2017/08/12

Ramon Sola
«Donostia, welcome to no-country»

Estrategia turistikoaren ikuspuntutik ere, okerra da EAJren apustua: kanoikada baino interesgarriago egingo zaio gaur bisitari askori milaka euskal herritar Kataluniaren alde Donostian manifestatzen ikustea

Maiatz aldera-edo, udaberriak Donostian bere dirdira guztia agertzen duen eguerdi goxo batean, Kontxako pasealekuan bi gazte geraturik zituzten udaltzainek eta ertzainek. Gaixorik den Jagoba Codo preso donostiarraren afixak paratzen ari ziren “marco incomparable”-ko faroletan. Mozal Legea ezarriko zietela sumatzen dut eta kartel horiek guztiak handik di-da batean desagertu zirela ziurtatzeko moduan naiz. Donostiako beste toki diskretuagoetan, aldiz, luze iraun dute afixa berdinek. Bistan da Kontxako badiako balkoi nagusi hori, Euskal Herrian udatiarrek gehien zapaldutako txokoa seguruenik, txukun-txukun, garden... eta mutu nahi dutela agintariek.

Aldarrikapen politiko zehatz hori ez dutelako gustuko jokatzen dutela horrela pentsa liteke, baina haratago doa asmoa. Euskal ikurrik edo adierazpenik nekez, oso nekez, aurki daiteke Donostiako erdialdean. Ikurrina handi-handia eskegia izan ohi du EAJk hiriko egoitza nagusian, hantxe Ibaeta eta Aiete arteko goialdean, ia inoren bistan, baina nire buruari galdetzen diot eraikin hori hiri erdian izanez gero tamaina horretan ikusgai jarriko ote zuten. Den bezalakoa baino (euskal hiria alegia), Donostia munduko toki eder baina arrunt, orokor, nortasunik gabeko agertu nahi diote bisitariari. Beste azalpenik ezean, espainiar bisitariari bereziki agertokia erosoa eta samurra egin nahi diotela ondorioztatu beharko da.

Urte askoan, gure Hegoaldeko talaia ustez moralki nagusiagotik, Ipar Euskal Herrian turismoa erakartzeko erabili ohi diren ikurrina, lauburu, dantzari eta abarrak zertxobait mespretxagarri egin zaizkigu, adierazpen folkloriko huts zirelakoan, ez politikoak. Orain Donostian eta beste hainbat tokitan ikusten dugunez, ez zentzu politikoan ez eta folklorikoan ere: ez ikurrinik, ez laubururik, eta dantzari gutxi. Euskal hizkuntza eta ikurrekiko UPNk nolabaiteko “autofobia” landu baldin badu, EAJk eta PSEk “autoahanztura”-ren bidea hartu dute.

Esanahi politika alde batera utzirik, estrategia turistikoaren ikuspuntutik –errentagarritasun ekonomiaren parametroetatik alegia– zalantzazkoa da apustu hori. Euskal Herriak badu izen bat munduan, bada erreferentzia bat, inperio izandako bi estatu handiren artean biziraun duen herri txiki batena hain zuzen ere. Milioika mendebaldarrok Karibe aldera joan nahi izan dugunean Dominikar Errepublikaren aurretik Kuba aukeratu dugun bezalaxe –bertan eguraldiaz gozatzeaz gain politiko zein sozialki esperientzia aberasgarriagoa izango genuelakoan–, segurua da kanpotar askorentzat Asturias edota Alacanteren gainetik Euskal Herriak plus hori eskaintzen duela. Hemengo agintariek, ordea, Donostia Benidormen pare nahiago luketela bistan da. Negargarria izan da 2016ko Europako Kultur Hiriburuaren jarduerak erakutsi duen autobazterketa hori: munduan zehar izan diren eta diren konponbide prozesuez hitz egitean hemengoaren garrantzia gutxitu da, bake akordioak erakusketa batean biltzean nor eta espainiar erregea! ekarri dute inauguraziora, euskal presoek ezin dutela beren artelanik erakutsi erabaki dute... Kontua ez da jada postalezko Donostia erakusten dutela, inortxok ere ezagutzen ez duen Donostia bat asmatzen ari direla baizik.

Hautsa harrotu duen turismo ereduaren inguruko pil-pileko eztabaida honetan, jakina da jendearen gaineko zenbait ondorio oso kaltegarrirengan jarri behar dela nagusiki arreta: alokairuzko etxebizitzen garestitzea, udaldiko lanpostuen prekarizazio ikaragarria… Baina herri honen despertsonalizazio interesatua ere bertan da, nabarmen, ereduaren ondorio kolaterala baino gehiago delako: diru hots hutsak bidea markatzen duen seinale.

Bitartean, seguru egon gaur bisitari askok Aste Nagusiko kanoikada baino askoz interesgarriagotzat joko duela euskal herritarrak Kataluniako prozesuaren alde Donostian barrena mobilizatzen ikustea, aurreko igandean –lekuko naiz– presoen senideen hondartzetako aldarrikapena ezagutzea aberasgarri egin zitzaien bezalaxe. •