Maddi TXINTXURRETA AGIRREGABIRIA
PIZTIAREN LORRATZA

Domaikian bizirik dirau Piztiaren mitoak: Piztia Fest ospatuko dute hilaren 26an

Izan omen zen izaki bat Domaikiako biztanleak urte luzez izutu zituena. Herriko abereak eta zenbaitetan umeak ere hiltzen zituela dio kondairak. Elezaharra bizirik mantentzeko asmoz, hamar urtez Piztiaren Ehiza eguna ospatu zuten domaikiarrek. 2014tik, Piztia Fest eguna gailendu da, eta hilaren 26an ospatuko dute aurten.

Gauez egiten zuen eraso Zuiako Domaikia herriko Piztiak, inguruko izaki anker eta beldurgarriak. Carrascal mendiko Iruratxi haitzetako leize zuloan gordetzen zen basapiztia, eta mendi horretara eramandako abereak akabatzen zituen. Inork ez baitzuen sekula ikusi, inork ez daki nolakoa zen bere itxura; adar luze kiribilduak ote zituen, letagin zorrotzak, begi gorri beldurgarriak... Batzuek uste dute, Tartaloren pare, begi bakarra zuela, beste batzuek diote erraldoia zela, Basajaunen antzera. Dragoiaren itxura ere eman zioten zenbaitzuek, eta txori erraldoiarena. Baina inoiz ez zuen inork atzeman, eta ezin baitzitzaion ezein animalia ezagunen antzik hartu, Piztia esaten zioten domaikiarrek. Hain ziren bortitzak gauez gauzatzen zituen erasoak, ezen handia eta indartsua behar baitzuen izan. Abereak ehizatzen zituen gehienetan, baina baita umeak ere, lantzean behin. Arretatsu ibili behar zuten herritarrek Piztiaren atzaparretatik ihes egin nahi bazuten; eta, horregatik, iluntzean ez zen inor hurbiltzen Carrascal inguruko parajeetara, basapiztiarekin topo egiteko beldur.

Piztia izaki mitologikoa da, bere garaian hainbat eta hainbat urduritasun eragin bazituen ere. Pentsatzekoa da ezohiko animalia baten aferak izan zirela Piztiari egotzi zitzaizkionak, baina, zer animalia? Otsoa? Hartza? Hartza izan zitekeen, orain mende batzuk ez baitzen hain arraroa animalia hori Euskal Herriko mendietan ikustea. Baina, hain zuzen ere, baliteke abere eta haurren heriotzen atzean zegoen izakia zer zen ez jakitea izatea zuiarrak eta domaikiarrak hainbeste arduratzen zituena.

Ezin asmatu zenbat urtez aritu zen ustezko harraparia Zuiako zelaietako abereak eta Iruratxira bertaratzera ausartzen ziren haurrak sarraskitzen, baina, mehatxua desagertu ostean ere, haren ospeak luze iraun zuen, eta kondaira josi zen apurka-apurka, belaunaldiz belaunaldi. Horrenbestez, izaki gaiztoa mito bilakatu zenean, jada ezin zitzaion gizakiaren indar eta metodoekin aurre egin, eta gizakien ahalmenez gaindiko estrategiak baliatu behar izan zituzten domaikiarrek: jainko eta birjinei erreguak. Horrexegatik zioten halako debozioa Domaikian Oroko amabirjinari, haien zaindariari.

Horrela, ahoz aho transmititu da Carrascaleko basapiztiaren kondaira, Domaikia eta Zuia osotik, eta oraindik ere entzun daitezke izaki misteriotsua gogorarazten duten koplak: «En Domaikia, al llegar la noche, siempre han solido temblar por miedo a que les salga la ‘Pistia’ de Carrascal [Domaikian, beti ikaraz egon izan dira Carrascaleko Piztia agertuko ote zaien beldur]». Mende ugariko historia dago Piztiaren atzean. Esaten da gaur egungo Domaikiako aitona-amonen aitona-amonak oraindik ere Piztiaz beldur zirela.

Egun, ordea, Piztiak ez du domaikiarrik izutzen, ez eta abere edota umerik akabatzen, eta herritarrek festa giroan ospatu eta gogoratzen dute Carrascaleko kondaira zaharra. Horrela, urteroko abuztuaren azkenengo larunbatean, Piztia Fest ospatzen da Arabako herrixkan. Festa horren aitzindaria da Piztiaren Ehizaren eguna, zeina 2014an ospatu zen azkenengoz.

Piztiaren ehiza

Domaikiako gaztetxoak sarritan aritzen ei ziren inguruko herrikoekin, nola Jugokoekin hala Aperregikoekin, elkarri harriak jaurtitzen. Behin, Aperregiko gazteak gailendu zitzaizkien Domaikiakoei borroka horretan, eta orduantxe galdegin omen zieten: «Aperregikoei aurre egiteko gauza ez bazarete, nola egingo diozue aurre Piztiari?».

Bada, domaikiarrak hamar urtez ausartu ziren basapiztiari aurre egitera, abuztuaren azkenengo larunbatean ospatzen zuten Piztiaren Ehiza egunean. Baina, aldiz, Piztiak behin eta berriz ihes egitea lortzen zuen. Festaren hamargarren urteurrena izan zen 2014koa, baita egin zen azkenengo aldia ere.

Urteroko abuztuko azkenengo larunbatean, Piztiak akerraren itxura hartzen zuen, adar luzeekin. Herritarren imajinarioaren sorkuntza izan zen mozorroa, zeren, aipatu bezala, inork ez daki zehatz-mehatz zer-nolako itxura zuen Piztiak. Urteroko hitzorduan, basapiztia bahitzen zuten herrikoek, ondoren bere entzierroa edo epaia gauzatzeko.

Horrelaxe azaldu du Agustin Otsoa Eribe Domaikiako alkateak: «Kanpai hotsa entzuteak esan nahi zuen herriko norbaitek piztia ikusi zuela, eta hura ehizatzera joaten ginen guztiok. Piztia bere leize zuloan harrapatzen genuen, eta, ondoren, gurdi batean sartu eta bere entzierrora eramaten genuen». Ibilbide guztia musika, dantza eta antzerkiz lagunduta egiten zuten, gauez, jantzi folklorikoak soinean eta argi-zuziak eskuan hartuta. «Eta ospakizunaren erdian, Piztiak alde egiten zuen, hurrengo urtean domaikiarrak berriro ere bere bila ateratzeko», kontatu du Otsoa Eribek. Eta, beraz, hurrengo urtean festarekin jarraitzeko.

Entzierroak iraun bitartean, antzerkiaren bidez, beste kondaira eta izaki mitologiko batzuen kontakizunak ere egiten zituzten; besteak beste, Altubeko Amarena, Ojankorena edota Ansorena. Otsoa Eribek azaldu du jada ez dutela Piztiaren Ehiza eguna ospatzen arrazoi birengatik: bata, ez zutelako ikusten festa «berritzeko» aukerarik, eta, bestalde, «bateria agortu» zitzaielako.

Piztia Fest, abuztuaren 26an

«Bateria agortuta» ere, herriko alkateak nabarmendu duenez, «Domaikia eta Piztia beti lotuta egon dira», eta legendak bizirik darrai egun ere Piztia Festi esker.

Abuztuaren 26an ospatuko da aurtengo Piztia Fest, Domaikian bertan. Ez da gauzatuko Piztiaren entzierroaren antzezpenik, baina egun osoko festa egingo dute horren ordez, izaki mitologiko bitxiaren omenez.

Hilaren 19an izango da Domaikiako jaien hasiera emango duen txupinazoa. Egun berean, herri afaria egingo da, eta, gauean, festa giroa nagusituko da dantzaldiarekin.

Abuztuaren 24an Bartolome Deunaren eguna izango da. Eguerdiko hamabietako meza santuaren ondoren Koartangoko koruak kantaldia eskainiko du. Baina festak egiaz hilaren 26an, larunbatean, egingo du eztanda, Piztia Fest egunean.

Domaikiarrek gogoz hartuko dute eguna, programazioa tentatzailea baita. Jaialdia Errotako zelaian ospatuko da, Piztiaren gordelekuaren atarian. Poteoarekin hasiko dute Piztia Fest, eta herri bazkaria egingo dute gero, bertsolariekin batera. Arratsaldeko bostetan garagardo artisauaren azoka hasiko da eta gaueko hamabiak arte egongo da garagardo desberdinak dastatzeko aukera. Arratsaldeko seietan, ahozabalik geratuko dira Josu Magoa herriko mago gaztearen emanaldira gerturatuko direnak.

Gau partean animatuko da giroa, bederatzietan, Dantza Plazarekin, eta, hamaiketatik aurrera, kontzertuak hasiko dira. Aurtengoan, hiru talde igoko dira Errotako taulara: Maddi bakarlari ataundarra, Gora Herria rock musika taldea eta Ziribulio Sound System, Glaukoma talde tolosarreko bi kidek eta beste lagun batek osatzen duten taldea, hip hop eta rap erritmoak Domaikiara eramango dituena. Festa giroak ez du kale egingo, beraz, Piztia Fest egunean.

Beñat Otsoa Eribe Piztia Festen antolatzaileetako batek dio «lauzpabost» lagunen artean antolatzen dutela jaialdia. Goizalde arte geratu nahi dutenentzat kanpinean lo egiteko aukera egongo da, hori bai, Otsoa Eribek ohartarazi du hobe dela linterna eramatea, argi gutxi baitago mendian. Antolatzaileak Domaikiara hurbiltzeko gonbitea egin du, «giro ikaragarria» eta «zerbeza mota pila bat dastatzeko aukera» egongo dela esanez.