Izaga, Xabier
IKUSMIRA

LEGE LEGALAK ETA ILEGALAK, DEMOKRAZIA ETA SOFISMA

Kataluniako Parlamentuak lege bat egin berri du. Ez da gauza arraroa, horixe baita parlamentuen egitekoa. Kataluniako Parlamentuak, baina, lege ilegal bat egin duela esan dute Gobernu espainiarrak eta hark izendatutako epaileek. Kataluniarrek hautatutako Parlamentuak egin duen legea demokraziaren aurkako erasoa omen da, legea –lege legala, alegia– hausten baitu. Legeak –lege legalak, alegia– demokrazia bermatzen omen du; beraz, lege hori haustea demokraziaren aurka egitea da, frankismoaren legeekin hain gustura bizi zirenek diotenez. Izan ere, frankismoak ere bazituen legeak, lege legalak, alegia. Eta lege legala betearazteko zeregina duten epaileek hura hausten duten gobernariak, alkateak, funtzionarioak, boluntarioak eta bozkatu nahi duten dozenaka mila herritarrak jazarri beste erremediorik ez dute, demokrazia bermatzeko. Filosofoek sofisma esaten diote. Edozein amaren seme-alabok, berriz, suabe esatearren, txatxukeria. Xabier Izaga Gonzalez