Gorka Rubio
KOLDO LARRAñAGA

Gorka Rubiok apaiz euskaltzale eta zinemazalea gogoan idatzia

Iragan abuztuaren 15ean hil zen Koldo Larrañaga euskaltzale eta zinemazalea. Euskal Herriko hego mugatik, arlo horietan urte askotako lana egindakoa da. Gorka Rubiok bere blogean apaiz azkoitiarraren oroipenez idatzitakoa dakargu gaurkoan.

Arabako herriak ez dira hil

Duela egun gutxi hil da Koldo Larrañaga (Azkoitia, 1923). Euskaltzalea, langilea, zinemazalea, apaiza. Gasteizen apaiz ikasketak amaitu eta 50eko hamarkadan Araban hasi zen lanean. Zuia inguruan zebilen lanean Legutioko nekazariek beraien lurrak ureztatzeko zituzten eskubideen inguruko gatazkan hauen alde jarri zenean. Orduko gotzainari ez zion grazia zipitzik egin eta Añanako Lantaron aldera “erbesteratu” zuen, “zigor” gisa.

Gaztelako mugan dagoen herrira iritsi zenean, apaiz “gorri” eta “vasco” gisa hartu bazuten ere, denbora pasa ahala herritarren onespena eta mirespena lortu eta mantendu zituen. Sei hamarkadaz Caicedo-Yuso herriko apaiza izan zen, eta, bitarte horretan, ehunka kultur egitasmo sortu eta bultzatu zituen. Baina, batez ere, txoko horretako kaleetan euskara entzutearen arduradun nagusietakoa izan zen.

Bere lan esparru kutunenetakoa zinema izan zen. Bere ingurukoekin inplikatuz eginiko lanen artean dira Gasteizeko Olabide ikastolako haurrak zinemara gerturatzeko eginiko ekintzak, edota 1976ko Martxoaren 3ko Gasteizko gertakarietan jaso zituen irudi eta argazkiak.

Bere ikus-entzuneko lan ezagunena Ikuska sailerako osatu zuen “Arabako herrien heriotza” laburra izan zen. 70eko hamarkada amaieran Arabako herriak nola husten zihoazen eta bertakoek garai hura nola bizi zuten azaltzen zuen.

Zinema “gizartearen argazki” eta “lekukotza tresna” onenetariko gisa ulertzen zuen, eta artxibategi mardula osatu zuen, bai berak bai hirugarrengoek ere jasotako materialarekin.

Urteetan zehar bildutako ezagutza horretatik atera zen ETBk ekoitzi eta lau atalez osatutako “Una mirada al Cine Vasco/ Euskal Zinemaren ikuspegia” telebista programa. Aipagarria bereziki bide berean eta Enrique Calvorekin batera argitaratu zuen “Lo vasco en el cine” lana: bi liburuz osatua, “Las Películas” 1997koa (586 orrialde) eta “Las Personas” 1999koa (582 orrialde).

Bada herri honetan belaunaldi bat guda galdu, edo beraien nagusiak guda galtzen ikusita ere, aurrera egiten jakin zuena. Larrañaga belaunaldi horretakoa izan da. Ezbehar eta arazo larrienetatik ere beti zerbait ona atera eta aurrera egiten asmatu duen belaunaldi horretakoa. Norbanako horiek, bakoitzak bere bidetik eta lekutik, bakoitzak bere mailan eta bere aukeren arabera biziraun eta gauden lekura iristea ahalbidetu digute. Larrañagaren kasuan, garaian ohikoa zenez, bere apaiz posiziotik egin zuen lan asko. Garaiko eliz arduradunen zigorrak jasotzea tokatu zitzaion, baina bizirik irauteko senak lagunduta edo, zigor horiei buelta eman eta aurrera egiten jakin zuen beti.

Horrela, Arabako herrien heriotzaren kontakizun dokumentala egin bazigun ere, egun esan daiteke bera eta bere belaunaldiko askok eginiko lanaren ondorioz Arabako herriak eta bertako nortasuna ez daudela hilda, eta hizkuntza ere ez dagoela hilda. Ea gure belaunaldiak, ordukoak baino askoz baliabide eta erraztasun gehiago dituen honek, utzi digutena mantentzea eta hobetzea lortzen duen.