Izaga, Xabier
IKUSMIRA

TRISTURA, MINA, ESPERANTZA ZAPUZTUA ETA... HARROTASUNA

Tristura sakona, min zorrotza, esperantza zapuztua... Ia hogei urteko ohiko tristura erraietan itsatsia, min kronikoa zorroztua; bizitza osoan itxarondakoa etxean besarkatzeko esperantza galdua. Horixe sumatzen da Kepa del Hoyoren neskalagunaren eta semearen aurpegietan. Harrera elkartearen elastikoa du Maitek soinean. Kepak Harreraren oinarrizko laguntza jasoko zuen espetxea atzean utzitakoan, laguntza ekonomikoa edota, esate baterako, harresiaz bestalde honetako traba burokratikoei aurre egitekoa. Hala ere, Maite eta Peru izango zituen sostengu nagusi. Tristura, mina eta esperantza zapuztua. Zer bestela? Harrotasuna. Zalantzarik gabe Kepak azken arnasa eman arte izan zuen harrotasun bera: «Aukera hau toki ilun honetan bidea argitzen didaten kriseiluei nire maitasun eta esker ona helarazteko baliatu nahi dut. Eta, nola ez, kriseilu hau nire bikotekide Maite eta Peru gure semea dira, arnasa galtzen uzten ez didaten heroi handiak». Eutsi harrotasun suntsiezin horri. Xabier Izaga Gonzalez