Saioa Aginako Lamarain
Psikoterapeuta

Oztopoak gainditzen

Europako beste lurraldeekin alderatuta, hemen, Euskal Herrian, gure seme-alabei gehiegizko babesa eskaintzen diegu; hau da, «badaezpada» hitza zutoihal bezala hartuta, gure seme-alabei bizitzea dagozkien gudak hartzen ditugu gure gain, beraien gorputzak balek zula ez ditzaten; halere, paradoxikoki, bala galduak izaten amaitzen dute batzuek. Gure seme-alabak sufritzen ikusteko beldurrez bizi gara gurasook, beraien helburuak autonomiaz lortzearen ezintasunak sortutako frustrazioa bizitzeko beldurrez. Orokorrean besteen sufrimendua sentitu eta ikustea kosta egiten zaigu, baina, gure seme-alabena, are gehiago, eta gaizki pasatzen dugu.

Sufriarazi gaituzten esperientzietatik seme-alabak aldentzen saiatzen gara, ez gara konturatzen beraiek inguratzen dituen errealitatea ez dela guk bizi izandako errealitate bera. Hala, eta hemen dago koska, seme-alabak gurekiko pertsona bereiziak direla ahazten dugu, berezko ezaugarriekin. Argi dago ez dugula gure seme-alabek gorriak ikustea nahi, baina, hemen askotan esan dudan bezala, bizitzan momentu mingotsak ere badaude, eta, horiek ekiditeko bidea erraztu nahian esku hartzen dugunean, gure ondorengoen ikastaldi eta indartze emozionala oztopatzen ari gara konturatu gabe. Aldi berean, gure jarrerarekin, garapen pertsonalerako aukera bat ukatzeaz gain, beraien limiteak esploratzeko eta beraien gaitasunekin topo egiteko aukera ezeztatzen diegu seme-alabei.

Egunerokotasunean anitzak dira jokabide honen adibideak; beste batzuen artean, esaterako, jolasten ari direla ez diegu zikintzen edo lurrera erortzen uzten, beti bost segundo aurreratzen gara hori gerta ez dadin, edo, otorduetan, bakarrik gustuko jakiak jartzen dizkiegu platerean, edo, lagun batekin arazoren bat dutenean, argudioak entzun gabe beraiek egindakoa ontzat ematen dugu. Gehiegi babesten ditugunean, seme-alabek arduratsuak edo arduragabeak izatearen ondorioak esploratzea saihesten dugu, eta, horrekin batera, beraien jarrera eta ekintzen inguruan hausnartzeko tokia eta aukera ukatzen diegu.

Bizitzan zehar arazoak agertuko zaizkie gure seme-alabei ere. Guztiok bizi izan ditugu eta biziko ditugu; alde batetik, kanpotik etorriko direnak, eta, bestetik, norberak aurrera eramandako ekintzek sortutakoak. Buruhausteentzat erremedioak bilatzen ikastea bizitzarako ezinbestekoa den ikaskuntza da eta bakarrik une desatseginak bizitzen lortuko dute.

Horrek ez du esan nahi ez diegula gure seme-alaben arazoei inolako jaramonik egin behar, baizik eta suertatzen zaizkien arazoak lehenengo pertsonan bizitzen utzi behar diegula, konponbidea euren kabuz bilatzera animatuz. Segurtasun sentsazioa eskainiz, beraien arazoak entzunez, limiteak jarriz, erantzukizunaren garrantzian heziz, autonomia bultzatuz, autoestimua garatzen lagunduz, konfiantza landuz eta beraien bizipenen bidaide izanez.

Harremanak galtzea, lanean hanka sartzeren bat egitea edo besteen epaia jasotzea bizitzan zehar arruntak diren egoerak dira eta horietatik eratorritako sentimenduak ez dira atseginak. Sentimendu horiek kudeatzen txikitatik ikas genezake, haurrak garenetik alegia, baina, horretarako, helduek utzi eta aukera eman beharko digute. Haurtzaroan, antsietate, tristura edo frustrazio sentimenduak ekiditen badizkiegu etengabe haurrei, gaizki pasa ez dezaten helburu, etorkizunean ez dira prest egongo heldu umo eta emozionalki arduratsuak izateko.

Utzi, eta aldi berean lagun diezaiegun seme-alabei konponbideak topatzen, beren kabuz gainditutako erronka eta oztopo bakoitza ahalduntzerantz aurrerapauso bat izan dadin. •