Mirari Martiarena

Garaiz

Twitter bidez ikusi nuen lehengo astean Vigoko emakume baten eskela. Alabaren izenean zetorren eta idatzitakoa berezia iruditu zitzaidan. Amaren lagunak eta ezagunak ekitaldi alai batera gonbidatu zituen, beilatokiko zazpigarren salan. Ardoa edanez eta tortilla janez gogoratuko zutela zioen. Bukaeran loreak ez eramateko oharra zuen idatzita eskelak, loreetan gastatu beharrekoa gobernuz kanpoko erakunde bati emateko.

Deigarria iruditu zitzaidan “omenaldi alaia” jarri izana. Heriotzarekin omenaldiak lotzen ditugu zalantzarik gabe, baina omenaldi solemneak. Heriotzarekin zuzenean lotzen ditugu mina eta sufrimendua, negarra eta tristura. Eta bai, gertuko baten heriotzak sortzen ditu horrelako sentimendu gazi-gozoak, ez pentsa ezagutzen ez ditudanik.

Badirudi tanatorioko pasilloetan barre egitea debekatua dagoela. Umoreak ez du tarterik eta gogoeta serioak bakarrik egin daitezke: “ez gara ezer” edo “denok dakigu hilko garela, baina tokatu arte…” modukoak. Heriotzaren aurrean errespetuz jokatu behar dela irakatsi digute, baina errespetu serioz bakarrik. Senideen eta ezagunen joan-etorrian ikus dadila sufritzen ari zarela, baina ez gehiegi. Tanatorioan pasatzen diren orduak “ordu hilak” direla esaten baduzu zaplazteko bat emango dizunik azalduko da.

Ardoa edanez eta tortilla janez gogoratu zuten Vigoko emakume hura. Omenaldi alai bat egiteko ez dira osagai txarrenak. Ez dakit bertaratutakoek zer egingo zuten, baina imajinatu ditut hildakoari buruzko pasadizo xelebreak eta alaiak kontatuz mahaiaren bueltan jarrita, guztiak barrez. Gehien gustatzen zitzaizkion abestiak abestuz. Seguru nago emakume horrek berak esanda utziko zuela nolako agurra nahi zuen. Lore sortarik gabekoa, gertukoa eta alaia. Inguruari erakutsiz galera bat irribarrez bizi daitekeela eta minaren zama arinxeago egin dezakeela irribarre batek. Alaitasunezko negar malkoak ez dira hain gaziak izaten. Agian heriotza beste modu batera bizi beharko genuke. Garaiz gaude oraindik. •