2017/09/16

Kronika
 
ARRAZAKERIA AEB-ETAN: HAMAR TESTU, INOIZ ITXI GABEKO ZAURIA ULERTZEKO

Esklabotza eta bere oinordetza beti izan dira arazo iturri Ameriketako Estatu Batuetan eta asko izan dira arraza arteko harremanei eta tentsioei buruz hitz egin eta idatzi dutenak, baina gutxitan hartu du haien lanak Trump presidentearekin hartu duen garrantzia.

Irati Jimenez
Gaur8_protesta3

Zapalkuntza izugarria eta bikoitza dago AEBen oinarrian. Amerikako bizilagunen genozidioa eta Afrikatik haien gogoaren kontra ekarritako milioika lagunen esklabotza. Gaiztakeria horren kontra askok hitz egin dute

Egun, «The New Colossus» poema Askatasunaren Estatuaren oinarrian dago eta boladan jarri da, Trump Administrazioak etorkin gazteenak babesteko DACA legea arriskuan jartzean, kazetari batek bere prentsa arduradunari irakurri ziolako

Ohitu gara beltza bat AEBetako presidente gisa ikusten, baina ezin da ahaztu horrek zer-nolako lorpena zirudien 2008an. Une hartan, esperientzia politiko askorik gabeko abokatu beltz bat ez zen bere alderdiak buruan zeukana

Angela Davisen «Emakumeak, arraza eta klasea» emakume beltzek esklabotzatik jasandako menderakuntza ulertzeko ezinbesteko lana da, baina menderakuntza horri aurre egiteko izan dituzten estrategiak ulertzeko tresna ere bai

Ez da erraza Donald Trumpen Gobernuaren eskandaluen zerrenda egitea, ezta kronologia bat egitea ere. Errusiako Gobernuak hauteskundeetan izan zituen ustezko esku hartzeen inguruko albisteak, adibidez, egunero berritzen dira eta denborak esango du noraino hel litekeen. Denborak eta Robert Muller fiskal bereziak, bera baita Errusiaren haritik tiraka ari dena, Kongresuak hala eskatuta. Momentuz, ostera, eta horrek ematen duenaren zain, beste sute asko ditu Trump presidenteak mahai gainean. Azkena, eta momentuz zalapartarik handiena eragin duena, arrazarena izan da.

«Bi aldeetan» jarri zuen erantzukizuna presidenteak Virginiako Charlottesville hirian emakume baten heriotzaren ondoren eta hortxe bukatu ziren askorentzat, tartean enpresa handietako hainbat bururentzat, presidente honekin zituzten azken itxaropenak. Izan ere, hildako emakumea, Heather D. Meyer, militante antifaxista zen. Aurrean zituenak eta bere heriotza eragin zutenak, svastikadun gizonak, «judu batek ez du nire lekua hartuko» aldarri egiten duten neonaziak, suziriak eskuetan Virginiako gaua hartu zuten supremazistak. Eskuina batzea dute helburu eta Trumpen Gobernua politika arrazistak egiteko presionatzea. Zurien diskriminazioa salatzen dute eta esklabotza mantendu nahi zuen konfederazioaren sinboloak erreibindikatzen dituzte, sinbolo horiek kentzeko antolatu den mugimenduaren kontra. Mugimendu horrek duela bi urte hartu zuen indarra. Dylan Roof izeneko gizon zuri bat eliza beltz batera sartu zen eta «beltzak hilko ditut» aldarrikatuz, konfederazioaren sinboloen zale honek bederatzi lagun hil zituen.

Sinbolo horiek nahikoa iraun dutela pentsatu zuten askok eta Virginian oldartu dira haien kontra Ku Klux Klaneko kideak, alt-right mugimenduko militanteak, nazionalismo zuriaren bozeramaileak. Hain nabarmenki dira salagarriak, eskuetan zeramatzaten suziriak egin zituen enpresak berak ere gaitzetsi egin dituela. Presidenteak, ostera, haien artean «jende ona» ere badagoela esan du, eta, besteak beste, Black Lives Matter mugimenduak esandakoa agerian geratu da berriz: arrazaren zauria itxi gabe dago eta normala da, tarteka, odola borborka isurtzea.

Zapalkuntza izugarria eta bikoitza dago Ameriketako Estatu Batuen oinarrian. Amerikako bizilagunen genozidioa eta Afrikatik haien gogoaren kontra ekarritako milioika lagunen esklabotza. Gaiztakeria horren kontra, hasieran, eta horren oinordetzaren kontra, gero, hitz egin dute askotan abertzaleek, militanteek, poetek, idazleek, politikariek, aktibistek. Politikak hartu duen giro zitalarekin ez da une txarra esan zutena gogoratzeko eta arraza arteko harremanen historia ulertzeko balio duten hamar testu hauek berreskuratzeko.

«The New Colossus» (Enma Lazarus)

1883an, Enma Lazarus (1849-1887) poetak Askatasunaren Estatua egiteko diru bilketa baterako eskaria jaso zuen eta etorkinei ongietorria emateko testu bat prestatu zuen. Horrela sortu zen “The New Colossus”, munduko migranteen babesleku izan nahi zuen estatu baten ereserkia. Egun, poema hori estatuaren oinarrian dago eta boladan jarri da, Trump Administrazioak etorkin gazteenak babesteko DACA legea arriskuan jarri zuenean, kazetari batek bere prentsa arduradunari irakurri ziolako.

Merezi du etorkinen nazio honen oinarrian dauden bermeak gogoratzeko Rodasko Kolosoari aipamen egiten dion poema hau irakurtzea. Greziar garaiko estatua erraldoiaren lekuan beste norbait dagoela aldarrikatzen du, mundu osoko erbesteratuen ama izatera etorri den emakume bat. Antzinako inperioek haien loria gorde dezaketela dio, berak bilatzen dituenak besteak direlako, «nekatuta daudenak, txiroak, askatasun egarri direnak».

Non aurki daiteke: Sarean nonahi, ingelesez (Wikipedian bertan) zein munduko ia edozein hizkuntzatan.

«Am I not a woman?» (Soujourner Truth)

Beste izen batekin jaio zen, esklabotzara behartuta, baina aske izatea lortu zuen eta zapalkuntzaren kontra ahotsa altxatzea erabaki zuen, emakumeen eta beltzen eskubideak, biak aldarrikatuz. Soujourner Truth akbistibarena da Ameriketako Estatu Batuen historian egin den diskurtso publikorik ederrenetako bat, “Am I not a woman?”.

1863an eman zuen, Akron hirian (Ohio) antolatutako Emakumeen Biltzarrean. Beste batzuek transkribatuta ezagutzen dugu, generoaren eta arrazaren zapalkuntzak azaleratu zituen testu gogoangarri hau, iparraldeko emakumeen eta hegoaldeko beltzen mugimenduak aldarri bakar batean biltzen dituena, «ez ote naiz neu ere emakumea?».

Non aurki daiteke: Itziar Zigaren “Malditas” liburuan (Txalaparta, 2014) egileari buruzko biografia eta analisi feminista aurki daitezke, bere testuaren itzulpenarekin batera.

«Narrative of the Life of Frederick Douglass, an American Slave» (Frederick Douglass)

Soujourner Truth bezala esklabo jaio zen eta askatasuna lortutakoan abolizionismoaren ahots bilakatu zen. Frederick Douglass ezinbesteko izena da Ameriketako Estatu Batuetako beltzen historian, nahiz eta Trump presidenteak ez dakien nor den, antza, aurten orainaldian hitz egin zuelako berari buruz, biziko balitz bezala. Ez da bizi baina bere autobiografia da sasoi berean esklabo ohiek idatzi zituzten testu guztien artean eragin handiena izan zuena.

Egon zen bere sasoian testua ezin zuela beltz batek idatzi esan zuenik, kalitate handiegia zuelako. Baita kalitate hori azpimarratu zuenik ere, Margaret Fuller literatur kritikariak kasu. Mundu guztiak irakurri beharreko lana zela esan zuen, «ikus dezaten noraino hel litekeen esklabotzak ito zezakeen gizon honen adimena, aberats harroen irainak eta salerosle ankerren kolpeak jasan dituen gizon honen adimena».

Non aurki daiteke: Gaztelaniaz behin baino gehiagotan argiratu izan da, azkena Alcala argitaletxeak “Vida de Frederick Douglass, un esclavo americano” izenarekin. Ingelesez mila aldiz argitaratu da eta doan aurki daiteke sarean, hainbat webgune politiko eta historikori esker.

«I know why the caged bird sings» (Maya Angelou)

Bi baino ez dira Ameriketako Estatu Batuen historian presidente baten kargu hartzean parte hartu duten poetak. Kennedy hautatu zutenean Robert Frost entzun zen “The Gift Outright” irakurtzen («lurra geurea izan baino lehen geu ginen harenak»), eta, Bill Clintonek kargua hartu zuenean, emakume beltz txiki eta indartsu bat altxa zen bere ondora, “On the Pulse of Morning” poema irakurtzera («luzaroegi ibili zara/ iluntasunari begira/ ahoan hitza txistua bezala/ sarraskirako armatua»).

Maya Angelou zen, legenda amerikarra, bizitza honen zaurgarritasunari aurre egiteko irakurle batek aurkituko duen bidelagunik onenetakoa. Idazlea izan zen, aktibista, prostituta, aktorea, ekoizlea eta beste mila gauza. Batean kabitu ez eta zazpi memoria liburu idatzi zituen, hauxe lehena, kemenez eta umorez idatzitako memoria liburua, ezinbestekoa segregazioaren sasoian beltza izatea zer izan zen jakin nahi duen ororentzat.

Non aurki daiteke: Gaztelaniaz bosgarren edizioa egin du Libros del Asteroide argitaletxeak Maya Angelouren lehen memoria liburuarekin, “Yo sé por qué canta el pájaro enjaulado” izenekoa.

«Autobiography» (Malcolm X)

Bikaina, mingarria, erabakigarria. Halaxe deskribatu zuen “New York Times” egunkariak Malcolm X-en biografia argitaratu zenean, 1965ean. Pantera beltzen mugimenduaren inspirazio iturri bilakatuko zen gizona balaz hil eta gutxira izan zen, Alex Haley kazetariak Malcolm berarekin egindako elkarlanari esker. Malcolm X-en bizitza eta esperientzia politikoa ia thriller baten modura kontatuta daude, bere heriotzara doala dakien gizonaren tonu ia apokaliptikoarekin. Leherkari baten indarra du liburu honek, indarkeriaren eta arrazakeriaren sustraiak ulertzeko eta garbitzeko etengabe iritziz aldatzeko prest egon zen gizon argi, zintzo eta adoretsu baten testigantza bizia dira bertan jasotako kontakizunak, heriotzaren ia beste aldetik idatziak diruditen arren.

Non aurki daiteke: Euskal Herrian Txalapartak argitaratu zuen, “Vida y voz de un hombre negro” izenarekin (Txalaparta, 2000). Bere diskurtso politikoen zatiak ere ageri dira, liburua osatzeko.

«I have a dream» (Martin Luther King Jr.)

1999an Wisconsin-Madison unibertsitateak Ameriketako Estatu Batuetako akademiko eta irakasleei galdetu zien zein zen haien ustez XX. mendeko hitzaldi publikorik garrantzitsuena. Bada, 1963ko abuztuaren 28ra begiratu zuten, Washingtonera 250.000 gizon eta emakume ekarri zituen manifestazio erraldoira. Egun hartan, Martin Luther King Jr. abade baptistak beltzen eskubide zibilak, laboralak eta politikoak eskatzeko hitz egin zuen, etxebizitza duina, hezkuntza sistema ez-segregatua, boto eskubidea, bidezko enpleguak. Erretorikaren historian mugarria jarri zuen eta bere burua Lincoln edo Jeffersonen pare jarri zuen, arazo politikoei maila espirituala eman zien, arrazakeriaren bekatu originalarentzat berdintasunaren erredentzioa proposatuz. Bere ardura erlijiosoak konpartitzen ez dituztenentzat ere hunkigarria bilakatzen den ereserkia osatu zuen, aberri hobe baten promesean oinarritutako kantu ederra.

Non irakur daiteke: Wikisources entziklopedian hitzaldi osoa dago, ingelesez, eta Wikipedian bertan euskaraz aurki daiteke.

«Women, Race & Class» (Angela Y. Davis)

Asko hitz egiten da intersekzionalitateaz feminismoaren baitan, kategoria kulturalen, gizarte arlokoen zein biologikoen arteko harremanak ulertzeko eta gizaki batek bizi ditzakeen zapalkuntza eta pribilegio egoerak hobeto ulertzeko. Arlo horretan, ohiko bilakatu da Angela Y. Davisen izena eta lanak aipatzea. Asko ditu interesgarriak baina “Emakumeak, arraza eta klasea” da emakume beltzek esklabotzatik jasan duten menderakuntza ulertzeko lan ezinbestekoa, baita menderakuntza horri aurre egiteko izan dituzten estrategiak eta erresistentziak ulertzeko tresna ere.

Non irakur daiteke: 2015ean Angela Davis Euskal Herrira etorri zen, Arnaldo Otegi kartzelan zela, hura bisitatzeko asmoz. Ez zuen lortu baina bere bisitak hauspoa eman zion jadanik bere lanarekiko zegoen zaletasunari eta ordutik hiru dira Euskal Herrian argitaratu diren bere liburuak. “Emakumeak, arraza eta klasea” (2016) argitaratu zuen Jakin-Elkarrek, “Askatasuna, etengabeko borroka bat” (2016) Katakrak argitaletxeak eta horixe bera gaztelaniaz atera du bere harpidedunentzat Txalapartak, “La libertad es una batalla constante” izenarekin. Euskal Herritik kanpo askotan argitaratu dira Angela Davisen lanak, mundu osoko hizkuntzetan.

«A more perfect union» (Barack Obama)

Munduko biztanleok ohitu gara beltz bat Ameriketako Estatu Batuetako presidente gisa ikusten, baina ezin da ahaztu horrek zer-nolako lorpena zirudien 2008an. Momentu hartan, esperientzia politiko askorik gabeko gizarte ekintzaile eta abokatu beltz bat ez zen bere alderdiak buruan zeukana John McCain gerra beteranoari aurre egiteko. Baina ezustean eta jendaurrean hitz egiteko bere gaitasun harrigarriari esker Barack Obamak izendapena irabazi zion Hillary Clintoni eta Etxe Zuria errepublikanoei. Gaitasun horren adibide da Philadelphian eman zuen hitzaldi hau, bere mentore Jeremiah Wright abadeak zurien eta juduen kontra egindako adierazpen batzuek bere kanpaina kolokan jarri zutenean. Arrazaren arazoari aurre aurre begiratu zion eta une hartan askok sinetsi zuten zauria sendatzeko gai izango zela. «Gaur hasi baino ez gara egin. Baina hementxe bihurtzen da gure batasuna indartsuago. Gu baino lehen beste horrenbeste belaunaldi konturatu diren bezala konturatzen gara abertzale talde batek duela 221 urte sinatu zuen aldarrikapena hasiera baino ez dela, hementxe ekingo diogu perfekzioari».

Non aurki daiteke: YouTuben egon zen lehen egunean hitzaldiaren bideoak 1,3 milioi ikustaldi izan zituen. Transkribapen ugari daude ingelesez, tartean Wikipedian. Gaztelaniaz transkribapen bat baino gehiago aurki daiteke “Hacia una unión más perfecta” izenburupean.

«Bad feminist» (Roxanne Gay)

Bospasei orrialdeetako saiakera laburrak dira liburu hau osatzen dutenak eta arrazaz gain beste gai asko ukitzen dituzte. Abortua, eskubide zibilak, gizarte sareetan erabiltzen dugun hizkuntza, bortxaketaren kultura, pelikulak edo harreman sexualak, gai horiei guztiei buruzko analisia egiten du Roxanne Gay idazleak, askotan, umorez, eta, beti, garaiotan ezohikoa den ardurarekin. Bere analisietan zapalkuntza ez da bizitza osorako kondena bat, pribilegioa ez da inor fiskalizatzeko amarru bat eta inor ez da bizitza osorako biktima.

Non irakur daiteke: Iaz argitaratu zuen Capitan Swing argitaletxeak “Mala feminista” izenarekin eta bigarren edizioa kaleratu du aurten.

«I, Too, Sing America» (Langston Hughes)

Poema bat bukatzeko, Langston Hughes (1902-1967) idazlearena. Jazz poesia deitu zenaren aitzindaria izan zen eta 1920ko hamarkadako Harlem auzoko “Berpizkundean” parte hartu zuen. Arrazaren arazoek ez dutela norbere abertzaletasuna mugatzen, horixe beltzen literatur historia errepasatzean beti gogoratzen den testu labur honen mezua.

Neu ere

Neu ere Amerika kantatzen ari naiz

Anaia iluna naiz.

Sukaldean jateko agintzen didate

norbait datorrenean.

Baina barre egiten dut,

eta ondo jaten dut,

eta sendotu egiten naiz.

Bihar, mahaira eseriko naiz

norbait datorrenean.

Orduan,

inor ez da ausartuko

«jan sukaldean»

niri esatera.

Gainera,

ze ederra naizen ikusiko dute.

Eta lotsatu egingo dira.

Neu ere banaiz Amerika.