Maria Gonzalez Gorosarri - @albistetan
EHUko irakaslea

Gure beltzak

Mugimendu sozialek ikuspegi interrazista barneratzeko gero eta ahalegin handiagoak egiten dituzte. Beltzekiko sentiberatasuna garatu ei dugu: geurera etorritako zenbait beltz (Lea-Artibain, adibidez) euskaraz bizi direla goraipatuz:

• “Gazte etorkinek euskaraz egiten dute Berritxun” (“Herri txiki, infernu handi”, ETB1, 2015/02/13).

• “Etorkinak eta euskara” (“Tribuaren berbak”, ETB1).

• “Marwane Azergui, Batxilergoa euskaraz atera duen lehen ikasle marokoarra” (GAUR8, 2014/ 06/ 28).

• “Haur eta gazte etorkinak euskara ikasten” (“Diario Vasco”, 2010/ 07/ 29).

• “Guraso eta etorkinek euskara ikasi ahalko dute Bermeon” (“Deia”, 2016/09/13).

• “Ondarroan ondarrutarrez, baita etorkinak ere” (2015/12/01).

Etorkinez gabiltzanean, Ameriketako eta Afrikako herritarrez gabiltza. “Iheslari” berba atzean geratu dela, etorkinei “errefuxiatu ekonomiko” ere esatea badago. Zorionez, badira Espainiako etorkinak euskal herritartzat hartzeko artikuluak ere:

• “Etorkinak, noiz arte etorkin?” (“Gipuzkoako Hitza”, 2017/ 02/ 03).

Hala ere, gure ikonografian beltzak irudikatzen ahalegintzen hasi gara. Esklaboen bizitza saltzen dirurik egin ez genuenok ez daukagu inor belztu izanaren kontzientzia, nahiz eta beltzak gaitzesten dituzten esamoldeak erabili: “beltzean kobratu”, adibidez. Ingelesez, ordea, ghostwriter esaten diote beste baten izenean idazten duenari, “beltz” esan beharrean.

Gurean, baina, beltzak ez dira Ameriketara bidalitako esklaboen oinordekoak. Beltzak irudikatzea, hortaz, irudi globalizatua da, AEBetatik esportatua. Euskal Herrian historikoki txirotasunera baztertu dugun arraza ijitoena da. AEBetako beltzen antzera, gure espetxeetan batez ere ijitoak daude, jendartean daukaten populazio-kopuruarekin proportzionala ez den datua izanik. Euskal Herrian egoera ekonomikorik kaxkarrena ijitoek pairatzen dute, muturreraino:

• “Lau pertsona hil dira Bilbon, Zorrotza auzoko eraikin batek su hartu ostean” (Eitb.eus, 2017/ 05/ 27).

• “Bilbao llora por una ‘tragedia anunciada’ en un barrio olvidado por las instituciones” (“Público”, 2017/ 05/ 27).

• “Marcha de duelo en Zorrotza por las víctimas del incendio” (GARA, 2017/06/ 01).

• “El Ayuntamiento desvincula el incendio de Zorroza del estado del edificio” (“El Mundo”, 2017/ 06/ 05).

• “La familia de los fallecidos en el incendio de Zorroza acusará al Ayuntamiento de negligencia” (Cadena Ser, 2017/ 06/ 05).

• “Zorrotzako sutea: Jabeek eraistearen zati bat ordaindu beharko dute” (Eitb.eus, 2017/ 07/ 04).

AGIFUGI (Asociación Gitana por el Futuro de Gipuzkoa) elkarteak sutearen testuinguru soziologikoa zehaztu zuen: «Queremos destacar que estos fatales hechos no son fruto de la casualidad (…). Una catástrofe como ésta podría haberse evitado si en su momento se hubiera hecho caso a las denuncias vecinales y se hubiesen puesto en marcha las medidas adecuadas en el edificio y en el barrio (...). Estos hechos se derivan de las políticas actuales de vivienda desarrolladas por las distintas administraciones, que no están protegiendo el derecho a una vivienda digna, especialmente si se trata de personas gitanas». Ez dut AGIFUGI elkartearen prentsa-oharraren arrastorik albiste bakar batean ere ikusi.

Alderantziz, gure telebista publikoan ijitoak ezjakin gisa ikustean barre egiten dugu. EiTBk saio erabat arrazista dauka: “Nekane Amaya, la gitana abertzale”. Arrazista esan arren, bazterkeria hori klase ikuspegia baino ez da. Bere alaba txonia da, ez ijitoa delako, baztertuaren ikurrak dituelako baizik: bizitza sexual aktiboa, txiroen janzkera, diskotekeroen hizkera. Nekane Amayaren saioak gure jendartearen aurreiritzi arrazista guztiak telebistara eraman ditu: iruzur egitea, txarto hitz egitea, ijitoen moduan bizitzea, ospitaleak ijitoekin betetzea, eta abar. Errazegia da Zorrotza, Sestao, Bilboko Ollerías, Otxarkoaga edo Bilbo Zahar auzoetako bizilagunei arrazista esatea. Bilboko Paseo Volantín pasealekuan, hortaz, arrazistarik ez dagoela esatera helduko ginateke. Alderantziz, horiek ez dute txirotasunaren arriskurik inoiz usaindu. Arrazismoa zapalduek txiroagoak zapaltzeko ideologia baino ez da. •