Mikel Zubimendi

Ezusteko ergelkeria haizeak ez du Euskal Herria kolpatu

Turismoaren harira sortu den zalapartaz aritu nahi nuen, edo Lasesarreko futbol zelaian Euskal Koparen lehen edizioan gertatutakoaz. Lehenengoa eztabaida irabazlea dela uste dut, elkarrizketa publiko hori zabaldu dutenek galbidera eramaten ez badute behinik behin. Bigarrena, tragedia bat iruditu zait, hain lan txukuna, halako helburu eder baten alde, eta anai-arreben arteko partida hori nola bukatu den ikusteak inpaktatu nau, tristatu, alarmatu. Kontua da, baina, bi gaiok, beste asko bezala, sintoma direla uste dudala, sustraiak beste nonbait daudela eta askoz ere sakonagoak direla.

Hemen, teleberriaren sermoiak gorabehera, gero eta jende gehiagok sentitzen du gauzak okerrera joango direla, etorkizuna ez dela hobea izango, nolabait, beren burua galtzaileen bandoan kokatzen du. Pertzepzio hau, hemen dagoen bizi maila eta kontsumo ereduaren argitara zuzena edo okerra den beste kontu bat da, eztabaidagarria. Baina, hori bai, garrantzi gutxikoa da. Politikan, pertzepzioa errealitatea delako. Antsietate sentimendu bat hedatzen ari da hemen, statu quo-arekiko ezinegona, ziurtasun gehiago zituen iragan batera bueltatzeko nolabaiteko nahi bat. Eta hor, politikaren narratibak ez du koherentea, sinesgarria edo sanoa izan behar. Beldur, erresumin eta haserre horrekin bat egiten duen heinean, gero eta herritarragoa egin, eta egingo delako. Gehiago gustatu ala gutxiago gustatu, hori da dagoena, mundu mailako joera da.

Kuriosoa da, baina hala da: jendeak erabakiak hartzeko eskubideaz dihardu demokraziak, ez jendeak erabaki onak hartzearen inguruan. Munduan begiratuta, eta atentzioa jarriz hementxe bertan ere, politikari lotsagabeek –ez denak, zorionez– irabazten duten aroa bizi dugu. Onenean anbizio handiko eta txarrenean faxista arriskutsu direnak. Gezur eta sinplifikazio pila zabaltzen dituzte, frustrazioa, beldur irrazional eta aurreiritziekin jolastuz, are elikatuz. Eta jendeak botoa ematen die. Badira herri galdeketei, primarioei edo are sufragio unibertsalari errua botatzen diotenak, edo okerrago, boto-emaile horiek ezjakin eta ergelak direla pentsatzen dutenak. Atzoko jende zaharra, sinplistak, beldurtuak eta “gurea” biharko jende gazte, kosmopolita, konplexurik gabea dela. Ez hanka ez buru ez duen argudioa da hori. Besteak beste, atzoko jende zahar hori beste mundurantz mundu hau uzteko bidean askoz ere aurreratuago dagoelako.

Batzuetan iruditzen zait klase arazoa tabu egin dela Euskal Herrian, ez dagoela klase banaketaz hitz egiteko gogoa. Horrek, baina, ez du desagerrarazten. Bestalde, uste dugu gizartea arazoak konpontzen dituen erakundea dela, gero eta konplexutasun handiagoa garatzeko ahalmen mugagabea duela bere arazo ekonomiko eta politikoak konpontzeko. Hartara, omen, hazkundea ezinbestekoa du funtzionatzen jarraitu eta egonkor mantentzeko. Hazkundea, baina, kasurik onenean, moteltzen ari da.

Gizarte batek konplexutasun eratzaile eta tekniko handiago bat garatzeko ahalmenak, gero eta handiagoa den energia hornidura aprobetxatzeko ahalmenak definitu du historikoki. Ugaria, merkea eta kalitate handiko energia eskuragarri izateak ahalbidetu du gizarte industrialek beren sistema politiko eta ekonomikoen konplexutasuna areagotzea. Eta hemen ere, energiaren kopuruaren murrizketa biofisikoa handitzen doan heinean, espirala gora begira jarri beharrean behera begira jarri zaigu.

Ez dira konplexutasunaren bidean plan handiak marraztu eta praktikan jartzeko garaiak. Etorkizunaren aurreikuspenak urritu diren aro honetan herri mailako erabakiak hartzea izango dugula ziurtatzekoa baizik. Hori, denbora labur batean gertatuko dela, edo are posible dela esateko ez dago seinalerik. Baina oso zentzuzkoa da pentsatzea sistemak gero eta disfuntzionalagoa bihurtzen jarraituko duela, haustura-punturanzko joerak ez duela etenik izango. Puntu horretarainoko bidaian ez goaz autoan eserita soilik; bolantea esku artean dugu. Fuerte oratu, gutariko asko zer esan ez dakigula utziko gaitu-eta. •