2017/08/12

Unai Fernandez de Betoño
Arkitektoa
NEXTgozioa

Ia oharkabean pasa da Bilboko Udalak 2010 eta 2014 artean milioi eta erdi euro batzen dituzten hogeitaka hirigintza-kontratu esleitu izana Fundación Metrópoli delakoari, lehiaketa publikorik gabe. Isiltasun informatiboa ez da hain harrigarria, egia esan, fundazio horren burua Alfonso Vegara hirigilea dela jakinda. Eta ez soilik Ana Gorroño EAJko diputatu ohiaren senarra delako (oso harira datorren lotura da, Gorroño elkarte horretako presidenteorde ere badelako), baizik eta haren eragin ideologikoa ikaragarria izan delako azken hogei urteotako Bilboko eta are Euskal Autonomia Erkidego osoko hiri eta lurralde eredu ofizialaren eraikuntzan. Esaterako, Eusko Jaurlaritzaren lurralde antolamendua gidatu duen “Euskal Hiria” izeneko proiektuaren aita pontekoa da Vegara, berak idatzi baitzituen oraindik indarrean diren 1997ko Lurraldea Antolatzeko Gidalerroak.

EH Bildu Bilboren salaketari esker, Lehiaren Euskal Agintaritzak txosten latza argitaratu zuen iragan maiatzaren 30ean. Bertan, datu eta zifra ugarirekin erakusten da esandako elkarteak gutxi duela fundaziotik, bere jarduerak merkataritza-izaerakoak direlako (Iñaki Urdangarinen Noos institutuarekin elkarlanean aritzera ere iritsi zen 2006an). Bilboko Udalak hitzarmentzat eta BEZik gabeko donaziotzat uler daitezkeenak erabat perbertitu dituela ere erakusten da, gardentasun-oinarri gutxienekoak bortxatuz, gainera. Hori guztia, Promobisa, Bilbao NEXT eta Bilbao Ekintza udal sozietate publikoetatik burutu da, Andoni Aldekoa kazetaria gidari (EAJko azken urteotako ideologo garrantzitsua, Azkunaren zein Urkulluren aholkulari nagusia izan dena).

«Diru asko dago munduan, eta hura erakartzeko proiektuak behar dira», disimulurik gabe aitortu zuen Vegarak 2012an. Ideologia kapitalista batean zilegi ei den asmo zinikoa, jakina, baina koherentea izanez gero sistema kapitalistaren konpetentzia librearen arauak jarraitu beharko lituzkeena, instituzio eta diru publikoez baliatu ordez. Diru-gosea ulergarria da, baina ez dugu zertan denon artean ordaindu, EAJk ahalbidetu moduan, Bilboren «hiri-lidergoa» sendotzen saiatzeko. Zeren eta gero EAJk nahieran maneiaturiko EITBko albistegietan naturaltasun guztiz salduko digute Bilbo Shanghaiko 2010eko nazioarteko ez-dakit-zer-erakusketan egon dela, edo Singapurreko Lee Kuan Yew World City Prize delakoaren lehen edizioko saria jaso duela Bizkaiko hiriburuak (hara zer kasualitatea Vegara Singapurrek Madrilen duen kontsula izatea), edo 2014ko World Design Capital delako lehiaketan finalista izan dela, edo 2014ko Singapurreko World Cities Summit foroan izan dela (kontxo, berriz ere Singapur), nahita ahaztuta «lorpen» horiek guztiak ez direla lehia garbian lortutakoak, baizik eta poltsiko publikotik ordaindutakoak.

«Euskadiko eredua ez da Espainiakoa; ezberdina da» ziurtatu berri du Urtaran EAJko Gasteizko alkateak, turismoaren gaineko eztabaida lokaztuan, kasu honekiko amnesia kezkagarria azalduz, Bilbao NEXTen helburu nagusietakoa turismoa erakartzea baitzen. EAEko eredua Espainiakoa ez bada, zertara dator hogeitaka kontratu nahierara ematea Alacanteko izar-hirigilearia, zeinak, Aitziber Ibaibarriaga Bilboko zinegotziak ederki salatu bezala, berdin-berdina egin duen Bilbon zein Coruñan, bietan majo kobratuz? Ezetz asmatu nola deituko den etorkizuneko Coruña, Vegararen arabera: bai, Coruña NEXT.

Gidalerro berrietan ere, aldaketak egon arren, Vegarak 2012an landutako “Euskal Hiria NET” agiriko hizkuntza arranditsu, eufemistiko eta hutsala erabiltzen jarraitzen ari da Jaurlaritza (berrikuntza-ekosistemak, eraldaketa-ardatzak, bikaintasun-espazioak, ezagutza-nodoak, lurralde adimentsuak, metropoli-ekobulebarrak), akaso konturatu gabe aditu bera berdin-berdina proposatzen ari dela munduko hainbat eskualdetan (Patagonia, Murtzia, Casablanca, Bucaramanga...). Lurralde guztiak berdinak balira bezala: NEXTgozioa. •