amagoia.mujika@gaur8.info
BIZIPOZA JAIA DERION

Bizitzeko poza, elkartasuna, auzolana eta euskara, herria josteko hariak

Bizipoza Elkartera bildu diren 33 elkarteetako kide gehienentzat egunerokoa ez da erraza. Gaixotasun bat, egoera bereziren bat, jendartearen begiraturen bat traba bihurtu zaie. Bihar Derion jaia egingo dute; bizipoza, elkartasuna, auzolana eta euskara edozein min apaltzeko moduko botika direla aldarrikatzeko.

Elkarteen elkartea da Bizipoza Elkartea eta Euskal Herriko izaera bereziko 33 elkarte biltzen ditu bere baitan. Bere leloak garbi agertzen du elkartearen arima: “Munduak guztiontzat behar luke”. Baina, tamalez, inguratzen gaituen munduan beti ez dira kabitzen errealitate guztiak, nahiz eta guztiak mundu horretakoak izan. Hutsune hori ondo ezagutzen dute Bizipoza osatzen duten elkarteek. Askotarikoak dira eta haien beharrak eta minak ere halakoxeak dira, askotarikoak. Horregatik elkartu dira Bizipozaren baitan, indarguneak indartzeko eta ahulguneak ahultzeko.

Tourette sindromea, minbizia, fibrosi kistikoa, bihotzeko kardiopatia, Sanfilipporen sindromea... gaixotasun ugariren inguruan lan egiten duten elkarteak biltzen dira Bizipozan, eguneroko bizitza zailtzen dieten trabak gutxitzeko elkarlana sustatzeko helburuz. Bestelakoak ere badaude; guraso bananduen elkarteak, Harrera familien elkarteak, Chernobilen Lagunak, Etiopia Utopia Fundazioa edo genero identitatearen inguruko elkarteak kasu. Batzuetan ez baita gaixotasun bat bizitza zailtzen duena, egoera bat eta jendarteak egoera hori begiratzeko duen modua baizik.

Kasu guztietan «bizipoza» da botikarik onena. Gure Señeak elkarteko Luisma Landaluzek nabarmendu duenez, «egoera zaila edo gogorra izanik ere, kalera atera beharra dago. Bizitzaren poza da indarra, motorra, nahiz eta egunero ohetik altxatzean bizitza erraza ez dela konturatu eta trabak garrantzitsuak izan. Bizipoza bizitzaren aurrean dugun jarrera bat da. Bizipoza elkarteak eta hor gauden guztiok hori bultzatzen dugu. Beste mundu bat posible dela defendatu nahi dugu. Sarritan egoera zailen aurrean sufrimendua nabarmentzen da eta horrek ez dio laguntzen ez pertsonari berari ez ingurukoei ere». Bizitzaren alde baikorraren apologia da, beraz, elkartearen bizkarrezurra. Hortik aurrera, desberdinak izatearen aberastasuna, euskara, elkartasuna eta auzolana dira Bizipozaren zutoinak.

Egun guztiko jaia

Bizipozaren baitako elkarteek egunero eta urteko egun guztietan egiten dute bizitzeko poz horren aldarrikapena; batzuetan arrakasta gehiagoz eta bestetan gutxiagoz. Baina urtean behin guztiak elkartu eta beren baloreak kalera ateratzeko ariketa egiten dute Bizipoza jaian. Aurtengo hitzordua bihar dago jarria, Derion.

Egun guztiko festa eskainiko du Bizipozak eta prestaketa lanetan boluntarioen lana «ezinbestekoa» izan dela nabarmendu dute. Biharko hitzorduan ere ez da boluntariorik faltako dena prestatu bezala atera dadin. Jaiaren helburua «ondo pasatzea» izango dela nabarmendu dute. Eta, bide batez, «bizipoza, elkartasuna, euskara eta auzolana» herri bat eraikitzeko zimendu apartak direla gogoraraztea.

BIZIPOZAREN JAIA

Iraila17

IGANDEA

ARANTZAZU KALEKO

OHOLTZAKO GUNEA

10:00

Elkarteen topaketa.

11:00-13:00

Piko-Piko jolasa BERTOKO ZAMUDIO trikitilari taldea eta IRRIEN LAGUNAK KLUBeko pertsonaiekin batera.

13:00

«Agurra» oholtzan. Jarraian TABERNA IBILTARIAko lagunak herrian zehar, eta IRRIEN LAGUNAK KLUBeko PERTSONAIAK frontoi txikian izango dira elkarteekin.

13:20

KANTARELUX eta LAINOMENDI dantza taldea oholtzan.

14:00

PIPERDUN flamenko taldea oholtzan.

14:15-15:00

TABERNA IBILTARIAko lagunak oholtzaren gunean.

16:00

KALE DOR KAYIKO elkartearen tailerra gunea (kaxoia eta palmak jotzen ikasteko aukera paregabea!).

16:30

ANE ETA PIRATAK PARRANDAN dantzaldia Bizipozako elkarteekin batera oholtzan.

17:30

Txokolatada

18:00

Jaiaren amaiera.

KIROLDEGI BARRUKO

GUNEA

11:30

PIRRITX, PORROTX ETA MARIMOTOTSen «Tipi Tapa Korrika» ikuskizuna.

15:00

KUKUKE antzerki eskolaren dantzaldia.

15:20

URREZKOA SAGARRA (Josu Camara ipuin kontalaria, KUKUBILTXOren eskutik).

FRONTOIEN

GUNEA

Frontoi txikian: BIZIPOZAKO ELKARTEAK ezagutzeko aukera egun osoan zehar.

Frontoi handian: 14:00etatik 16:00etara bazkaria.

FUTBOL ETA TENIS ZELAIEN GUNEA

• IRRIEN LAGUNAK KLUBeko puzgarriak.

• BBK Fundazioaren eskutik: Rokodromoa eta ohe elastikoak.

• Derioko AMPAren eskutik tailerrak.

ARANTZAZU KALEKO BEHEKALDEKO GUNEA

• ATHLETIC CLUB FUNDAZIOAren eskutik: giza-futbolina, futbol-txapa (iturriak), marrazki tailerra, aurpegiak margotzeko gunea...

• GIPUZKOAKO KIROL EGOKITUEN FEDERAZIOAren eskutik tailerrak