Laura Mintegi

Zesarren emaztea

Zesarren emazteaz esaten zen ez zela nahikoa ondradua izatea, baizik eta ondradu itxura ere agertu behar zuela. Izateaz gain, irudikatu ere egin behar zuen. Azken garaian inpresioa dut teoria bide batetik doala eta praxia beste bide batetik ezker abertzalearen inguruan. Azken adibidea sortu da Kepa del Hoyoren aldeko omenaldien harira. Lehenik eta behin besarkadarik sentituena igorri nahi diet Maiteri eta Peruri, eta esan beraien mina konpartitzen dudala, gogorra izan behar baita ezustean eta agurtzeko aukerarik gabe galtzea gehien maite duzuna.

Baina aitortu behar dut harritu nautela omenaldi “ofizialetan” erabili diren estetikak eta antigoaleko protokolo zaharkituak. Batetik, omenaldia ez dute antolatu sakabanaketaren aurka dauden indar politiko eta sozial ugariek, baizik eta Sortuk, LABek eta Ernaik. Bestetik, omenaldirako erabili den iruditeriak ez du alderik orain 10, 20 edo 30 urteko hileta-omenaldietan erabiltzen zen harekin.

Gai delikatua da eta inolaz ere ez nuke mindu nahi Kepa del Hoyoren ingurune hurbila. Omenaldien antolaketa, gainera, ez da familiaren kontua, egiturarena baizik, aurretik joan bedi.

Keparen heriotza oso une delikatuan gertatu da euskal preso politikoen aldeko ekimenen egutegitik begiratuta. Udako kanpaina bete-betean gaude. Urtero bezala, Etxeratek giza kateak egin ditu abuztuaren 6an hainbat hondartzatan eta turistei informazioa helarazi die bost hizkuntzatan; San Inazio egunean Etxeratek urteroko txostena eman dio eskuan Urkulluri Loiolako prozesioan; herri guztietako jaietako txupinazoetan, hiriburu edo herrixka izan, nonahikoak dira presoen aldeko banderolak, brindisak, pintadak, bertso saioak eta herri bazkariak. Hau da, presoen egoera turistei, instituzioei eta herritar orori ikusarazi nahi zaie, batzuk eta besteak inplika daitezen sakabanaketaren aurkako aldarrikapenean.

Testuinguru horretan gertatu da, zoritxarrez, Keparen heriotza, etxetik urrun eta hogei urteko urruntzearen ostean. Galdakaoko manifestazio erraldoiak agerian utzi du udako kanpaina ez dela “tradizio” hutsa, baizik eta herritar askorengan errotuta dagoen aldarrikapen bizitua.

Baina, zintzoak izan gaitezen, heriotzaren inguruko omenaldietan erabili den ikonografiak ez du erakarri aurretik konbentzituta ez zegoenik. Presoen urrunketa salatzearekin gero eta herritar gehiago enpatitzatzen ari diren unean, preso bat Euskal Herritik urrun hil da eta ezker abertzaleak “bere” egin du salaketa eta ez du sozializatu gizarte osoarekin. “Bere” banderan bildu du, bere atrezzo-az babestu du, bere estetikaz hornitu du, eta kanpoan utzi ditu salaketarekin bat etorri baina Sorturen perfomance-an sartuko ez liratekeen herritarrak.

Etika bakoitzak badu estetika bat, berezia. Garai batean idazleon artean eztabaida bizantinoak izaten genituen erabakitzeko zer den garrantzitsuagoa, etika ala estetika. Lehenaren aldekook idazlearen konpromisoa defenditzen genuen, eta bigarrenaren aldekoek aldarrikatzen zuten “artea” dela artearen helburu bakarra. Urteekin konturatu ginen elkar lotuta daudela biak, ezinbestez. Etika bakoitzari estetika bat dagokio, eta mezu berriak eskatzen du gauzak esateko modu berriak asmatzea.

Mezu berrirako estetika bera erabiltzen bada, batetik, ez da sinesgarria mezua aldatu nahi dugunik. Eta, bestetik, zaila izango da zerbait berria esatea lengoaia zaharkituarekin. Hor kontraesana: presoen auzia “gizarte osoarena” da, baina hildakoa “gutarra” da.

Kontraesanari aurre egiteko eta jende berria erakartzeko, adierazpide berriak bilatu beharko dira, hizlari berriak, diskurtso berriak, konplizitate berriak, mise-en-scène berriak. Mezua integratzailea bada, estetika ere partekatu beharko da erakarri nahi direnekin. •