Ane URKIRI ANSOLA
infraganti

ANDREA OUBIÑA

Kontxan zortzi aldiz lehiatu eta zortzietan gailendu da Andrea Oubiña. Besteak beste, bost Euskotren Liga ere poltsikoratu ditu. O Grovekoa garaipenaren ziurtagiri da. 2015etik San Juanen ari da, Galiziako traineruan hasitako ibilbidea are gehiago apaintzen. 27 urte betetzear da eta, dena irabazi duen arren, ez zaio arraunerako grina apaldu.

Kontxako erreginaren deitura jarri izan diote 2015ean seigarren aldiz Donostiako badian garaile izendatu zenetik. Orduan jada marka hautsi zuen Andrea Oubiñak (O Grove, 1990), baina galiziarrak irabazten darrai. Pasa den igandean zortzigarren aldiz altxatu zuen hiriburu gipuzkoarreko banderaren haga. «Zortzigarrena», dio, hausnarketarako denbora hartuz eta irribarre txikiarekin. Aurreneko jardunaldian Hibaikak bi segundo eta 67 ehunekoren abantaila lortu zuen. Pasai Donibaneko “Batelerak”, aldiz, erosoago sentitu ziren jardunaldi erabakigarrian, azkenean eta orotara Errenteriakoak baino 14 segundo bizkorragoak izanik.

Itsasoa oso haserre zegoen igandean eta horixe izan zen hizpide nagusia, Koxtaperen garaipenaren gainetik. Hiru metro pasatxoko olatuen artean aritu ziren denak ala denak, erlojupeko formatuan. Oubiñak onartu du errespetuz hartu zutela itsasoa, «baina irabaztea besterik ez geneukan buruan, Hibaikari hiru segundo jatea zen gure helburua, kosta ahala kosta». Lortu zuten, eta, galiziarraren ustez, itsaso mugitua lagungarri izan zuten, «aurten eroso sentitu baikara baldintza horietan».

Emakumeen estropada erlojupeko formatuan egitea erabaki zuten azkenean –bertan behera geratzeko arriskua ere egon zen– eta Oubiñak dio une oro ongi informatuta egon zirela. «Ez dakit erlojupekoa egitea ona edo txarra izan zen, dakidana da modu horretan guztiok baldintza berdinetan aritu ginela. Alde horretatik ez da aitzakiarik».

Barnean daraman lehiakortasuna agerian uzten du O Groveko arraunlariak. Kontziente da garaikur ugari eskuratu dituela. Zortzi Kontxako Bandera lortzeaz gain, bost Euskotren Liga ere irabazi ditu, eta Espainiako bi txapelketa. Hori, gainera, traineruarekin, trainerilla edo bateletan ere hogei garaikurretik gora lortu baititu. Ibilbide arrakastatsuak O Groveko Centola de Ouro garaikurra jasotzera eraman zuen iaz, eta bere herriko kirolari onena izendatu zuten 2014an eta 2015ean. «Kontziente naiz baina ez diot gehiegizko garrantzirik ematen. Irabazteko aritzen gara eta bizitzeko modu bat bihurtu da jada, aktibo mantentzen nauen zerbait».

Kasualitatez hasitako ibilbidea

Arraunean hasteko hautua 12 urte zituela egin zuen: «Lagunek batela osatzeko pertsona bat behar zuten eta animatu egin nintzen. Gero adiskideek utzi egin zuten eta nik bakarrik jarraitzen dut! Pasio bilakatu zait arrauna». Kasualitate hutsez hasi ostean, zailtasunei aurre egiten jakin du jarraitutasun bat edukitzeko, burugogorkeriak eramanda. «Talde gabe geratu nintzen, Vigoko Nautikotik deitu zidaten eta bertara joan nintzen. Gerora, unibertsitatean hastean, arrauna alde batera utzi zuten taldekideek eta azkenean Meirara joan behar izan nuen. Beti ibili izan naiz hara eta hona». Galiziako ontziarekin lehiatu zen 2008tik 2015era bitartean, San Juan Koxtaperen deia jaso zuen arte.

«Betidanik izan dut hemengo talde baten lehiatzeko ilusioa, baina ez nuen pentsatzen deia jasotzera helduko nintzenik», aitortu du, ez baita ohikoa. «Ez nuen zalantzarik izan eta ez zitzaidan kostatu eskaintza onartzea, hemen arrauna nola bizi den ezagutu nahi nuen, bertatik bertara. Familiak ere asko babestu nau; badakite zer suposatzen duen arraunak nire bizitzan eta unea aprobetxatzeko ‘agindu’ zidaten», azaldu du.

Behin eta berriz aipatzen du arraunak Euskal Herrian duen hedapena. Inbidia sanoa sentitu izan du eta 2015etik horren parte izateak asko pozten du. «Galizian gizartea ez dago hain inplikatuta arraunarekin, beste kirol batzuek dute garrantzia. Han inori ez zaio bururatzen balkoian arraun taldeko ikurra jartzea; Pasai Donibane, ordea, arrosaz beteta dago! Kirola bizitzeko modu ezberdinak dira. Herri txikia izateak ere laguntzen du hurbiltasun horretan».

Igandean “Batelerak” ontziak laugarren Kontxa irabazi zuen, guztiak errenkadan, eta herri guztia ospakizunean murgildu zen. Bazkalostean Maialen Arrazolak zuzenduriko arraunlariak udaletxean jaso zituzten, herritarren txalo artean. «Ondoren herrian egon ginen pixka bat, eta, gero, Donostiara joan ginen ospatzera». Lana tarteko, ospakizuna ez zen asko luzatu Oubiñaren kasuan. Lana eta kirola tartekatzea ez da berritasuna arraunean, are gutxiago emakumezkoetan. «Gogorra da eta eragina du. Egunaren bukaerara nekatuta iristen zara, baina merezi du, pertsonalki konpentsatzen dit. Egiten dudanak bere ordainsaria duela ikusteak guztiz asebetetzen nau».

Neguan jaioterrira itzultzen da, maiatzeraino. Bi hilabeteko atsedenaldia izaten dute eta azaroaren aurreneko astean hasten dira entrenamenduekin. Azpimarratu du neguko entrenamenduak gogorrak izaten direla, «gutxienez bi ordu pasatzen baititugu gimnasioan. Nire saio guztiak entrenatzaileari pasatzen dizkiot, berak jakin dezan nola nabilen. Jasangaitza dirudi, ergometroko pantailako irudiekin betetzen baitut mugikorra –dio barre artean–, baina, beno, justuak izateko, logikoa deritzot entrenatzaileak kontrol hori eramateari».

Aurrerapausorik ez

Jasangaitza den moduan berdintasunaren bidean aldaketa esanguratsu gutxi ematea. «Azken hamar urteotan ez da eman aurrerapausorik. Egia da aurten Kontxako saria 6.000 eurotik 15.000ra pasatu dela, baina Euskotren Liga irabazteagatik 8.000 euro eskuratzen ditugu, gizonek estropada bakarra irabazteagatik 3.000 euro pasatxo poltsikoratzen dituzten bitartean». Gizonek jende gehiago erakartzen duten jakitun, astean eginiko lana parekoa izanik esfortzua balioesteaz mintzo da.

Dena den, diruaren eztabaidatik harago doa desberdintasunaren auzia. Euskotren Ligak zortzi estropada soilik ditu. «Nik neuk ez dakit ondo zergatik. Irristada batekin liga gal dezakezu, ez daukazu hobetu edo sailkapena iraultzeko tarte handirik, alegia».

«Estropada gehiago edukitzeak gastu gehiago eskatzen du, eta badakit gizonen aurretik lehiatzean beraiei beroketa ariketak egitea oztopatzen diegula», zehaztu du naturaltasunez. «Bestetik, Galiziara ez gara inoiz joaten, daukan kostuagatik, eta betiko lekuetan aritzen gara. Horrela da eta horrela behar duela dirudi».

Gipuzkoako Liga, Euskotren Liga (8 banderatik 7 poltsikoratuta), Gipuzkoako Txapelketa eta Kontxako Bandera irabazi dituzte amaitu berri den denboraldian. «9ko nota jartzen dut, ez gara perfekziora heldu. Euskotren Ligako bandera denak irabazi nahi genituen eta lehen jardunaldian Hibaikaren eskutik ezustekoa jaso genuen, beraz, helburua ez dugu guztiz bete. Euskadiko Txapelketan ere kale egin genuen, ilusio berezia bageneukan ere. Kontxako lehen igandean ere Hibaika nagusitu zitzaigun. Galdu ditugunak estropada esanguratsuak izan dira eta mina eman digute porrotok».

Hibaikak estutu du San Juan azken bi urteetan –Telmo Deunaren desagerpena geroztik– eta Orio ere gutxika-gutxika hurbiltzen doa, «oraindik pauso bat beherago dagoen arren». 27 urte beteko ditu azaroan eta bere unerik gozoenak Gipuzkoan pasatu dituela aitortu du. Grinatsu dago beste urtebetez jarraitzeko, baina ezin du ziurtatu, «lanak baldintzatuko du-eta erabakia». Arraunarekin ez da nekatu, irabazteaz nekatu ez den legez. •