2017/08/12

MirzaDinnayi
Yezidien ahotsa

Yezidien defendatzaile sutsua dugu eta Estatu Islamikoaren genozidioak 4.000 urte dituen gutxiengo kurduaren geroakolokan jarri duela ohartarazi du.

«Nazioarteak babestu ezean, yezidiak 20 urtean desagertuko dira milaka urteko historia eta gero»
Marta Rullan I EFE
0810_mun_jezidiak1

Kristo aurretik 2.000 urtez atzera egiterik bagenu Kurdistango lurretan aurkituko genituzkeen yezidiek ez dute beste 20 urte iraungo baldin eta «munduak babesten ez baditu», Mirza Dinnayi adituak ohartarazi duenez. Izan ere, historia aurreko erlijio zoroastriko eta sinkretikoa praktikatzen duen gutxiengo kurduaren defendatzaile sutsua beldur da yezidiek beste masakre bat ez ote duten pairatuko edozein unetan.

«4.000 urteko gure historia luzean jada 73 genozidio pairatu ditugu eta berriro gertatu da» deitoratu du Dinnayik. «Ez Irakeko Gobernuak ez gainontzeko aldeek ez dituzte gure eskaerak kontuan hartzen eta nazioartearen babesik gabe gure etorkizuna iluna da», azaldu du Irak Aire Zubia gobernuz kanpoko erakundearen sortzaileak. Irakeko Kurdistango Gobernuarentzat aholkularitza lana egiten duen aditua yezidien abokatu gisa ere aritzen da.

Argi geratu denez, Mosul hiria askatzeko Estatu Islamikoaren aurka borrokan aritu diren indarrek ez dute inolaz ere yezidien oraina eta etorkizuna kontuan hartu. Izan ere, hiru urte igaro dira dagoeneko Estatu Islamikoak yezidien aurkako sarraskia abiatu zuenetik Sinjar eskualdean, eta oraindik ere «3.400 emakume eta haurrek esklabo izaten jarraitzen dute jihadisten esku. Inork ez daki non dauden». «Inortxo ere ez da arduratu yezidien patuaz. Mingarria da oso Mosuleko setioa amaitu eta soilik 40 bat yezidi askatu izana», salatu du Dinnayik Efe agentzia espainolari emandako elkarrizketan.

Sinjar gotorleku historikoa

2014ko abuztuaren 3an, jihadistek 5.000 gizonezko inguru erail eta 7.000 emakume eta haur bahitu zituzten Sinjar yezidien gotorleku historikoan. Estatu Islamikoak azken mendeotan yezidien babesleku izandako Sinjar guztiz suntsitu zuen. 200.000 lagunek ihes egin behar izan zuten, eta milaka pertsona egarriak eta goseak jota hil ziren hainbat astez jihadisten setioa pairatu ostean –kopurua ez dago batere argi–. Sinjar mendian babestu ziren yezidiak erasoetatik, baina ez zuten jatekorik eta edatekorik eta 50 graduko tenperaturei aurre egin ezinik hildako haurren gorpuen irudiek mundu guztiko ikusleak hunkitu zituen. Hala ere, «inork ez du ezer egin guri laguntzeko», salatu du ekintzaileak.

Genozidio hark, horrela izendatu du Nazio Batuen Erakundeak berak, Iraken bizi ziren yezidiak, 400.000 inguru, ihes egitera behartu zituen. Egun, nola edo hala “bizi” dira Kurdistango, Turkiako eta Greziako errefuxiatu eremuetan.

Esklaboen merkatua

Egia da Estatu Islamikoak Iraken eta Sirian sortu zuen kalifa herria gero eta ahulago dagoela mundu osotik heldutako indar militarren aurka jasandako porroten eraginez. Aldiz, yezidien egoerak ez du hobera egin. «Jihadistek martxan jarritako esklaboen merkatuak bere horretan jarraitzen du, gure herriaren sufrimenduak bezalaxe», gogor salatu du Dinnayik. «Setiopean zeudenean, jihadistek bahitutakoak Mosuletik atera eta Raqara eraman zituzten, kalifa herriaren Siriako hiriburura, eta bertan jarraitzen dute ehunka emakume eta haurrek».

Sortu zenetik, Irak Aire Zubia erakundeak 1.100 emakume eta haur yazidi Alemaniara bidaltzea lortu du, bertan tratamendu mediku eta psikologikoa jaso dezaten. Baina Dinnayi kexu da instituzio gutxi batzuek baino ez dietelako lagundu, tartean Baden-Württemberg Alemaniako estatu federalak. «Nazioarteak ez du gauza handirik egin, azken hiru urteetan behin eta berriz deialdiak egin ditugun arren», gaineratu du negar malkotan Dinnayik. Emakume eta neskek pairatzen dituzten gehiegikeria izugarriak gogoratu eta jihadistek mutilak atentatuak egitera bultzatzen dituztela ere salatu du. Horretarako, nortzuk diren eta nondik datozen ahaztera behartzen dituzte.

Itzuliko al dira yezidiak Sinjarrera, Niniveko lautadara, Mesopotamiaren eta Asiriar Inperioaren sorreraren lekuko izan zen lurraldera? Aditu honek argi ditu mendeetan zehar beste gutxiengoekin bakean bizi izan den herriak bere jaioterrira bueltatu ahal izateko bete beharreko gutxieneko baldintzak: «nazioartearen babesa, berreraikuntza prozesu integrala eta bakea garatu eta sendotzea».

«Yezidien %80k ez dute inolaz ere itzuli nahi, errefuxiatu eremuetan bizi baldintzak negargarriak badira ere. Ez dute konfiantzarik Irakeko Kurdistango Gobernuarengan», ohartarazi du Dinnayik. Ez da harritzekoa: eskualdeko segurtasunaren ardura zuten pexmergek ihes egin zuten Estatu Islamikoak eraso egin zuenean eta yezidiak jihadisten esku utzi zituzten. Iparraldeko kurduen gerrillak, PKK-k, egin zien aurre jihadistei, hildako eta bahitutakoen kopurua gutxitzea lortuz.

Dinnayik 2007an sortu zuen Irak Aire Zubia. Helburua atentatu izugarri baten ondoren umezurtz geratutako haurrei laguntza eskaintzea zen: 400 yezidi hil ziren Irakeko historian izandako atentaturik odoltsuenean. Orduko Al-Qaedak, Estatu Islamikoaren aitzindaria, hartu zuen bere gain atentatua. Lehergailuz gainezka zeuden hiru kamioi eztandarazi zituen. «100 bat neska-mutili lagundu genien atentatuaren ostean, baina, Estatu Islamikoaren genozidioaren ondoren, yezidiei laguntzera bideratu genuen gure lana». Egun, hamalau pertsonak egiten dute lan gobernuz kanpoko erakundean, eta Alemania, Israel eta Italiako hainbat unibertsitaterekin elkarlanean ari dira.

Omenaldia

Joan den astean bertan, Irakeko eta munduko hainbat ordezkari bildu ziren Bagdaden yezidien aurkako genozidioaren hirugarren urteurrena gogoratzeko. Fuad Masum Irakeko presidente eta politikari kurduak zuzendu zuen ekitaldia, eta bertan izan zen Nadia Murad gazte yezidia, 2016an Europar Batasunaren Sajarov saria jaso zuena. Estatu Islamikoko kideek bahitu eta sexu-esklabo bezala erabili zuten ihes egin zuen arte. Nazio Batuen Erakundeak ohorezko enbaxadore izendatu zuen, eta gertatutakoa ikertzeko batzorde bat eratu zuen. Batzordeak dei egin berri dio egunotan nazioarteari gertatutakoa genozidio bat izan zela onartu eta erantzuleak epaileen aurrera eraman ditzan. Bagdadeko ekitaldia antolatu zuen Yazda elkartasuneko erakundeak lotsagarritzat jo du oraindik Estatu Islamikoaren arduradun bakar bat bera ere Hagako Auzitegiaren akusatuen aulkian eseri ez izana.

Irakeko Kurdistango Gobernuak ekitaldian emandako datuen arabera, 3.325 lagunek Estatu Islamikoaren eskuetan jarraitzen dute. 4.038 yezidi erail zituzten jihadistek eta gehienak 43 hilobi komunetan lurperatu zituzten, Yezidien Auzietarako bulegoko arduradunak, Idan Sheij Kalok, azaldu zuenez. Muradek, bere aldetik, dei egin zion Irakeko Gobernuari herrialdeko komunitate eta gutxiengo guztiak, yezidiak barne, bere barnean onar ditzan.

Eguzkiari otoi

Yezidiena munduko erlijioen artean zaharrenetarikoa dugu, eta antzinako Persiako zoroastrismoan du oinarria. Euren sinismenen artean Melek Taus aingerua adoratzea dago. Erlijio monoteistentzat, kristautasuna eta islama tartean, aingeru hori deabrua da. Bada, jazarpen handia pairatu dute aitzaki horrekin yezidiek historikoki. «Integrismo islamikoak jomugan jarri gaitu», salatzen du behin eta berriro Dinnayik. «Edozein momentutan beste genozidio bat paira dezakegu», gaineratzen du kezkatuta.

Kaloren esanetan, Estatu Islamikoak yezidiek Eguzkiari otoi egiteko erabiltzen zituzten 68 tenplu suntsitu ditu. Ez dirudi, ordea, yezidien patuak inori axola dionik, ez nazioartean, ezta Irakeko Gobernuaren baitan ere. Horrela bada, 4.000 urteko historia oparoa hogei urtean, ziztu bizian, desager daiteke. Eta hori ez litzateke soilik Estatu Islamikoaren edota jihadisten erantzukizuna, guztiona baizik.

 

«Egunero bortxatzen gintuzten»

Duela hiru urte, Yamila gazteak 14 urte baino ez zituen. Sinjar eskualdean bahitu zuten jihadistek, eta, lau hilabetez, ihes egitea lortu zuen arte, egunero bortxatu zuten. Egun infernu berbera sufritu duten beste emakume batzuei laguntzen die, bizitzen jarraitzera animatuz. «Baina, aurretik, gertatukoa nolabait onartu edo barneratu egin behar da. Nik lortu dut beste emakume bortxatuekin hitz egiten, batak besteari bizitzeak merezi duela esanez», azaldu du Yamilak. «Ihes egin nuenean, nire buruaz beste egiteko gogoa izaten nuen sarri. Baina bizitzak aurrera egin behar du beti, eta, hori egingo banu, ezingo nuke ezer egin ez nire alde ez yezidien alde ere», nabarmendu du gazteak Kurdistango Gobernuaren Yezidien Auzietarako bulegoan, Dohuk hirian. Bertan bere antzeko egoerak bizi izan dituzten neskak ezagutu ditu.

Yamilaren kontakizuna 2014ko abuztuaren 3an hasten da. Lo zela, jihadistek bere etxeari eraso egin eta familia osoa eraman zuten. Gizonak baztertu ondoren, neska «gazte eta lirainak» euren amengandik baztertu zituzten. «Nire amak negar egin zuen, oihu egin zien jihadistei bere alabak ez zituela beraien eskuetan utziko esanez. Baina jihadistek fedegabeak ginela esaten zuten, eta musulman bihurtu behar genuela paradisuan sartzeko. Nire amari ostikoak eman zizkioten konortea galdu zuen arte, eta, gero, Mosulera eraman gintuzten, Galagsy izeneko egoitza batera. Bertan hogei egun eman genituen». Ostean, Estatu Islamikoaren «emirrak» heldu ziren, eta, gogoratu duenez, bati neska bat gustatzen zitzaionean pala batekin jo eta eraman egiten zuen.

Yamilaren, bere ahizparen eta beste 73 neskaren patua «Sinjarko emirraren» harema osatzea izan zen. Jihadisten buruzagiak bere agindupean zeuden milizianoen artean banatu zituen gehienak, lau beretzat aukeratu ondoren, tartean bi ahizpok. 50-60 urte bitarteko «emirrak» Al Buseifera eraman zituen, Mosul hegoaldera. Bertan lau hilabete egin zituzten. Egunero bortxatzen zituen. Yamilak ez du sekula ahaztuko nola lotu zizkion eskuak eta besoak sofa batera, bortxatu eta ostean bere bizkartzainen esku uzteko. Honakoa esaten zion: «Hau normala da, denok anaia-arrebak gara!».

«Emirraren etxean» lau neskok jihadistentzat otorduak egiten zituzten, etxea eta odolez zikindutako arropak garbitzeaz gain. Azazkalak ere mozten zizkieten jihadistei. «Beraien neskameak ginen», laburbildu du Yamilak.

Egun baten, 2014ko azaroan, jihadistek neskak Siriako beste kide batzuei saltzea erabaki zuten, eurekin «aspertuta» zeudela-eta. Jihadista bat baino ez zen geratu etxean eta besteak tratua ixtera joan ziren. Egoera baliatuz, telefonoa lapurtu zioten, senitartekoei deitu zieten eta etxearen atzealdetik ihes egin zuten. Bidean jihadista talde batek ikusi zituen, baina orduan senitartekoak iritsi eta liskarraren erdian ihes egitea lortu zuten, lehenik Arbilera, Hego Kurdistango hiriburura, eta, azkenik, Dohukera. Azken herri horretan jaso zuen Yamilak laguntza psikologikoa. Ostean, Nagam gobernuz kanpoko erakundean lanean hasi zen. Bortxatutako emakumeei bisita egiten zien, «niri gauza berdina egin zidatela kontatu» eta bizitzen jarraitzera animatzen zituen.

Yezidien Auzietarako bulegoaren datuen arabera, 1.102 neska eta emakumek lortu dute ihes egitea, baina beste 1.597k yihadisten esku jarraitzen dute, tartean Yamilaren beste ahizpa batek (bere aitak desagertuta jarraitzen du). Dohukeko errefuxiatuen eremuan milaka yezidi bizi dira egun, eta Yamila giza laguntza banatzen ere aritzen da bertan. Bere ama zaintzea ahaztu gabe, honek ere bost hilabete geroago jihadisten eskuetatik ihes egitea lortu baitzuen.

«Inortxo ere ez da arduratu yezidion patuaz. Mingarria da oso Mosuleko setioa amaitu eta 40 yezidi soilik askatu izana»«Estatu Islamikoko jihadistek martxan jarri zuten esklaboen merkatuak bere horretan jarraitzen du, gure herriaren sufrimenduak bezalaxe. Errefuxiatu eremuetan dauden yezidiek ez dute etxera itzultzerik nahi. Beldur dira»