Miren Azkarate Badiola

Ikusgarria

Pasa den igandean naturak duen indarraren irudiak eta ondorioak ikusi ahal izan genituen hemen Euskal Herrian eta Atlantikoaren beste aldean. Begi batez Donostiako badian jokatzen ari ziren estropadak ikusten aritu nintzen, eta, bestearekin, Karibeko irletan gertatzen ari zena.

Kantauri itsasoa zakar zegoen, bi metrotik gorako olatuak eta haize bortitza. Ondorioz, aurtengo Kontxako estropadak, ikusgarriak ez ezik, arriskutsuak ere izan dira. Beldurra ematen zuen telebistaz ikusteak, eta, bertatik bertara, protagonisten hitzei erreparatuz, beste horrenbeste. 2017ko estropadak bertan behera geratzekotan izan ziren, beraz, broma gutxi!

Gisa honetako beste Kontxako Bandera bat gogoratzeko urteak egin behar dira atzera. Segundo batez trainerua ikusi eta ondorengo bostetan ez, hegan aterako ziren inpresioa batzuetan eta ondoratuko zirenarena besteetan. Ausardia behar da gero horrelako itsasoarekin arraunean egitera ateratzeko, eta egun horretan itsasoratu ziren emakume eta gizon guztiek hori erakutsi ziguten. Naturaren enbaten aurrean gizakia zein txikia den ikusi genuen beste behin ere, eta, zorionez, ez zen ezer larririk gertatu, edozer gertatu ahal zelako (eta ez naiz soilik emaitzez ari).

Hala ere, ezin uka ikuskizun paregabea izen zela irailaren 10ean Santa Klara uhartearen eta Aquariumaren tartean gertaturikoa. Irudi zoragarriak eta ahaztezinak izan ziren.

Aldiz, munduaren beste puntan gertatzen ari zenak ahaztezinetik bai, baina zoragarritik ezer gutxi zuen. Egunak generamatzan “Irma” urakanaren zain, egunero entzuten komunikabideetan zein bide hartuko zuen, nondik pasako zen eta zein indarrekin. Behin pasata, aldiz, Miamitik soilik pasatu den sentsazioa dut. Kuban eta gainontzeko Karibeko irletan zer gertatu den jakiteko bertako komunikabideetara jotzea besterik izan ez dugulako bertakook. Minutuz minutu eta zuzeneko konexioekin irentsi dugu Floridako estatuan “Irma” urakanak eragindako triskantza, gainontzeko lekuetan eragindakoak garrantzirik izango ez balu bezala.

Kezkak eta jakin-minak Kubako hedabideak arakatzera eraman nau eta azken urteetan igaro den urakanik bortitzena bezala definitu dute. Ez diot nik, bertakoek diote. Irla horretan eta inguruan dauden guztiek orain beraien esku eta baliabideekin bakarrik egin beharko dute aurrera, beste inoren laguntzarik gabe. Eta urakanen denboraldia hasi besterik ez da egin, orain “Jose” izenekoa gerturatzen ari zaie…

Naturaren indarraren aurrean txikia da gizakia. Ikusgarria izaten ari da, baina, oso gogorra, aldi berean, beste begiak ikusi duena. •