2017/08/12

Koldo Sagasti
Jaia bakean izan dezagun

Amaituak dira jada aurtengo Gasteizko jaiak eta, urtero legez, balorazioak egiteko tenorean, udal ordezkariek festak bake giroan ospatu direla azpimarratu dute harro. Eta baieztapena ez da guztiz egia. Bortizkeria izan izan da, kontua da biolentzia horrek, akaso alde bakarrekoa izateagatik, ez duela aipamenik merezi izan jai osteko udal balantzean. Aurtengo jaietan ere errepikatuaren errepikatuaz tradizio bilakatzeko bidean dauden indar polizialen hainbat gehiegikeriaren lekuko izan gara. Abuztuaren 6an, urtero moduan, Ertzaintza oldarka sartu zen txosna gunean kartzelan izateagatik festetan parte hartu ezin duten auzokideen argazkiak bahitzera. Horrez gain, arrazakeriaren aurkako taldeek salatu dutenez, kaleko jantzitako poliziak saltzaile ibiltariei jazartzen ibili dira nonahi, eta kale-saltzaileen atxiloketa baten lekuko izan ziren oinezkoei sakelako telefonoak bortxaz konfiskatu zizkieten. Beste testigantza baten arabera, patruila-autotik jaitsi eta jipoi ederra eman zieten gazte mozkor batzuei uniformedun batzuek, ustez, pasatzean komentario iraingarriren bat egin zietelako. Erasoaren lekukoen protestengatik ihes atera behar izan zuten poliziek.

Jaia jai denetik anarkiarako esparrua izan da beti, arauak haustekoa, baina horrek ez du esan nahi jaiaren aitzakian denak balio duenik, are gutxiago lasaikeria hori oinarrizko eskubideak zapaltzeko baliatzen denean, eta are gutxiago eskubide urratzaileak indar polizialak direnean. Zentzu horretan zer ikasi handia daukagu mugimendu feministatik. Haiek ederki asmatu dute festa esparruetako indarkeria matxista ikusarazten, eta jai giroaren babesean gertatzen diren emakumeen aurkako gehiegikeriei zilegitasuna kentzen. Herri harresi sendo bat eraiki dute jai eremuetan bortizkeriaren aurrean. Akaso berdin jokatu beharko genuke jaiaren aitzakian gertatzen diren beste eskubide urraketa batzuekin; jaia, benetan, bakean izan dezagun. •