Isidro Esnaola

Bi abiadurako gizartea

Desberdintasun ekonomikoek ez dute interes berezia piztu mundu akademikoan eta politikoan. Gaia zuzenean edo zeharka klase borrokarekin lotzen da eta gure gizartean ez dago ondo ikusia hitz horiek erabiltzea. Gizarte «aurreratuetan» denok itsasontzi berean omen goaz. Hori bai, batzuk ontzi gainean eguzkitan eta gehienak barruko kamaroteetan argi izpirik gabe. Batzuek zehazten dute denon onurako omen den itsasontziaren banda; gainerakoek ez dute erabakietan parte hartzen.

Hala ere, gero eta jakin-min handiagoa sortzen dute aberastasunaren banaketaren inguruko ikerketek. Izan ere, krisiaren ondorioak gero eta nabarmenagoak dira Europako eta Ipar Amerikako gizarteetan. Lehenengo zantzuak agertu zirenetik hamar urte pasatu diren honetan krisiaren kalteak ez dituzte soilik pobreek pairatu, erdi mailako klasea deitzen den hori ere kaltetuta atera da.

Dena den, desberdintasun ekonomikoa areagotzeko joera ez da soilik krisiaren ondorioa; atzetik dator. Oso garbi ikusten da erro sakonak dituela joera horrek Thomas Piketty, Emmanuel Saez eta Gabriel Zucmanek egindako artikulu batean. Bertan aztertzen dute AEBetan 1980tik 2014ra bitartean nola aldatu diren gizartearen talde bakoitzak jasotzen dituen diru sarrerak. “The New York Times” egunkariak grafiko oso adierazgarria publikatu du azterketa horren emaitza nagusiekin (https://goo.gl/6WBUiE).

Ikertzaileek AEBetan hazkunde ekonomikoa gizartean nola banatu den aztertu dute. Hiru multzotan banatu dituzte herritarrak: batetik, gizartearen %50 pobreena; hurrengo multzoan, tartean gelditzen den biztanleriaren beste %40a; eta azkenik, %10 aberatsena. Talde bakoitzaren diru sarrera guztiak aztertu dituzte, hau da, zuzenekoak –soldata eta bestelako etekinak–, zeharkakoak –politika sozialen transferentziak alegia– eta baita zergen ordainketaren eragina ere.

Hiru multzo horietan diru sarreren hazkundea zeharo ezberdina izan da. 80ko hamarkadan, gerraosteko dinamikak indarrean zirauen, eta pobreen diru sarrerek hazkunde orokorra baino azkarrago egiten zuten gora. Hurrengo multzoan, aberastasuna hazkundearen parekoa zen; eta azken multzoan –aberatsen multzoan–, hazkunde ekonomikoa baino txikiagoa zen diru sarreren igoera. Gizartean diru sarrerak berdintzeko joera nagusitzen zen eta, era berean, desberdintasun sozialak murrizten ziren.

Joera hori modu nabarmenean aldatu zen 90eko hamarkadan. Urte horietan aberatsen %10aren diru sarreren hazkundeak nabarmen gora egin zuen eta gizartearen multzo pobreetan behera egin zuen, are gehiago behartsuenen multzoan. Berdintzeko joera hori desagertzen joan zen. Ordurako Reaganen eta Thatcherren politika liberalak emaitzak ematen hasiak ziren. Gainera, Berlingo Harresiaren eraispenarekin, etsai komunista desagertuta zegoen eta horrek diskurtso eta praktika liberalak indarberritu zituen.

2007ko krisiaren ondoren, joera horiek lotsagarriro areagotu dira. Ikerketa horretan argi ikusten da multzo pobrearen diru sarreren aldaketa hazkunde orokorretik behera gelditu dela, hau da, pobreen diru sarrerak hazkunde ekonomikoa baino askoz gutxiago hazi dira. Erdian gelditzen den multzoaren diru sarrerek ozta-ozta eutsi diote hazkunde ekonomikoaren erritmoari. Hala ere, multzo horretan aberatsenek gehiago irabazi dutela argi ikusten da. Eta azken %10aren kasuan igoera hazkundetik gora egon da. Multzo horretan %1a hartzen badugu soilik, orduan hazkundea askoz azkarragoa da; eta aberatsen piramide horretan gorago joan ahala, orduan eta diru sarreren hazkunde eskandalagarriagoak topatzen ditugu.

AEBetako joera hori Europan ere antzematen da. Gure gizarte «aurreratuetan» gero eta nabarmenagoak egiten ari dira desberdintasun sozialak. Eskuinaren erasoaldia oso bortitza da. Horren ondorioz, itsasontzi bereko bidaiarien irudiak gero eta sinesgarritasun gutxiago du herritarren artean. Ongizate estatuaren deseraikitzearen aurrean, atzera bueltatzea eskatzeak ez du zentzurik; jendarte justuagoa eraikitzeko ezkerrak jomuga berriak zehaztu behar ditu. •