2017/09/09

Koldo Sagasti
«Je suis la police»

2015eko urtarrilaren 7an, Parisen, bi lagunek gerora Al-Qaedak aldarrikatuko zuen eraso odoltsua burutu zuten “Charlie Hebdo” aldizkari satirikoaren egoitzan. Orduantxe sortu zen “Je suis Charlie” lelo famatua. Miloika herritar zintzok argitalpenarekiko atxikimendua adierazi zuten esaldi haren bitartez. Alegia, agerkariaren aurkako ekintza armatua gaitzesteaz gain, eslogana bere egin zutenek kazetarekin eta haren ildo editorialarekin bat egiten zutela aldarrikatu zuten. Adierazpen askatasunean sinisten duen orok onartuko du, askatasun hori erabatekoa izango bada, edonori onartu behar zaiola, baita “Charlie Hebdo”-ren kasuan bezala ideia gaitzesgarriak zabaltzeko baliatzen duenari ere. Baina hedabide baten aurkako atentatua salatzetik hedabide horrek argitaratzen dituen mezu islamofobo, xenofobo eta misoginoekin bat egitera jauzi handia dago.

Bartzelonan iragan abuztuan gertatutako atentatuaren harira ere aho batekoak izan dira poliziari esker ona erakutsi dioten ahotsak. Komunikabide zein bozeramaile politikoen artean ez da zirrikiturik izan indar polizialen jarduna goraipatzeko orduan, baita euren burua ezkertiartzat dutenen artean ere. EH Bilduk, ERCk edota Podemosek ere, Espainiako Kongresuan, bere azken paragrafoan «poliziaren ausardiak askatasuna eta demokrazia bermatu» dituela jasotzen duen adierazpen instituzionala sinatu dute. Denek, disidentzia izpirik gabe, irentsi egin behar izan dute artalde akritikoaren lelo berria: “Je suis la police”. Ahaztu egingo zitzaizkien, nonbait, indar polizial horiek beroriek urteetan zehar egindako torturak, jazarpenak, gehiegikeriak, eta oinarrizko giza eskubideen urraketak. Orain hiritar zintzoen txaloak jasotzen dituzten horiexek dira, hain zuzen, askatasunaren eta demokraziaren arerio handienak, ez diezagutela sinestarazi nahi, pentsaera zuzenaren izenean, heroiak direnik. Bada oraindik oroimen pixka bati eusten dionik... •