Jose Angel Oria
IKUSMIRA

MUSULMANAK ZUTIK, SAUD FAMILIAREN INTERESEN ARABERA

Meka (Saudi Arabian) islamaren hiri santuena da, urtero milaka (bi milioi inguru aurten) erromes musulmanek bisitatua. Bertan Muhammad profeta jaio omen zen orain hamalau mende eta fededunek uste dute hiriak ekialdean duen Arafat mendian (irudian) eskaini zuela bere azken sermoia. Horregatik zuriz jantzita Wuquf (zutik egon) izeneko erritua egin zuten ostegunean. Mekarako erromesaldiak herrialdean nagusi den Saud familiaren interesen arabera egiten dira, ordea, ateak ixten baitizkiete etsaitzat hartutako estatuetako pertsonei. Horixe egin zuten orain urte batzuk Irangoekin, eta aurten Qatarrekoekin. Beste erlijioekin gertatu moduan, gizaki boteretsuenek bahitu egin zuten «Jainkoa» eta geroztik beraien posizioa indartzeko erabiltzen dute, saudtarren kasuan, wahabismo joera ezin atzerakoiagoa zabaltzeko. Azken eraso jihadisten ondoren, salatu dira Estatu espainolak horiekin egindako negozioak, baina paradisuko giltzarekin segitzen dute. joseangel.oria@gaur8.info