Mikel Zubimendi
PORROTAREN AUTOPSIA

Hillary Clintonek akatsak aitortzen ditu baina porrotaren errua besteei egotzi die

Inork gutxik espero eta mundu osoa asaldatu zuen porrotetik hamar hilabetetara, Hillary Rodham Clinton bueltan da. «What Happened» memoria liburuarekin datorkigu, bere porrot epikoaren arrazoiak aztertu eta errudunak seinalatuz. Bera ezik, beste guztiak, «kontrolatu ezin nituen kanpoko indarrak», egiten ditu errudun.

Donald Trump ekarri eta mundua dardarka utzi zuen “Titanic”-aren pareko hondamendia, porrot epiko hura, gertatu zenetik urtea ere joan ez denean, Hillary Rodham Clinton hautagai garaitua bueltan da. Hogeita bost urte begi publikoaren bistan aritutako figurak (aurrenik lehen dama, gero senatari, Estatu Idazkari eta birritan presidentegai), nonbait, ezin du antzeztoki politikoa bat-batean utzi.

Bere 70 urteekin betiko desagertua eta erretreta politikoan nahi zutenentzat mezua ere badakar: «Hemen nago!». AEBetako historian izan den kanpaina latz bezain gogoangarriaren ondoren bere porrot itzelaz hausnartzera dator Clinton anderea. Bera baino askoz ere inpopularragoa, askorentzat bufoi bat eta munduko agintari boteretsuena bilakatzeko ezgaia zen Trumpen aurrean galdu zuen. Queens-eko demagogoak, higiezinen magnate eta telebistako reality-en izarrak, pronostiko guztien kontra, irabazi egin zion.

"What Happened" du grazia Hillary Clintonek argitaratu berri duen memoria liburuak. Post-mortem azterketa bat da, bere hitzetan, «ariketa katartikoa» eta dagoeneko Amazonen best-seller izatea lortu du. Botoa eman zioten 65 milioi pertsonentzat, agian, izango da kontsolamendua, asko eta asko horren beharrean baitaude, bai. Edonola ere, ironia ez da falta: hondamendi horrekin diru asko egingo duelako Clintonek, pentsa, ilaran egon eta sinadura lortzeko aukerak mila eta bostehun dolar balio ditu. Bere alderdikide demokratek izuz beterik hartu dute liburua, iraganari begira lotuta kokatzen dituelako eta ez geroari so, egoerari buelta emateko perspektiban.

AEBetako kulturan ez da galtzaileekiko begirunerik izaten. Berdin dio boto kopuruan nola geratu den, arau tranpatien inguruko eztabaida eta garailearen itsuskeria. Galtzailea galtzailea da eta kondena horren zama eramango du betiko. Izan ere, hainbeste abantaila zituen Clintonek! Hain nabariak ziren bere abantaila konpetitiboak! Diru gehiago zuen, iragarki, esperientzia gehiago, eliteen artean kontaktu gehiago (hala nola, orduko presidente Barack Obamarekin)… eta halere, apustu guztien aurka, galdu egin zuen.

Akatsak bai, errua ez

Egia da XVIII. mendeko anakronismo batengatik eta AEBetako sortzaileek herri demokrazia zuzenarekiko zuten nolabaiteko mesfidantzagatik izan ez balitz Clinton presidentea izango zela. Egia da, halaber, gakoak izan ziren Pennsylvania, Ohio edo Wisconsin bezalako estatuetan 67.000 boto gehiago lortu izan balitu, bera izango zela Etxe Zuriaren maizterra. Egia da, berak dioen bezala, «AEBetako historian gizon txuri batek» sekula eskuratu ez duen boto kopurua lortu zuela. Baina atzera-bueltarik ez dago: inork gutxik aurreikusten zuen lehia galdu egin zuen, nahiz eta ia hiru milioi boto gehiago lortu. Eta AEBetako historian ez da paradoxa horren lehen biktima, herritarren botoetan irabazi eta hauteskundeak galdu zituen bosgarren presidentegaia delako.

“What Happened” gainetik begiratuz, oro har, zera azpimarratu daiteke: Clintonek akatsak aitortzen ditu, batzuk txikiagoak –gehienak– eta besteak handiagoak. Beste aitorpen batzuen artean honakoak aipatzen ditu: «Ez nintzen ohartu, ez nuen barneratu nire oinpetan lurra zein azkar mugitzen ari zen», «ez nuen asmatu Trumpen ‘America First’ mezuari aurre egiten», «ez nuen figura eraldatzaile, iraultzaile gisa ni ikustea lortu», «nire egiazkotasuna zalantzan jarri zen». Oso sonatua izan zen, adibidez, Clintonek kanpainan Trumpen boto-emaileak «negargarri kuadrilla» bat zirela esatea. Aitortzen al du hori akatsa izan zela? Ez. Badirudi logika ezagun bat darabilela, hots, oker zabiltzanean ez dela sekula barkamenik eskatu behar, gogorrago eraso egin behar dela baizik.

Hala egiten du Clintonek. Benetako egia da Trump eta bere aldeko taldeek, bereziki sare sozialetan, Clintonez direnak eta bost esan zituztela: ahula, gaixoa, kriminala, fisikoki okaztagarria, «antikristoa» eta mitinetan, jendetzak «kartzelara! kartzelara!» kantatzen ziola.

Liburuan aipatzen dituenen arabera, Trump erabat heldugabea da, bere bulkaden gaineko kontrolik gabea, daukan ardurarako ezgai hutsa, erreaktiboa dela dio eta ez proaktiboa, pentsamendu estrategikorik gabea, zer egingo duen jakiterik ez dagoela, hitz batean, arriskutsua, oso arriskutsua dela. Estatu Idazkari gisa AEBetako kanpo politikaren ardura izan zuen Clintonentzat, Trumpek diplomazia jeneralen esku utzi du, eta hori barkaezina omen da.

Baina ez du jakin diskurtso koherente batean artikulatzen zergatik nahi zuen presidente izan; zer dela eta zegoen hain seguru bere garaipenarekin eta konfiantza horrek itsututa, zergatik ez zuen mezu positibo bat zabaltzen asmatu. Nola egin zuen hain kanpaina kaotikoa, helburu noble baten zerbitzura nola ez zuen jartzen jakin edo boto-emaileekin benetako kontaktu zuzena zergatik ez zuen bilatu.

Galdetzekoa da ez ote zezakeen beste mota bateko liburu bat idatzi. Galera horren lezioak bildu eta maite duen kausa politikoaren onurarako zein izan zitekeen aurrerabidea seinalatuz. Seguruenik ez litzateke best-seller bat izango, baina politikoki erabilgarriagoa zatekeen. Gauzak horrela, iradoki edo jakitera ematen du egoa eta dirua, antzeztoki publikotik aldentzeko ezina izan dituela hauspoa.

Errusia zitalaren eskua

Hillary Clintonek ez du inor errua egoztetik libre uzten. Denek dute erruaren beren partea, berak ez ezik beste guztiek. Eta errudunak ozen salatzen ditu: «Kontrolatu ezin nituen kanpoko indarrena izan da errua». Eta horien artean, guztien buru, Errusia, Errusia zitala.

Salaketa zorrotz eta zehatzak egiten ditu eta, nola edo hala, denek dute Errusiarekin lotura bat. Horrela, Julian Assangek zuzentzen duen Wikileaks taldeak, bere webgunean Alderdi Demokrataren Nazio Komitearen eta Clintonen kanpainaren buru John Podestaren milaka email argitaratu zituenak, errusiarren eskutik jaso zituen informazio horiek. Latzak esaten ditu Londreseko Ekuadorreko enbaxadan errefuxiatuta dagoen australiarraren inguruan: «Assange hipokrita bat da eta egindakoagatik kontuak ematea merezi du. Gardentasunaren zaindaritzat du bere burua, baina urteetan zehar munduan autokrata errepresiboenetarikoa den eta gardentasun gutxienetarikoa duen Putinen meza-mutila, laguntzailea izan da».

Clintonek ez du zalantzarik: «Putinek sabotatu zuen nire kanpaina». Nola? Ironikoki, Clintonek Sandersen kanpaina nola sabotatu zuen erakusten zuten dokumentuak Wikileaksi filtratuz. Assangek informazio hori errusiarrek eman ziotela beti ukatu duen arren, eta, are, Obamaren Inteligentzia zerbitzuen buruek horren baieztapenik sekula egin ez zuten arren, Clintonentzat berdin da: «Assange agente errusiar bat da, erdi nihilista, erdi anarkista, oportunista hutsa, susmoa dut Moskuren soldatapeko dela, eta dudarik ez dut, Putinen ‘autoritarismo matxoak’ liluratuta dago».

Vladimir Putin zuzenean apuntatzen du, eta salaketa oso larriak aurreratzen ditu. «Gerrarako eremu berri bat» ezarri duela dio, hain zuzen, «errusiarrek gure hauteskundeen sistemaren bihotzean sartzea lortu dutelako». Gerra egiteko dimentsio berri horretan, informazioa arma gisa erabiltzen dela defendatzen du, eta hatz erakuslea Kremlinek kontrolatutako “Russia Today” eta “Sputnik” bezalako plataforma mediatikoei zuzentzen die. Oso kezkatua ageri da eta gerra egiteko eremu berri hau serio hartu eta defentsa neurriak urgentziaz ezarri behar direla dio, erreminduta, «azpijoko horren irismenaz» AEBak ez direla ohartu salatuz.

Eztenkadak denentzat

Clintonen hitzetan, bere galera epikoaren beste kausa handi bat «politika tribalak» deitu dituenak dira, hots, arrazismoaren, sexismoaren eta atsekabe ekonomikoaren arteko nahasketaren erabilera lotsagabea.

Errusiarrekin ez ezik, beste pertsonaia batzuekin ere Clintonek kontuak egitea nahi ditu. Horien artean, bereziki aipagarria da James Comey, hauteskunde garaian FBIko buru izan zena. Bere porrotaren inguruan pentsatzean, Clintonek ez du ahazten hauteskunde egunaren aurretik, hamaika egun lehenago, Comeyk eman zuen prentsaurrekoa, non beraren kontra ikerketa berri bat abiatu zuela informatu zuen. Oso haserre ageri da FBIko buru ohiarekin, oso bereziki Trumpen eta Errusiarren arteko loturen inguruan beste ikerketa batzuk martxan zeudelako eta horien berri ez zuelako eman, eta Clintoni sekulako labankada emateko erreparorik erakutsi ez zuelako. Damu dela aitortzen du Clintonek, bere momentuan Comeyri lepora salto egin eta kontraerasora pasatu ez zelako.

Alderdi Demokratako primarioetan bere aurkari izan zen Bernie Sandersekin etsita ageri da. Berarentzat «Sanders ez da demokrata» bat eta 2008. urtean berak Obamarekin egin zuen bezala ez jokatu izana aurpegiratzen dio: «beranduegi erretiratu zen lasterketatik», Clintonek izendapena lortu zuenetik hilabete pasatxora hain zuzen. Are, Sandersen «politika utopikoegiak» salatzen ditu. «Ez dio lege bilakatzeko bokazioa duen politikari jaramonik egiten. Masa mugimendu bat sortzea eta Alderdi Demokrataren printzipio eta balioen inguruko eztabaida soziala piztuta mantentzea interesatzen zitzaion bakarrik». Beste hitz batzuetan esanda, promesa handiak eta gauzapen txikiak egozten dizkio. Eta eztenkada ez dio barkatzen: «Primarioetan nire integritatea zalantzan jarri zuen eta hori Trumpentzat munizioa izan zen».

Obamak animatu omen zuen Clinton presidentetzarako lehiara aurkezteko. Dioenez, Obama ez zegoen berrautaketaz batere ziur eta bazekien bere ondare politikoaren biziraupena, hein handi batean, Clintonen garaipenean zetzala. «Sandersi ez iezaiozu egurrik eman!», «bere boto-emaileak ez itzazu alienatu!» esaten omen zion behin eta berriz, eta horrek, politikoki, alkandora hertsigarria eramatea suposatu ziola uste du.

Sexismoaren botereaz

Bere buruari zera galdetzen dio Clintonek: boto-emaileen erdiak emakumeak izanik, zergatik suposatzen du generoak arraza baino hesi handiagoa AEBetako hauteskundeetan? Orrialde askotan aritzen da Clinton sexismoak eta misoginiak bere porrotean izan zuen garrantziaren inguruan. «Zergatik ikusten naute hain pertsona zatikatzaile eta polarizatzailea, eta, esaterako, Joe Biden edo John Kerry ez? Zergatik hainbeste gorroto nire aurka? Galduta segitzen dut».

Berak argi dauka: zenbat eta arrakasta handiagoa lortu gizon batek, orduan eta sozialki maitagarriagoa da; zenbat eta arrakastatsuagoa bihurtu emakumea, orduan eta gutxiago maitatzen da. Ekuazioa hau litzateke: Clinton dinastiaren historiari gehitu sexismoa eta misoginia, berdin, porrota. Ozen salatzen du: sexismoak eta misoginiak paper bat jokatu zuten emaitzetan eta ondorioa logikoa da: sexista nabarmen bat da egun AEBetako presidentea.