Nerea Ibarzabal

Pisua

Gerra bakoitzaren ostean, norbaitek garbiketa egin behar du. Ordena ez da bakarrik egingo. (…) Norbaitek zutabe bat mugitu behar du arrastaka hormari eusteko, norbaitek kristalak jarri behar dizkie leihoei eta ateak jarri gontzetan. Ez da lan fotogenikoa, eta urteak hartuko ditu. Kamerak beste gerra batzuetara joan dira. (…) Historiaren trama dakitenek apenas ezagutzen duten horien esku utzi behar dute. Eta apenas baino gutxiago ezagutzen dutenen esku, eta ezer ez dakitenen esku ere bai». Hala zioen Wislawa Szymborskak “Amaiera eta hasiera” izeneko bere poeman, eta hitzak sumatu ditut behatza nigana zuzentzen, argi identifika dezadan nire burua gerraren historia «apenas ezagutzen duten» horien artean, Gerra Zibilarena behintzat.

Dena jasota zegoen gu iristerako. Ez leihorik hautsita, ez eraikinik haustuta. Etxeko dramak hain ondo estalita, non aiton-amonek azaletik kontatzen zituzten istorio beltz horietan inoiz ez zegoen argi nori gertatu zitzaion zer, edo guri, edo ondoko baserrikoei, edo besterik gabe, norbaiti entzundako urruneko kontuak ziren denak. Ze gure kasuan birraiton-amonek eraman zuten historiaren trama, eta denbora hori da, norbere bizitzako dramarik gogorrenak norbere birbiloben Historiako liburuko gai batean kabitzea.

Iruditzen zait urteak behar izan ditudala kalkulatzeko eskutik eskura igaro eta gure atzamarretara iritsi den historiaren pisua. Ikastolatik Gernikara egindako irteerek, kanturen batek eta pelikuletako erreferentziek eraikitako gerraren irudi difuminatu bat soinean hartuta egin dut nire ibilbide laburra, esaten ari zaizkiona garrantzitsua dela sumatu arren, ezer gutxi ulertzen duen haurrak bezala. Eta badakit naturala horixe dela, eta gure seme-alabek are gutxiago ulertuko dutela aurki mende bat pisatuko duen min hori. Egia esan, ez nioke kontra egingo denboraren ondorio berezkoari, ez ninduke hainbeste beldurtuko ahanzturak, gerra benetan 1939an amaitu zela pentsatuko banu.

Baina esnatzen naiz eta berriro ikusten dut Guardia Zibila inprentetan, eta eskulturetan pintaketa faxistak, oraindik leize eta bide bazterretan gehiagorentzako lekua dagoela esanez. Eta batzuk iragana ahazteko interes bereziarekin, eta sententziak, eta “putos rojos” sare sozial modernoetako iruzkinetan, eta euskaldunak kartzelan beti. Orduan konturatzen naiz ezin dugula lasai ahaztu, gure familietako isiltasunak baino gehiago beldurtzen nauelako gerra hartako garaileen ondorengo diren epaile eta alderdienak, isiltasun adostu hori, lehen gerra eta orain beraien neurriko bakea diseinatzeko hain beharrezkoa dena.

Joan den astean omenaldia egin zitzaien Markina-Xemeinen 1936. urtean udal kudeaketan aritzeagatik errepresaliatutako herritarrei. Kartzelan hil ziren batzuk, fusilatu egin zituzten besteak, eta batek bere buruaz beste egitea erabaki zuen kartzelatik irten ostean. Duela gutxira arte ezagutzen ez nituen istorioak eta izen-abizenak, barrutik astindu nindutenak betirako. Ni hor, nire gerraren irudi eramangarriarekin inoiz ezer gertatzen ez den gure herri txikian, eta bat-batean senideak, loreak, txaloak, herritarrak elkartuta eta ordura arte inoiz ikusi ez nuen zauri zahar eta handi bat bistan, denok.

Zintzurretaraino iritsi zitzaidan mina, zazpi gizon hauena, eta batez ere omendu gabe dauden guztiena, bortxatutako eta umiliatutako emakumeena, suntsitutako etxe eta familiena. Kaleak berreraikita baina historiako kapituluak itxi gabe jaso ditugu ondorengook, eta uste dut hor badugula ardura bat, demokraziaz mozorrotutako instituzioetatik inoiz etorriko ez diren aitorpenak egitekoa.

Hala behar du, noizbait historia lasai utzi nahi badugu ezer ez dakien ondorengoaren eskutan, Szymborskak zioen bezala: «Kausen eta efektuen gainean hazi den belarretan etzan behar du norbaitek, galburu bat hortzetan, lainoei begiratzeko». •