Ainara Lertxundi
EGIA BIHURTURIKO AMETSA

Bortxatzaileak ezingo dira biktimarekin ezkondu Jordanian kartzela saihesteko

Biktimarekin ezkontzearen truke bortxatzaileak aske uzten dituen Zigor Kodearen artikulua indargabetu du Jordaniako Diputatuen Ganberak. «Zorionak injustiziaren kontra ahotsa goratu duten guztiei», «artikulu horrek gaizkileak babesten zituen eta ez emakumeen ohorea»… bezalako mezuak biderkatu ziren minutu gutxitan.

Emakumeen eskubideen alde urrats garrantzitsua egin berri du Jordaniako Diputatuen Ganberak. Talde feministen eta, oro har, gizarte zibilaren urte luzeetako borrokari esker, 1960ko Zigor Kodearen 308. artikulua bertan behera utzi zuten legebiltzarkideek eztabaida luze eta mamitsu baten ostean, pasa den abuztuaren 1ean.

Artikulu horren arabera, bortxatzaile batek espetxea saihesteko aukera zuen biktimarekin ezkontzen bazen, nahiz eta biktima adingabea izan –15 eta 18 urte bitartekoa– eta berarekin gutxienez hiru urtez ezkonduta bazegoen. «Garaipen historikoa da, ez bakarrik Jordaniako herritarrentzat, baita eskualde osoarentzat ere. Gaurkoa ospatu beharreko eguna da, dudarik gabe. Gizarte zibilaren, emakumeen eskubideen defentsan borroka egiten duten taldeen eta giza eskubideen aldeko ekintzaileen elkarlanari esker posible izan den garaipena da. Oso pozik gaude. Egindako presioak legebiltzarkideengan eta gizarte osoarengan eragina izatea lortu dugu», nabarmendu zuen Salma Nimsek, Jordaniako Emakumeen Batzorde Nazionaleko idazkari orokorrak Al Jazeera telebista kateari eginiko adierazpenetan.

2016an, Abdullah II.a errege jordaniarrak Zigor Kodea goitik behera gainbegiratzeko Errege Batzorde bat eratzea agindu zuen. Otsailean, 308. artikulua bertan behera uztearen aldeko txostena aurkeztu zuen, gaia Legebiltzarraren esku utziz.

Eztabaida korapilatsua izan zen, legebiltzarkideen artean iritzi kontrajarriak baitzeuden. Bozketa aurretik, 200tik gora gizon-emakumek elkarretaratzea egin zuten eraikinaren kanpoaldean, ustez «emakumearen ohorea babesteko» legea indargabetu zezaten aldarrikatzeko.

Bozketa zuzenean jarraitu zuten Legebiltzarreko eserlekuetan. Diputatuen Ganberako bozeramailea, Atef Tarawneh, txalotu zuten emaitza iragarri zuenean. Sare sozialetan ere asko inplikatu dira. Araudia indargabetzearen aldeko etengabeko mezuak igorri zituzten. Jordaniako 63 mugimenduk Internet bidez zabaldu zuten eskaera 5.000tik gora pertsonak sinatu zuten.

«Diputatuen Ganberako ordezkari gehienek emakumeen eskubideekiko benetako konpromisoa dutela erakutsi dute», esan zion “The Jordan Times” egunkariari Wafa Bani Mustafa legebiltzarkideak.

Ildo berean mintzatu zen Noor Imam ekintzaile eta abokatua. «Ezin dugu egun hau ahaztu, eskerrak ematen dizkiegu gure diputatuei». Khalid Awad eta Qais Zayadin legebiltzarkideek emakumeen mugimenduen borroka goraipatu zuten. «Beraiei esker izan da hein handian», plazaratu zuen Awadek.

Kontrako ahotsak

Baina guztiak ez dira iritzi berekoak. Hayat Mseimi eta Dima Tahboub diputatu islamistek eztabaida egiteko moduari kritika egin zioten, beraien ikuspuntua azaltzeko aukerarik ez zutela izan argudiatuz.

«Gu ere artikulu horren kontra gaude, baina arrazoi desberdinengatik. Guk Sharia legea oinarri hartzen dugu», azaldu zuen Mseimik. «Adulterioa eta fornikazioa ekiditeko bozkatu genuen indargabetzearen alde», gaineratu zuen.

Reem Abu Hassan Gizarte Garapenerako ministro ohiarentzat bozketa «etsipen handia» izan zen. «Diputatuen Ganberako Lege Batzordeari zuzenketa ugari aurkeztu genizkion hausnarketa sakon baten ostean. Gai honen inguruan dauden ikuspuntu desberdinak aztertu ditugu, baita legearen indargabetzeak izan ditzakeen ondorioak ere. Pertsonalki, 308. artikulua zuzentzea lehenesten dut», aditzera eman zuen.

Ezkontza egoera jakin batzuetan onartzea proposatu zuen. «Adostutako sexu harremana izan bada, ezkontzeko aukera eman beharko litzaieke, batez ere, emakumea haurdun gelditzen bada. Bestela, ume hori seme ez-legitimoa izango da eta hori kohesio sozialarentzat mehatxu bat izan daiteke. Era berean, emakumeari erreparazio eta bizitza hobe baten eskubidea ukatu egiten zaio».

Abu Hassanen iritziz, ezkontzeko gutxieneko adina 15 urte direnez, «aukera hori eskaini beharko liokete emakumeari legearen barruan dago-eta. Artikuluari zuzenketak egitea eraginkorragoa deritzot, horrekin ere gizarteari mezu argia helarazten diogu: bortxaketa ororen kontra gaudela eta legeak ez duela inolaz ere horrelakorik babesten, baina, aldi berean, 15 eta 18 urte bitarteko adina duten gazteei, adostutako sexu harremanak izanez gero, ezkontzaren atea zabaltzen diegu». «Gainera, artikulua bertan behera uztea aldarrikatzen zuen kanpainak ez du inolako oinarri zientifikorik eta ez ditu gaiaren gainean egin diren ikerketak kontuan hartu», adierazi zuen.

Lege Batzordearen presidenteak, Mustafa Khasawnehek, argudio horiek berretsi zituen. «Aditu mordoa entzun ditugu. Gure jarrera ebidentzia zientifikoan oinarrituta dago. Gizon batekin adostutako sexu harremanak dituzten emakumeak babestu nahi ditugu, gero nolabaiteko jazarpena pairatu ez dezaten edo, are larriagoa dena, familiaren ohorearengatik haiek hiltzea eragotzi nahi izan dugu proposatu ditugun zuzenketekin. Irabazi dutela uste dute. Baina artikulua indargabetzearen aldeko kanpaina egin duten horiei baino gehiago inporta zaizkigu guri Jordaniako emakumeen eskubideak. Gu haiek baino kezkatuago gaude, izan ere, hau garaipen kontu huts bat bezala hartu dute», nabarmendu zuen Khasawnehek. Ekintzaileek gogor kritikatu duten hirugarren zuzenketa bat ere mahaigaineratu zuten.

Lege aldaketa ez da nahikoa

«18 urte baino gehiago izanik sexu harremanik izan ez duen emakume batekin harremanak izatea berarekin ezkonduko den konpromisoarekin. Baina zuzenketa hori onartuz gero, zer gertatuko litzateke gero agindutakoa betetzen ez badu eta neska bortxatzen badu? Zuzenketa horren arabera, barkamena izango luke. Ezin ditugu salbuespenak onartu», esan zuen Bani Mustafak bozketa egin aurreko asteetan.

Zigor Kode berriaren arabera, 15 urtetik beherako neska bortxatzen duenari, heriotza zigorra ezarriko zaio, 15 eta 18 urte bitartekoa bada, hogei urteko kartzela zigorra eta emakumea adinez nagusia bada, hamabost urtekoa izango da zigorra.

Dena den, legea aldatzearekin ez dela nahikoa nabarmendu zuen. Sexu erasoen biktimentzat laguntza psikosoziala aldarrikatu zuen.

Ghada Saba ekintzailearen ustez, «konpondu beharreko hamaika arazo daude. Gizartearen pentsamoldea aldatu behar dugu. Bortxatzailea ez du soilik 308. artikuluak babesten, jordaniarren pentsamenduak berak babesten du. Emakumea karga gisa ikusteak familien zama areagotzen du eta bortxaketa estali nahi izatera eramaten ditu, baina nahiz eta estaltzen saiatu, bortxaketa hor dago», ohartarazi zuen.

Noor ezizenarekin bere burua aurkezten duen gazteak honako testigantza eman zion “The Independent” egunkariari: «Ezin nion nire familiari gertatutakoa esan. Negar eta negar egin nuen zer egin jakin gabe. Bera ni lasaitzen saiatu zen nirekin ezkonduko zela esanez. Paper bat eman zidan eta ezkontza kontratu bat sinatu genuen. Nire familiak berarekin ezkontzera behartu ninduen. Haurdun nengoen eta ez nuen beste aukerarik. Berarekin ezkondu eta bere etxera bizitzera joan nintzen bortxaketa burutik kendu ezinik. Uste nuen umearen jaiotzak bizitza onerako aldatuko zidala, baina, guztiz oker nengoen, egoerak okerrera egin zuen».

Equality Now´s talde feministaren laguntzarekin dibortzioa lortu zuen, prozesu judizial luze bat hasiz senar ohiak haurra semetzat aitortzeko.

«Gizonari biktimarekin ezkontzea baimentzen zaionean, berriz abusuak jasan behar izateko arriskuak gora egiten du. Emakumeak mugitzeko eta erabakitzeko gaitasuna galtzen ditu eta sexu erasoak eta biolentzia jasateko arrisku gehiago du», dio Equality Now´s taldeko kide Suad Abu-Dayyehek.

«Hamarkada luzez, giza eskubideen atarian orban bat izan da Jordaniarentzat 308. artikulua», plazaratu zuen Human Rights Watchek. «Bortxatzaile batek ez du inolako asmorik bortxatu duen emakumearekin harreman positibo bat eraikitzeko eta familia bat osatzeko. Harremana delitu baten ostean hasiko luke, gainera», plazaratu zuen Jordaniako Emakumeen Batasuneko zuzendari orokorrak, Nadia Shamruchek.

Jordaniakoa aurrerapauso historikoa izanik, oraindik lan asko dago egiteko. Human Rights Watchek azaldu duenez, Aljerian, Bahrainen, Iraken, Kuwaiten, Libanon, Libian, Palestinan, Sirian, Filipinetan eta Tajikistanen antzeko legeak indarrean dauden oraindik ere.

2014. urtean Marokok bortxatzailearen eta biktimaren arteko ezkontza baimentzen zuen legea atzera bota zuen 16 urteko neskato batek bere buruaz beste egin eta gero, eta 15 urteko beste baten saiakeraren ostean. Beraien erasotzaileekin ezkontzera behartu zituzten. Egiptok erabaki bera hartu zuen 1999an. Libano hori egiteko bidean dago

Azken 30 urteetan beste herrialde askok bertan behera utzi dituzte antzeko araudiak, tartean, Italia (1981), Peru (1998), Estatu frantsesa (1994), Errumania (2000), Uruguai (2006) eta Costa Rica (2007).

Heriotza zigorra edo ezkondu

Wahid izeneko 22 urteko gazteari heriotza zigorra ezarri zioten 2015ean Iranen bizilagun baten 16 urteko alaba bortxatzeagatik. Apelazio Epaitegiak epaia berretsi zuen. Baina, biktimaren amak ustekabeko proposamena egin zion, hiru baldintza jarriz salaketa kentzeko: alabarekin ezkontzea, «harekin beti atsegina izatea» eta 125.000 euro balio zuen etxebizitza erostea. Gaztea negarrez hasi zen eta proposamena berehala onartu zuen.