Xabier Izaga Gonzalez
Elkarrizketa
UgaitzGaztelu
arkitektoa

«Lehen sektorearekiko lotura dutenak dira baserriaren erabilerarik eraginkorrenak»

Baserri tradizionalaren gainbeherak kezkatuta, haren etorkizuna marrazteari ekin zion. Eraikina ez ezik, ondarea eta jasangarritasuna ere kontuan dituen tresna asmatu zuen etorkizunera begira.

Ez da baserritarra, baina kezka du baserria. Kezka eta ikergai. Ez da baserritarra, baina baserri mundua ez du arrotz Amoroto-Lekeitio ingurutik Urdaibai aldera joan zen arkitekto honek. Karrera bukaera Toronton egin zuen, zenbait urtez EHUko Arkitektura Saileko ikertzaile izan zen (tarte horretan lau hilabetez Kopenhageko KADK-ko ikertzaile ere izan zen) eta Galesko Center for Alternative Technology zentroan zela, herriminak Euskal Herriari «identitate puntua» ematen dion baserriaren gainbeheraren gaineko hausnarketa eragin zion. Eta eraikin horien etorkizuna marraztu du.

Ugaitz Gazteluk etorkizuneko baserria modu orekatuan diseinatzeko sistema sortu du, eraikinaz gainera, ondarea eta jasangarritasuna ere aintzat hartuta estrategiarik optimoena erakusten duen tresna.

Zurea ez da proposamen arkitektoniko hutsa. Zertan da etorkizuneko baserria diseinatzeko zure sistema hori?

Lehenik eta behin etorkizuna marrazten dugunean zer markotan mugituko ginatekeen aintzat hartu behar dugu. Hasteko, baserria ez da eraikin hutsa, ez da argazki bat. Hori kontuan hartuta, guk esku hartzeko erremintak sortu ditugu. Nik ez dut planteatzen hemendik aurrera baserri guztiak horrelakoak edo halakoak izango direnik. Elementu arkitektonikoa da, bai, baina bizimodu baten ondorio ere badena. Etxebizitza da, baina faktoria partea ere badu, familiaren botere ekonomikoaren erakusle eta familia hori aurrera ateratzeko erreminta. Horren eragina eta horren ondorioa da baserria.

Baserriaren etorkizuna irudikatzeko, haren gainbeheraren kausak aztertu dituzu.

Elementu arkitektoniko honek, industrializazio sasoian eta gero gertatu ziren beste faktore batzuen ondorioz, bere faktoria-alderdia galdu egin du askotan. Baserritar asko, gazteenak bereziki, hirietan eta lantegietan bizimodu erosoagoa topatzen hasten dira, horrenbesteko lana eskatzen ez duena, eta baserria faktoria funtzio hori galtzen hasten da. Horrek zer esan nahi du? Niri gustatzen zait buruan marrazki bat egitea. Urdaibain zentratu naiz batez ere. Urdaibai osoa marrazten baldin badugu, hiri bat izango balitz bezala, 1.700 baserri topatzen ditugu, eremu horretan jatekoa, lehen sektoreko produktuak, lantzen eta gauzatzen zituzten baserriak. Bat-batean sare horretako pieza batzuk jausten hasten dira eta sare hori monopolizatzen hasten da, zeren batek orain esnea produzituko du, besteak okela, beste batek beste gauza bat, baina sarea beste gauza bat izaten hasten da. Eta faktoria funtzioaren gainbehera horrek domino efektua ekarri du. Eraikinaren %70 edo %60 inguru hutsik gelditu da, eta horrek mantentze-lan falta ekarri du; ez da espazio hori behar, ez dago dirurik espazio hori mantentzeko, eta, horrek, ezinbestean, eraikinaren zaharkitze fisikoa ekarri du, narriadura.

Nolakoa izan beharko luke etorkizuneko baserriak?

Aipatutako galera ulertuta, eta baserria zer den ulertuta, galdera da etorkizunean nondik joko duen. Goazen marko bat marraztera. Etorkizuna norantz doa? Hiru ardatzen inguruan planteatu dut nik: ondarearen babesa, jasangarritasun sozioekonomikoa eta ingurumen jasangarritasuna. Edozein esku hartze egiten denean, hiru arlo horiek orekatuta egon behar dute, eta hirurak orekatuta dauden neurrian etorkizun jasangarri eta errespetagarriaz hitz egiten has gaitezke.

Historia eta kultur ondarea kontuan izateak ez du esan nahi atzera egin beharra dagoenik, ezta?

Baserria beti egokitu izan da bere ingurura, egoera guztietara, baita estilo arkitektonikoetara ere; esate baterako, artoa etorri zenean. Lehenengo gakoa ondare batez hitz egiten gaudela kontuan hartzea da; beraz, erreskatatu egin behar dugu baserriaren historia, edo haren balore kulturalak. Baserriak gaur egun gure paisaiari identitate puntu bat ematen dio; gure paisaian baserriak, elizak eta bestelako eraikuntza elementuak edo baserritarrek lan egiten duten erak ez baleude, gure paisaia beste bat izango litzateke. Topografiatik aparte, antropologikoki gizarteak zer zigilu jarri duen ikusi behar dugu, basoak egiteko moduan eta eraikinak egiteko moduan. Baina ez, horrek ez du esan nahi baserriak ez direla moldatzen eta aldatzen, eta baserriak ez du arazorik izan aldatzeko, leihoak edo balkoiak sortzeko… Hori bai, beti ordura arte sortutakoa errespetatuz.

Behin lehenengo gakoa, ondarea, kontuan izanda, bigarrena eta hirugarrena, jasangarritasunari buruzkoak, hari lotuta daude. Historiatik sortzen gara, baina baserriaren etorkizun hori iraunkorra izan dadin, jasangarritasun baterantz joatea lortu behar dugu. Nik badakit ez garela helduko, “jasangarria” terminoa bera gaur egun ezinezkoa da: nahiz eta energia kontsumoari dagokionez lortu, zuk eraikuntza bat egiten duzunean, material horrek zure inguruan eragina du, eta baliabideen oreka bilatu behar da. Oreka perfektua ez dugu lortuko, baina harantz jo behar dugu. Jasangarritasuna bi ataletan banatzen dut: sozioekonomikoa eta ingurumenari dagokiona. Jasangarritasuna aipatzen dugunean, burura etortzen zaigu ingurugiroa, energetikoki efizienteak izatea, materialak naturalak izatea… baina hemen inportanteena da –nahiz ni beste gai baten espezialista izan– efizientzia sozioekonomikoa. Baserriaren gaur egungo egoera bere galera sozioekonomikotik dator. Orain baserria norantz joan ahal da, zer erabilera eduki ahal du etorkizunean? Hori da galdera potoloetako bat. Badaude batzuk agertoki tradizionalari eutsi ezin izan diotenak, nekazaritza eta abeltzaintza produkzioari. Sare horretako baserri batzuk zertan ibili dira? Geure paisaia ikusten badugu, jatetxeak, edo sagardotegiak Gipuzkoa aldean, landetxeak, baita museoak ere… topatuko ditugu; hau da, turismora hurbiltzen diren erabilerak. Bestalde batetik, badaude etxalde-eskolak ere. Ni ez nabil ezer asmatzen, paisaiari begiratzen baino ez. Orain agertzen hasi den beste erabilera batek etxebizitzak bikoizteko aukera ematen du, baserria etxebizitza baterako eraikin handiegia dela ikusita. Eta nik pentsatu dut erabilerok jasangarritasunerantz joan behar dutela.

Erabilera, beraz, oso garrantzitsua da.

Erabilera funtsezkoa da edozein esku hartze baino lehen. Baserriaren erabilerak jasangarria izan behar du, energetikoki efizientea, baina baita ingurumenari dagokionez ere. Esku hartzeak ingurugiro jasangarrirantz hurbildu behar du. Hor daude, Kyotoko Protokoloa egon zen bezala, Pariseko Akordioak eta abar, Europak 2030era begira dituen helburu energetikoak, eta nire galdera da, baserriaren historia eta daukan erabilera kontuan hartuta, kapaza da baserria helburu energetiko horretara heltzeko? Nire ikerketan ikusi dut baietz, ondo gainera, baserriaren elementu bioklimatikoak oso indartsuak dira-eta. Eta geure esku hartze horretan, energetikoki egokituko dugu haren erabilera eta haren ondare balioa kontuan hartuta. Etorkizuna esandako hiru faktore horien orekan oinarritu behar da.

Eta nola lortzen da oreka hori?

Horretarako, prozedura bat sortu dut, eta hori da da nire tesiaren helburua. Lehenengo partean, baserriak nolakoa izan beharko lukeen aztertu dut, eta bigarrenean ahaleginduko naiz teknikoentzako erreminta bat sortzen. Azkenean teknikoari esango diot bere esku hartzea nolakoa izan daitekeen, zein izan daitekeen esku hartze optimoa. Nik prozedura bat sortzea lortu dut, prozedura oso zehatz eta zientifikoa, baina ez dut lortu kaleko arkitekto baten hizkuntzara moldatzea, eta hori da gure erronka. Baina bada prozedura bat arkitektoari bere esku hartzea ondarearekiko errespetagarria eta energia kontsumoari eta ingurumenari dagokienez efizientea izan dadin lagunduko diona.

Zertan da prozedura hori?

Era sinple baten azalduko dizkizut haren pausoak. Lehenengo, edozein medikuk bezala, goazen diagnosia egitera. Baserri bakoitzak bere historia daukanez, hainbat funtzio dauzkanez eta energetikoki desberdina denez, bakoitza hiru zentzuotan bakana denez, eraikina ezagutzeko diagnosi hori behar da. Diagnosia egiteko, lehenengo baserriaren aldaketa historikoa ezagutu behar dugu, haren datuak jaso eta baserri horrekin zer gertatu den jakin, eta informazio hori jabeari eman; nahiz eta baserriren interesa denona izan, jabea baita mantendu behar duena. Diagnosian esan behar diogu historikoki zer gertatu den baserri horretan, eta ikerketa horretan topatuko dugu fatxada hori berezia den, edo egitura elementuren batek balio desberdinen bat daukan edo halako mendean izan zuen jabea oso garrantzitsua zen… Seguru zeozer egongo dela baserri horren balioa nabarmentzen duena. Eta diagnosi horrek, bestalde, portaera bioklimatikoa ere jaso behar du; hau da, baserriaren barne espazioan tenperatura eta hezetasunak urtean zehar nola aldatzen diren, pertsona baten bihotzaren taupadak hartzen ditugun moduan. Hotza, beroa, hezetasun maila, korta era batera erabiliko den, sukaldea beste batera, eta abar. Logger izeneko tresna bat erabiltzen dut nik, hamabost minututik behin datu horiek jasotzen dituena; bada, urte amaieran, edo sei hilabetera, datuak bildu eta baserriak denbora horretan zer portaera izan duen erakusten duen grafikoa daukagu, tenperaturaren eta hezetasunaren bilakaera jasota. Horrela lortu dugu baserria historikoki eta energetikoki nola portatzen den ezagutzea.

Behin eraikina diagnostikatuta, bigarren pausoa erabilerak txertatzea da. Zer erabilera nahi duzun jakinda, zeure eraikinean txertatu behar duzu, logika batekin, baina; esate baterako, ez ezazu jatetxe bat hirugarren solairuan jarri, pentsatu apur bat energia kontsumoaren arabera; izan ere, lehen korta izan den lekuan orain saloia jartzea ez da egokiena, ez bilatu lehen lekurik hotzen eta hezeena zena orain beroen eta lehorrena izatea… Jakin behar duzu eskaera horiek zure kontsumo energetikoa asko aldatuko dutela. Beraz, era logiko batean txertatu behar da erabilera eraikinean. Historia, portaera bioklimatikoa eta, arkitektoari dagokiona, funtzionaltasun aldetik baserria zelan antolatu behar den kontuan hartuta.

Horregatik diozu erabilera funtsezkoa dela.

Bai. Baserri berean erabilera desberdin batek energia kontsumo guztiz ezberdina dakar. Imajinatu baserri bat, lehengo egoera tradizionalean halako kontsumoa zuena, eta orain korta eta lastategia konfort egoeran egoteko moldatzen ditugula. Energia kontsumoa bikoiztu egin liteke. Egin nuen beste ariketa bat izan zen egoera tradizionalean zer gertatzen den ikustea. Baserri batean neurketa egin nuen eta nabarmentzeko ezaugarriak sumatu nituen. Frogatu nuenez, lau behi zeuden korta batean, batez beste 3,20 gradu altuagoko tenperatura zegoen inguruko espazioetan baino. Eta sukaldean 25 gradu lortzen zituzten eguneko 24 orduetan.

Prozeduraren azken pauso biak teknikoagoak dira.

Esku hartze arkitektonikoari dagozkio. Erabilera desberdinak izan dituen baserri batean, esate baterako, erabilera batekin bestearekin kontsumitzen denaren bikoitza kontsumitzen dela jakinda, eta, gainera, kontsumo gutxieneko erabilerak lehen sektoreari lotuta daudela jakinda, logikoa da esatea esku hartzeak ez direla maila berekoak izan behar. Guztizko balioetara jo eta esaten badizute batek urtean 12.000 kWh kontsumitzen dituela eta besteak 24.000 kWh, erabilera bat edo bestea izanda ere, nik lortu nahi dudana da eraikin horrek urtean 8.000 kWh edo 7.000 kWh kontsumitzea. Orduan, niri 12.000 kWh-ko zein 24.000 kWh-ko erabilera planteatzen didatenei esango diet 8.000 kWh horietara jaisteko. Esan nahi dut etxebizitza funtzioa planteatzen duenak esku hartze maila altua edukiko duela, eta lehen sektorearekiko lotura daukanak esku hartze maila txikiagoa. Esku hartze mailan dago aldea, amaierako kontsumoa berdina izango delako.

Nik neuk, euskal gizartean amaierako kontsumoak denontzat jaitsi behar direla diot. Europak esaten duena da hori, eta ez da horrenbesteko esfortzua. Nire ekarpena baserriaren erabilerara, balio kulturalera eta ingurugiro helburuetara egokitzen den sistema bat garatzea izan da.

Guk arkitektook proiektu bat egiten dugunean, teilatuan dauzkagun aukerak aztertzen ditugu: hamar zentimetroko isolamendua ipini, edo 14koa, edo bostekoa edo ezer ez; kanpoko horman, zortzi, hamar, bost edo zero; lurrean hainbeste… Isolamendurako azpialdagai pila bat daukazu, eta denak dira, eraikuntzari dagokionez, onak. Lehen norberaren irizpidearen arabera erabakitzen zen. Sistema honek, aldiz, egiten duena da konbinazio mota guztiak kuantifikatu; esate baterako, teilatuan 10 zentimetroko isolamendua dagoenean, horman zortzikoa ipinita, zer gertatzen da? Eta teilatuan zortzi zentimetrokoa eta horman 12koa? Aldagai guztien konbinaketak emaitza bat emango dizu; milaka konbinaziotik, optimoa. Arkitektoarentzat oso tresna baliagarria da. Sistema honek esaten digu zein den esku hartzerik efizienteena. Mapa bat ematen dizu, eta mapa horrek esango dizu estrategia bakoitzarekin kontsumoa zenbatekoa izango den; horretara, baserri bakoitzak zer erabilera izango duen ipintzen duzu eta efizienteena zein den esango dizu, helburuaren arabera. Estrategia bakoitza energia kontsumoaren arabera puntuatzen du, baina baita ondarea noraino errespetazen duen ere. Esate baterako, imajinatu gure estrategian 20 zentimetroko isolamendua egingo dugula; seguru oso efizientea dela, baina zenbateraino errespetatu duzu ondarea?

Arestian aipatu duzun oreka.

Bai. Zentzua dauka fatxada horri, XV. mendeko fatxada bakan horri, 20 zentimetroko isolamendua kanpotik ipintzeak? Sistema honek egin nahi duzun esku hartze bakoitza baloratzen dizu, energetikoki eta patrimonialki. Hamar zentimetrotik gora hemen? Ez? Baina energetikoki... Trankil, sistemak esango dizu igual kanpoko horma ez dela hain inportantea, edo barruko teilatua ez dela hain garrantzitsua, kasuaren arabera, eta esango dizu zein den esku hartze optimoa edo, nik esaten diodan moduan, orekatuena.

Esku hartzea handiagoa edo txikiagoa behar den esaten du, beraz.

Badaude kostuaren optimizazioa lortzeko estrategiak; esate baterako, 20 zentimetoko isolamendua nahi duzu baina diru asko ipini behar duzu. Bada, hori egokitzeko estrategiak badira, ekonomia kontuan hartzen dutenak. Erreminta honekin ere egokitu egiten duzu esku hartzea, baina esandako elementuak kontuan hartuta. Soluzio errealak dira, akademikoki behintzat, eta ekonomikoki ere onargarriak. Areago, ondorio batzuetara iritsi gara: lehengo erabilerari, erabilera tradizionalari eutsiko balitzaio, ez litzatekeela kanpoko hormetan isolamendurik jarri beharko. Erabileraren arabera, esku hartzea handiagoa edo txikiagoa izango da. Hemen planteatzen diren estrategiek horixe guztia kontuan hartzen dute.

Erabilera tradizionala eraginkorrena izango litzateke, beraz.

Zenbaki guztiak aterata, eraginkorrenak dira lehen sektorearekiko lotura duten erabilerak, eta, ondareari dagokionez, baserria beti egon da lehen sektoreari lotuta; beraz, sentsibleak gara ondarearekin eta sektore horrekin, gaur egun oso egoera onean ez dagoena, gainera.

Saiatu gara, arautegiari dagokionez, sentsibilitate bereziz jokatzen. Azken batean, nekazaritza eta abeltzaintza arloan jarduten duen baserri bat daukanari arautegiak gutxiago exijitu beharko lioke. Aldiz, nahi baduzu landetxe bat egin edo baserria etxebizitzatan banatu, ondo, egin, baina esku hartzea handiagoa izango da.

Baserriari «merezi duen balioa» aitortu behar zaiola diozu. Zentzu guztietan, ezta?

Bai, bai. Niretzat ikur arkitektonikoa da, landa ikur arkitektonikoa, altxor kultural bat; gure aiton-amonek utzi ziguten herentzia da, eta, guk, errespetatu ez ezik, balioa ere eman behar diogu. Gizarte mailan ere ardura hori daukagu. Pribatuak dira, baina interes publikokoak ere bai. Eta tekniko eta ikertzaileok elkar laguntzeko eta difusio lana egiteko ardura daukagu. Ni arkitektoa naiz, jasangarritasun eta ondare arloetan espezializatua, eta nire harri-koskorra ekarri nahi izan dut.

Baserriak badu etorkizunik?

Ni optimista naiz berez, baina gainera, bai, badaude etorkizunerako aukera asko. Hain kalitate konstruktibo altuko eraikina izanda…