Garazi Goia

Oporretarako irakurketak

Beti izan ditut iritzi ortodoxoak liburu elektronikoaren inguruan, eta, argudio oso sendoak ez ditudan kontziente izan arren, orain arte horietako bat erosteko debekua autoinposatu diot nire buruari. Liburua ukitu ahal izatea, esaldi esanguratsuak edo esamolde deigarriak azpimarratu ahal izatea, zein urtetan irakurri dudan hasierako orrietan idaztea, ohean etzanda nagoela apalean zutik ikusi ahal izatea, horiek denak aspektu garrantzitsuak dira niretzat eta balio handia daukate. Hain zuzen, gailu elektronikoaren xarma gabezia oraindik gehiago nabarmentzen dute. Liburua zure eskuetan eduki eta gordetzea, teknologiak ordezka ezina dela iruditzen zait. Horrela, liburuz beterik ditut etxeko hainbat bazter. Liburu berri bat erosten dudan bakoitzean, leku gehiago ez daukadala pentsatu arren, beti aurkitzen dut nonbait tarte bat.

Beti izan naiz salbuespenen aldekoa, baina liburuaren kasu honetan gogor egiten nion beti nire buruari. Baina, azkenean, etsi egin dut. Marie Darrieusecquen errua izan da. Bere azken liburuaren errua. Penny Huestonek egin du ingelesera itzulpena eta “Being Here: The Life of Paula Modersohn-Becker” da liburuaren izenburua. Duela hiru aste argitaratu zuen Australiako Text Publishing argitaletxeak. Marie Darrieusecquek argitaratuko ia dena irakurri dut, izan nuen bolara bat, bere lan bat bestearen atzetik irakurri nuena. “Herria” eta “Tom hil da” euskarara egindako itzulpenekin hasi nintzen, eta bere estiloa eta narrazioaren indarra deigarriak egin zitzaizkidan eta lantzen zituen gaiak interesatu zitzaizkidan. Badira bi urte azkenengoz bere lan bat irakurri nuenetik. Pasa den astean, egunkari bat irakurtzen ari nintzela, han ikusi nuen Darrieusecquen azken lanaren argazki bat, oporretarako gomendatzen zituzten liburuen sail batean.

Liburuaren azalean Paula Modershon-Beckerren autorretratu bat dago, erdi biluzik ageri da, gerritik gora arroparik gabe eta xukadera zuri bat gerriz azpikoa estaliz. Haurdun dago, zerbait misteriotsua iradokitzen duen begirada bat aurpegian eta anbarezko idunekoa lepoan. Irribarre egin nahi duela dirudi, baina erdibidean gelditzen da. Begiradak eta erdi-irribarre horrek harrapatu ninduten.

Amazonek hasierako kapitulu bat debalde eskaintzen zidan. Eta, amuari heldu nion. Tranpan erortzen zen arrain ahularen moduan. Tentazioa eta kuriositatea handiegiak ziren. Hura irakurri nuen eta bi aukera nituen: Australiatik bidaltzeko eskatu (oraindik ez da-eta iritsi Londresko liburu dendetara) edo formatu elektronikoan erosi. Bigarren tranpan erori nintzen. Ahultasun bikoitza erakutsiz. Hamar egun ez nituen itxaron nahi.

1876. urtean jaio zen pintorea Alemanian eta arte modernoko aitzindarietako bat izan zen. Hain zuzen, Modersohn-Becker izan zen biluzik zeuden autorretratuak margotzen lehenengo emakumea. Haurdun zegoela ere bere autorretratuak egin zituen, biluzik zegoela baita ere. Une hura arte, emakumeek ez zuten haien burua biluzik margotzeko ausardiarik izan. Eta, horrela, emakumeek gorputzari buruz zuten perspektiba eta ideia berriei itxura ematen hasi zen Modershon-Becker.

Bere alde artistikoa nabarmendu baino, Darrieussecquek Modersohn-Beckerren bizitza markatu zuten hainbat aspektu ditu kontagai liburuan. Senarrarekin izan zuen harremana, ia beti tentsio eta galderaz betetakoa; artistaren bakardadearen perspektiba bat; amatasuna eta artista lana biak batera uztartzeko izan zuen anbibalentzia; eta 31 urte baino ez zituela heldutako heriotza, bere alaba jaio eta handik egun batzuetara, enbolia batek jota.

Darrieusecquek, Rainer Maria Rilke poetaren zita batekin hasten du liburua: “Being here is wondrous”. Hemen egotea izugarria da. Rilke eta Modersohn-Becker lagun minak izan ziren, 24 urterekin ezagutu zuten elkar eta Modeshon-Beckerren talentuak eta izaerak erakarri zuen Rilke. Ordurako pintorea beste batekin ezkontzeko hitzemanda zegoen, ordea, eta ezin izan zuten adiskidetasuna intimitate gehiagorekin hasi. Hala ere, haien artekoa adiskidetasun ezohikoa izan zen.

1908an Rilkek “Requiem for a Friend” liburua argitaratu zuen, Modershon-Beckerri eskainia. Hau ez dut oraindik irakurri, baina berriro ere kuriositatea piztu dit. Beraz, erabaki dut zein izango den nire hurrengo irakurketa. Oraingoan, ordea, “benetako” liburua eskatu dut Amazonen. •