2017/08/12

Erreportajea
 
Euskal Herriko Itzulia, 1926an
Juantxo EGAÑA
Pd22_behatxulotik

1926ko abuztuaren 4tik 7ra bitartean III. Euskal Herriko Itzulia egin zen. Txirrindulariek 746 kilometro egin zituzten lau egunean. Lehenengo etapa Bilbo eta Gasteiz artekoa izan zen; bigarrena, Gasteiz eta Iruñea artekoa; hirugarrena, Iruñea, Baiona eta Donostia artekoa, eta, azkena, Donostiatik Getxorainokoa. Ricardo Martinen argazkia hirugarren etaparen amaieran egina da, Kursaal Itsas Kasino Handiaren aurrean, eta bertan txirrindulari talde bat ageri da, tartean sailkapen nagusiko lehena, Ottavio Bottecchia italiarra (laugarrena eskuinetik hasita), 1924an eta 1925ean Tourreko irabazle izandakoa. Sasoiko hedabideek etapa haren berri eman zuten, 1926ko abuztuaren 6 hartan 24 «routier»-ak goizeko zazpietan giro onean Iruñeko Gaztelu Plazatik abiatu zirela kontatuz. 11:45ean Mauletik igaro zen lasterketa, eta, Uztaritzen, txirrindulariak anoa-postuan geratu zirenean, Julien Delbecque belgikarrak ihes egin zuen, Donostiako helmugara bakarrik iritsi arte.