Ula Iruretagoiena Busturia
Arkitektoa

Lurraldearen identitateak

Euskal lurraldetasunaren liburu berdea eta zuria idazteko prozesua jarri zuen abian Eusko Ikaskuntzak 2016an, 2018an bukatzeko asmoz. Ikerketa ibilbide horrek ezinbestean prozesu partekatua izan behar duelako, hainbat mugarri eta agerraldi publiko ditu agendan, horietariko bat, aurreko astean gertatutakoa EHUren Udako Ikastaro formatuan. Bertan, orain arte egindako lanaren edukia konpartitu eta beste ikuspegiekin aberasteko elkarrizketak sustatu ziren. Baina hemen ez duzu ikastaroan hitz egindakoaren laburpenik aurkituko, nor eta arkitekto baten letrarekin idatzitako kazetaritza saiakera antzu gisa. Aldiz, arkitekto bati soziopolitikatik, feminismotik, administrazioetatik, hezkuntzatik, euskara ikertzaileetatik, entzundakoek eragindako txinpartak topatuko dituzu.

Liburu berdearen zirriborroarekin hasiko gara. Goiburua: “Lurraldearen kohesioa eta elkarkidetza. Kontzeptualizazioa eta diagnosi partekatua”. Argudioa: «Lurralde arteko gobernantza eredu berri batean oinarritutako egitura soziopolitiko berri batek aukera emango die Euskal Herria eratzen duten lurraldeei Europan kokapen hobea izateko». Lurraldetasunaren debate horretan, kohesioak identitateaz hitz egitera garamatza. Hau da, zer harreman komun dauden lurralde fisiko batean elkarrekin bizi diren herritarren artean. Bi hitz potolo nagusitzen dira identitatea definitzeko ahaleginean: “aniztasuna” eta “dinamikotasuna”. Biak ala biak arras esanguratsuak, eta nire ustetan, arinegi eta sakontasunik gabe erabiltzen direnak. Are, bi kontzeptuok identitatearekin kontrajarrita baleude bezala darabiltzagu. “Euskal identitatea” kontzeptu konplexua izaki, “gauza” itxi bat balitz bezala tratatua izan ohi da batzuetan, non hainbat aurpegik eta gorputzek zailtasunak dituzten definizioaren barnean onartuak izateko. Are gehiago, “euskal identitatea” iraganari ainguratuta dagoen argazki zaharkitu bati lotuta azaldu ohi da, egunero definitzen eta birdefinitzen den kontzeptu bat izan beharrean. Horregatik, hemen ere bai, feminismoaren aldarrian dagoen intersekzionalitatea baliagarria eta beharrezkoa izango zaigu desberdinkeria mahai gainean jartzeko eta “gutasuna” eta “gugintza” praktikatzeko.

Koordenatu espazialetan pentsatzen dugun arkitektoon kasuan, lurraldearen kohesioaz galdetuak izateak distantziak neurtzera garamatza, funtzio banaketa orekatu bati begira jartzen gaitu. Hala, lurraldearen identitatea, lurraldearen eraikuntza fisikoan aintzat hartutako erabaki eta eragiteko moduek osatuko dute. Lurralde transformatuan –gizarteratuan– ikusten dugun azpiegitura, kale eta eraikinen paisaiak bertan bizi direnen ohiturez eta bizitza antolatu eta harremantzeko moduez hitz egiten baitu. Nola eragin, halako nortasuna. Gobernantza ereduak, garapenaren ulerkerak identitate bat osatzen du –bizimodu eta bizikidetza eraikuntzaren ikuskera kultural bat–, eta ikuskera horrek emaitza fisikoak ditu. Lurraldea, bere muga eta aukera fisikoekin, euskarri bat da, euskal paisaia kulturalaren erakustoki dena. Eta irakurketa espazialean ez dira gatazkak, botere hierarkien zapalketak eta subalternitate ekintzak falta. Aniztasunaren iruditeria osatzen da, onartuak eta baztertuak azaleratuz. Maialen Lujanbiok ikastaroan kantatu bezala, “lurra egia da”.

Identitatearen orain arteko kontzeptualizazioan egon diren hutsuneen aitortzak, orain artekoak baliogabetzen ditu. Hots, nor garen eta lurraldean nola eragin nahi dugun asmatzeke dago. •