Ander Izagirre - @anderiza
Kazetaria

Atzerrimina

Gustave Flaubert nobelagilea txundituta gelditu zen Egipto zapaldu zuenean. Alexandriako portuan, marinelak arabiarrez oihuka ari ziren, tunika luzez eta harribitxiz jantzitako merkatariak batetik bestera paseatzen, oilaskoei lepoa bihurritzen zieten abere-hiltzaileak barrezka, astoak arrantzaka, dromedarioak marruka. Airean kresala, espezia exotikoak eta gizakien pixak usaindu zituen. Plaza batean eseri zen kafea hartzera eta ahuntz batek kaka egin zuen bere aurre-aurrean. Pozez zoratzen zegoen Flaubert.

Ekialde exotikoarekin amets egiten zuten XIX. mendeko hainbat intelektual europarrek. Frantziako zibilizazio burgesa, esnoba, harroputza eta itxurazalea ezin aspergarriagoa zen Flaubertentzat, bertako «abokatuak, tranbiak eta kremazko tartak» gorroto zituen eta, 17 urte zituenerako, bere lehenengo nobelan, orientalismoaren sukarra gori-gori antzematen zitzaion. Bere ustez, bizitzak kaosa izan behar zuen, legerik gabeko oparotasuna. Horregatik maitemindu zen Egiptorekin, hamar pauso eman baino lehen.

Eta horregatik proposatu zuen aberria aukeratzeko irizpide berri bat: jaio garen herriaren ordez, gehien erakartzen gaituen lurraldeak izan beharko luke gure benetako aberria, gure ideiak eta baloreak sustraitzeko lur emankorra, emankortasun hori ongarritzen duena astoaren kaka izanda ere, ezerekin eskandalizatu gabe.

Gaur egun, bidaia masifikazioarekin, burgesiarekin eta esnobismoarekin lotzeko argudio ugari dauzkagunean, bidaiaria susmagarri samar bihurtzen ari denean, bidaiatzearen zentzu baliotsuenak hor jarraitzen du: etxeko ziurtasunak zalantzan jartzearena, alegia. Bizitza oso desberdina izan daitekeela, kanpoan beste modu batean antolatzen direla, beste asmo, beldur, poz, plazer eta tabu batzuk dauzkatela: gure ohiturak eta egiteko moduak zalantzan jar ditzakegula gogoratzeko balio du bidaiatzeak, konformismoa astintzeko, uste harroak apaltzeko, tradizioa kritikatzeko.

Exotismoaren bizioak oso agerikoak direnez, bertute hori ere gogoratzea komeni da: lurralde exotiko batek indarrez astindu gaitzake. Ezagutu berri dugun munduak bat-batean erakartzen gaituenean, gure nortasunak zein balio eta ideiekin bat egiten duen ikus dezakegu. Eta, Flauberti gertatu bezala, atsegin ditugun balio horiek gure jatorrizko gizartean falta direnak baldin badira, aberriaren kontzeptu solidoa urtu eta atlasen orrialdeetan hedatzen den oliozko mantxa zehaztugabea bihurtuko zaigu. Zein da nire lekua... Etxean, eguneroko erosotasun eta ohikeriatan, besteek gugandik espero dutena betetzen ahalegintzen gara gehienetan, galdera eta kezkarik gabe. Baina paisaia eta jende ezezagunek halako zirrara eragiten digutenean, gure baitan ezagutzen ez genuen zokoren bat argitu egiten zaigu. Galderen jarioa hasten da. Eta aurrerantzean zaila izango zaigu betiko lekuan eta betiko jarreran eroso sentitzea.

Zalantzak ez dira erosoak, baina bidaiatzen duenak bere buruari min pixka bat eman behar dio, eguneroko segurtasunei harramazka batzuk gutxienez, munduan eta bizitzan daukagun lekuari buruz galderak egiteak azal zaharrak kentzen laguntzen baitigu. Nongoak garen edo zein lurralderekin identifikatzen garen azaltzeko erabiltzen ditugun hitzak atlasean zehar hedatzen badira, besteekiko loturak sendotu eta gure bizitza aberastuko dugu. Ordainetan, gaitz arin bat eramango dugu beti odolean, azkura bat, nostalgia gozo bat, etxean gaudenean erabat etxean sentitzen utziko ez diguna. Flauberti horixe gertatu zitzaion gaztetatik, eta hauxe idatzi zuen eskolako txango batean Korsika ezagutu ondoren Normandia ilunera itzuli zenean: «Uste dut txikitan haizeek ekarri nindutela lokaztegi honetara; seguruenik beste nonbait jaio nintzen». Atzerriaren nostalgia, atzerrimina. •

www.anderiza.com