile ere bada, eta Berastegi lan komertzialaz eta publizitateaz arduratzen da. «Kolaboratzaile sare bat sortu dugu, eta ‘Harmaila’-n funtsezko piezak izango dira», gaineratu du. «0. zenbakirako kolaboratzaileen zerrenda osatzen hasi ginenean, izen asko bururatu zitzaizkigun. Gero, gaien arabera zehazten joan ginen». Norbaitek parte hartu nahi izanez gero, ateak irekita dituztela ere helarazi du. Ordainpeko lana izango dela hitz eman dute, «lan guztiek ordaintzea merezi baitute».

Harpidetzak funtsezko diru-iturri

Asmo handiko proiektuak uztailean ikusi zuen argia. Etorkizun oparoa irudikatu nahi dute, «oinak lurrean eta burua galdu gabe». Ekimena sendotzeko, ordea, dirua ezinbesteko aldagaia dela nabarmendu dute behin eta berriz. «Dirua behar da. Sare sozialetan [Twitterren], bost egunean 500 jarraitzaileraino iritsi ginen, baina hortik harpidetza egitera koska garrantzitsua dago», onartu du Manterolak.

Harpidetzak izango dira diru-iturri nagusia, hala izan beharko luke, behintzat. Baina nola erakarri edukiak doan irakurtzera ohitu diren horiek, gehienbat gazteak? Euskal filologoa eta “Berria” egunkariko kazetaria den zumaiarrak ez du erantzun garbirik, «gazteek hainbeste gauza izaten dituzte-eta buruan!». «Baina kalitatea ordaindu egin behar da, hori hala da», nabarmendu da. Era berean, nerabe gehienen egunerokotasuna kirolari estuki lotuta dagoela azaldu du, eta, hori horrela, “Harmaila” gazteentzat erakargarria izan daitekeela uste du. Gainera, euskarazko edukiak izatean, gazteek egiten dituzten kiroletan euskara normalizatzeko lagungarria izango delakoan dago.

Urtean 40 euroren truke bost argitalpenak etxean jaso ditzake harpidedunak, eta badago Interneteko bertsiorako harpidetza ere: «Urtean 15 euro ordainduta PDF formatuan jaits daitezke aldizkariak». Ez dago banaka erosteko aukerarik. «Pentsatu genuen, baina horrek urteko harpidetzan eragin zuzena eta negatiboa edukiko zuela jabetu ginen, izan ere, edukien arabera erostea edo ez erostea erabakitzeko aukera izango luke irakurleak». 0. zenbakia doan eskegi zuten Interneten, paperezko bertsiorik gabe, baina 1. zenbakitik aurrera harpidedunek bakarrik irakurri ahal izango dute: «Urriaren bukaerarako jarri dugu hurrengo argitalpenaren erreferentziazko data». Bi hilabete edo bi hilabete eta erdi igaroko dira zenbaki batetik bestera, eta, «irakurlea gurekin ahantz ez dadin», unean uneko txapelketa, hitzordu edo istorioak webgunera igoko dituzte. «Aldizkariaren osagarri izango da webgunea, eta multimedia formatu ezberdinak landuko ditugu, izan bideoak, audioak...».

Harpidedunek, paperezko edizioa etxean jasotzeaz gain, bestelako abantailak izango dituztela aurreratzen du Manterolak, oraindik zehaztu ez dituzten arren. «Irakurleak ere proiektuaren parte izatea nahi dugu, eta beraiekiko hurbiltasun bat eraiki nahi dugu», adierazi du. Sare estu eta indartsu bat lortzeko asmoarekin, irailean egingo dituzten aurkezpenen berri eman du Manterolak. Hegoaldeko lau hiriburuetan, eta, Iparraldean, Baionan, egingo dituzte. 1. zenbakia ateratzeko, finantzazioaren menpe daudela baieztatu du, eta hiriburuetako aurkezpenak lagungarri izango direla uste du, harpidetzak areagotu daitezen zein publizitaterako: «Bestalde, diru laguntzak ere eskatu beharko dira». «Gu gurditik tiratzen hasi gara, baina gurdi hau edukiz bete behar da: ekonomikoak, elkarlanekoak, erakundeenak...», azaldu du Manterolak.

Berdintasuna ardatz

Gurdia “Harmaila” komunikabidea dela irudikatuz, balore ezberdinez hornitutako proiektua kaleratuko dute. Hasteko, kirol guztiek izango dute beraien txokoa harmailetan, «eta futbola beste kirol baten moduan tratatuko dugu, ez errege bezala». 0. zenbakian arraunak, herri kirolak, hockeyak, txirrindularitzak, esku pilotak eta atletismoak beraien lekua izan zuten.

Era berean, Jon Maia bertsolariari eginiko elkarrizketa nabarmendu nahi izan du Manterolak. Izan ere, bere ustetan kultur ukitua emateak aniztasun puntu bat eskain diezaioke aldizkariari: «Euskal Herrian kultura eta kirola uztartu daitezkeela uste dut. Kulturari, adibidez, ez zaizkio interesatzen maiz kirolean izaten diren istiluak, jarrera zikinak, gehiegizko lehia... Baina, aldiz, kirola beste era batera tratatuz gero, dituen balio positiboak azalera ditzakegu. Horregatik, kulturaren eta kirolaren artean, hor ezkutuan, lotura bat badagoela sinisten dut».

Kirolen arteko berdintasuna hizpide, gaurkotasunak aginduta, genero berdintasunaren ikuspegiari ere heldu dio Manterolak. «Emakumeen presentzia handia izango da ‘Harmaila’-n, unean-unean dagokion moduan», adierazi du. Dena den, onartu du gaurkotasunak zehaztuko duela aldizkari bakoitzeko gaitegia, «argitaratzen den garaiak eramaten baitzaitu batera edo bestera. Hori bai, zenbaki jakin bat gizonezkoen edo emakumezkoen alde desorekatuta egonda ere, ez da jazoko ezberdintasun handiegirik».

Gaiak erabakitzerakoan oreka kontuan izango dutela oso argi dute, «baina askotan gauzak ez dira nahi bezala ateratzen, ezezko erantzunak ere hor daude-eta». Adibide eta aurrerapen gisa, hurrengo argitalpeneko gai nagusia jadanik zehaztuta dutela iragarri du Manterolak: ‘Emakumeak kirol taldeetako aginte guneetan’.

Kirolen eta kirolarien artean genero berdintasuna garrantzitsua den legez, kazetarien zein kolaboratzaileen arteko orekak ere funtsezkoa behar luke izan: «Tamalez, emakume gutxiagok idazten dute kirolaz, nik ikusten dudan egunerokotasunean behintzat». Hala, etorkizun hurbilean emakume kirolzale, kazetari, euskaldunen presentzia areagotzeko nahia plazaratu du, izan ere, hedabidearen estreinaldian emakume bakarra izan zuten kolaboratzaile.

Balore guztiak mahai gainean jarrita, labean sartu dute benetako hasiera markatuko duen zenbakia. Espainiar Estatuko “Panenka” eta ”Libero” futbol aldizkariak eta Marti Perarnauren “Tactical Room” izan dituzte erreferente –«batez ere azken hori, kirolen aniztasunagatik eta sakontasunarengatik»–. Bada, antzeko ibilbidea edo oparoagoa izateko ilusioarekin jarri dira bidean, afizio hau ofizio bilakatzeko ametsarekin.

Proiektua sendotzeko funtsezko osagaia dirua dela aitortu dute. Harpidetzak izango dira finantzazio iturri nagusia, baina publizitatea eta erakundeen laguntza ez dituzte baztertzen

Berdintasuna lantzea izango da aldizkariko balioetako bat. Kirol guztiek izango dute lekua «Harmaila»-n eta emakumezko eta gizonezko kirolarien artean oreka ezarriko dute