2017/09/09

Erreportajea
ESKULANEN ETXEA
Lau emakume belaunaldi, hariak eta harremanak goxo josten

Eskulanen Etxea tailer-dendak erakusleihotik bertatik azaltzen du ofizio zahar baten modernizazioa. 1903an zabaldu zuten txoko goxo eta erromantiko hau Donostian. Geroztik, mantak, bufandak, soinekoak… nahi duguna egiteko kalitatezko osagaiak eta, batez ere, aholkua eskaintzen dute. Garai bakoitzera egokituta, familia handi honetan eskuen abilezia, sormena eta jendearenganako maitasuna transmititu dituzte emakumeek belaunaldiz belaunaldi, laugarrenera iritsi arte. Bizi-bizi dago ondarea.

Maider Iantzi Goienetxe
Eskulanenetxea6

Marga, Ines eta Gotzone Matxiarena ahizpek 2011n hartu zuten amaren eta izeben lekukoa. Eskulanen Etxeko emakumeen laugarren belaunaldia dira eta, aitzineko guztiak bezala, beren aztarna uzten ari dira. Bisitaren unean lanean ari dira hirurak, gainerako langileekin batera. Arratsaldea da eta mugimendua sumatzen da. Berehala ohartu gara hemengoa ez dela salmenta soila; bezero aunitz ezagunak dira. Aholkua eskatzen dute, kontuak kontatu... Hala, hariekin batera harremanak ere josten joaten dira, batzuetan lagun bihurtzeraino.

Egunero berritzen saiatzen dira ahizpak. Hori bai, umetatik elikatu dituena galdu gabe. Donostiako Elkano kaleko txoko eder honetan sartu orduko erakutsi dizkigu Inesek Jose Leon birraitona zurginak egindako bitrinak. Hastapenetatik hemen dauden altzarien eta argazki zaharren bidez historian barneratu gara.

Erakusleihoan jartzen duen bezala, 1903an zabaldu zuen tailer-denda Maria Concepcion Arrieta Segurolak, bi anaien laguntzarekin, aipatutako Jose Leon eta Felipe margolaria. Prestatutako eskulanak eta hariak saltzeaz gain, brodatu, pintura eta marrazketa eskolak ere ematen zituzten. Donostiako emaztegaiek arreoa prestatzen zuten bertan ezkontzeko, Feliperen marrazkiak brodatuz.

Geroago, artileak saltzen hasi ziren. Kontxa hil ondotik bere ahizpa Mariak hartu zuen dendaren lema. Pantxika Kontxa eta Mariaren koinata zen. Bere alaba Kontxita 33 urterekin alargundu zen. Lau seme-alaba txiki zituen. Pasai San Pedrotik izeba Mariaren etxera joan ziren bizitzera, Donostiara. Maria zahartzen ari zen eta Kontxita ilobak –Ines, Marga eta Gotzoneren amonak– hartu zuen Eskulanen Etxearen ardura, txikiak izebari zaintzeko utzita.

Bigarren belaunaldia zen, 1947. urtea, gerraren ondorena. «Amonak parpailak, artileak eta gauza bereziak ekartzen zituen Frantziatik, kontrabandoan. Ez ziren erraz aurkitzen eta dendak ospea hartu zuen horiengatik». Garai hartan tailerrak emateari utzi zioten, baina eskulanak prestatzen segitu zuten; mahai-zapiak, haurrentzako gauzak, petit point tapizeriak eta gurutze puntua, bertzeak bertze.

Kontxitaren lau seme-alabek –Kontxi, Felix, Yolanda eta Gertru– modernizazioa ekarri zuten. Mertzeria sartu zuten, eta autozerbitzua eskaintzen aitzindari izan ziren. Gainera, azoketara joaten ziren, Alemaniara adibidez, artile berezien bila.

90eko hamarkadan gurutze puntuaren booma gertatu zen. Mantelak, koadroak eta adur-zapiak apaintzen ziren. Alfonbra ugari ere egiten ziren eskuz, hari hutsez. Oraindik oroitzen dituzte bezeroek.

Ikasi bitartean...

Ines, Marga eta Gotzone Kontxi Aldalurren alabek daramate gaur egun Eskulanen Etxea. Maria Inesen alabak berak eskatu zien josten irakasteko eta 6 urterekin kakorratza egiten zuen amonarekin.

Laugarren belaunaldiaren ekarpenetako bat garai bateko tailerra berreskuratzea izan da. «Gure txokoa da hau», esplikatu digu Inesek hexagono formako ikasgelara pasaraziz. Leiho zabaletatik patio berde eta loreduna ikusten da. Bertan egiten dituzte ikastaroak urritik ekainera, baita Beran ere, beratar-donostiarra baita Matxiarena-Aldalur familia. Ama Kontxi eta Koro aritzen dira irakasle. «Oso trebeak dira puntuarekin eta kakorratzarekin», adierazi du Inesek, eta amaren kreatibitatea nabarmendu du. Horren erakusgarri dira denda goxatzen duten manta, soineko, xal eta bufanda ugariak. «Bezero guztiek egin nahi dituzte berdinak».

Jada beteta daude ikastaroak abendura arte. Animatzen diren gehienek badakite puntua egiten. «Laguntza nahi izaten dute, edo astean ordu eta erdi hemen egotea». Margak eta Inesek kontatu digute puntua terapia gisa erabiltzen hasi direla, adibidez, AEBetan minbizia pasatzen ari diren emakumeei zuzenduta. Depresioa gainditzen laguntzeko ere bai. «Burua argi eduki behar duzu baina mekanikoa da. Zerbait oso erraza edo konplikatua egiten ahal da. Bakoitzak erabakitzen du zein mailatan aritu. Bufanda, manta edo txano bat jostea da errazena, baina bada jende trebea eta berokiak, jertseak, jaioberri edo helduentzako arropa, kuxinak… Nahi den guzia egiten ahal da».

«Do It Yourself»

Lehenengoz 1884an argitaratutako liburu bat erakutsi digu Inesek. Bizi osoan bidelagun izan duen altxorra, “Enciclopedia de labores de señora”. Garai batean emakume guztiek josten zuten, baita hondartzan ere, Donostiako argazki zaharrak lekuko. Margak oroitzen du garai batean bezero aunitz egunero joaten zirela dendara. Mantelak saretzen eta plantxatzen oroitzen ditu bere aitzinekoak. «Zenbat hari saldu ditugun mahai eta ezpain zapiak egiteko! Eta, egun batetik bestera, zero».

Orain, puntua edo kakorratza egitea boladan dago. Gazteek ofizioa deskubritu dute moda diseinuaren bidez. “Do It Yourself” da gaurko leloa, “egin ezazu zerorrek”. Hala, «soineko zahar hau modernizatu nahi dut» erranez hurbiltzen zaie jendea. Eta denetariko zintak erakusten dizkiote: etnikoak, puntillak, distiratsuak, brodatuak… Lumak eta parpailak ere bai.

Zenbat istorio

Bezero fidelak dira Eskulanen Etxekoak. Hariekin batera, harremanak eta hamaika istorio ere josten dira. «Amaren bezero zirenen iloba eta bilobak etortzen dira. Abuztuan probintziatik eta neguan ingurutik gehienbat». Inesek aitortu digu bezero batzuk lagunak ere badirela dagoeneko.

«Tailerrekin hasi ginenean ezer ez zekien neska bati erakutsi behar nion eta ardura puntua sentitzen nuen. Ez dakit bufanda edo manta bat egin genuen. Ezkerra zen, gainera, niretzat zailtasun bikoitza. Bospasei urte pasatu dira eta seme-alabei jertseak egiten dizkie!». Bezero “potentzialak” bilobentzat jantziak josten dituzten amonak dira. Irribarrez kontatu digute langileek jada guztia ikasia izan arren ez dutela eskola utzi nahi izaten.

Gazteagoak ere animatzen dira. Gutxi baina mutilak ere izan dituzte. San Tomas Egunerako kaikua egin nahi zuen mutiko batez oroitzen da Ines. «Bezpera arte hemen aritu ginen jo eta ke, eta ze poza santomasetan berak egindako jantzia estreinatzean!», adierazi digu Facebook-en argazkia bilatzen duen bitartean. «Hementxe dago!». Bezeroekin harremanetan daude sare sozialen bidez, eta dendan ere eurek egindako lanak daude ikusgai, aski ederrak.

Negurako prestatzen

Trantsizio bete-betean harrapatu ditugu. Udako kotoia erretiratzen eta neguko artileak sartzen ari dira. Neguan aunitzez lan gehiago egiten dute, iluntasuna eta hotza lagun onak baitituzte jostunek. Gehienbat iledun artileak heldu dira. Grisak, beltzak eta urdin ilunak, eta, bertze muturrean, ortzadarra bezain koloretsuak. Artilezko galtzerdiak egitea boladan dago. Garai batean lisoak egiten ziren; gaur egun, koloretsuak.

Kataluniatik ekartzen dituzte hariak, eta, hango enpresen bidez, Ingalaterra, Italia eta Alemaniatik ere bai. Rowan dute kutuna. «Gure filosofia da behin zerbait eskuz egin eta denbora pasatu behar baduzu lehengaiari garrantzia ematea. Kalitatea da gure apustua». Jaioberrien sekziora eraman gaitu Inesek, hauen jantziak hari bereziekin josten direlako. «Antialergikoak dira. Akrilikoak izan behar dute, asko garbitzeko, baina dralon zuntz sintetikoak goxotasuna ematen die. Artile hutsezkoak ere badira. Tratamendu berezia ematen diete garbigailuan sartzeko».

Chioseko umeentzat

Beti dute proiektu berriren bat buruan. Bezero bat Zaporeak proiektuarekin lanean ibili zen eta tailerretan Chioseko kontuak kontatzen zituen. Proposatu zuen Eskulanen Etxeak hariak jarri eta eskolako emakume bakoitzak zerbait jostea Greziako irlako umeentzat. Inesek hunkituta agertu digu denek egin zutela jantziren bat eta Chiosera bidali zituztela Zaporeak ekimeneko kideekin.

Made In Slow izena du aurtengo negurako bertze proiektu batek. Leongo Alberto Diazek zuzentzen duen plataforma bat da. Bizirik segitzeko zailtasunak dituzten ondare eta tradizio aberatsak berreskuratzea du xede, balioa ematea. Transhumantzia da tradizio horietako bat. Ardiei jarraipena egiten diete eta saltzen dituzten jantziek QR bat dute bakoitza zein ardiren hariarekin egina den jakiteko, baita zein artzainek zaindu duen eta non ibili den azaltzeko ere. Eurekin lan eginen du Eskulanen Etxeak.

Jada beteta daude ikastaroak abendura arte. Animatzen diren gehienek badakite puntua egiten. «Laguntza nahi izaten dute, edo astean ordu eta erdi hemen egotea. Terapia hutsa»

«Zenbat hari saldu ditugun mahai eta ezpain zapiak egiteko! Eta, egun batetik bestera, zero». Orain, jostea boladan dago. Gazteek ofizioa deskubritu dute moda diseinuaren bidez