Pello Otxandiano

«Visca Catalunya!»

Aste honetan uxatu dira Estatu espainolak urriaren 1eko erreferendumarekiko hartuko zukeen jarreraren inguruko zalantzak. Bazegoen hipotesi bat Estatuak indar mugatua erabili eta urriaren 1aren ondorengo hilabeteetan estatu operazio bati helduko liokeela zioena. Bada ez. Beste behin ere Espainiak ez du hutsik egin. Espainiako estatu egituretan, gaur-gaurkoz, arrazionaltasunaren gainetik beste bulkada batzuk dira nagusi. Espainiaren oldarraldi errepresiboaren tamaina ikusirik ezinezko dirudi urriaren 1ean erreferenduma egitea posible izan daitekeenik, ez behintzat beharko ziren baldintzetan. Urkulluri arrazoi eman beharko zaio azkenean, ez dirudi erreferenduma egiteko berme nahikorik izango denik.

Baina nago jada ez dela determinantea izango urriaren 1eko egunean bertan gertatuko dena. Gertatu beharrekoak gertatzen ari baitira dagoeneko. Estatut-aren orrazketak minoritarioa zen independentismoa hegemoniko bihurtzeko ahalmena izan baldin bazuen, nork daki aste honetako gertaerek zer eragin izan dezaketen Kataluniako jendartean. Gaur Katalunia inoiz baino deskonektatuago dago Espainiatik, politikoki zein emozionalki, eta zubiak berregitea inoiz baino gaitzago bilakatu du Espainiak. Datozen asteetan gerta daitekeenak berebiziko garrantzia izango du Espainiako sistema politikoaren etorkizunean. Esan izan da, eta uste dut denok dugula kontzientzia hori, gaur Katalunian askatasun nazionalak daudela jokoan, baita Euskal Herriarenak ere, noski.

Alabaina, uste dut analisian pauso bat aurrera emateko moduan ere bagaudela: Kataluniarekin gaur 78ko erregimena gainbehera dator, erortzen ari da. Gaur autonomien estatua hil egin da, akabatu egin dute. Eta Espainian, noizbait bere integritatea salbatuko duen inteligentzia sistemikorik aktibatuko bada, beste estatu eredu bat proposatu beharko dute, sakonki ezberdina. Puntu honetara iritsita nekez egingo du Espainiak katalanek onar dezaketen eskaintzarik hura subjektu politiko gisa aitortu gabe eta estatu tresnak eman gabe. Eta horretarako Espainiarik egongo ez bada, lehenago edo geroago, modu batez ala bestez, Kataluniak deskonexio formala gauzatuko du. Aukera leiho bat irekitzen da beraz datozen urteetan, bai katalanentzat baina baita euskaldunontzat ere. Aukera leiho berri bat 40 urteren ondoren.

Tinko bota zion Gabriel Rufianek Rajoyri: «Saque sus sucias manos de las instituciones de Cataluña». Jon Idigorasek leku berean esandakoen oihartzuna ziruditen Rufianen hitzek. Garai hartan Idigorasek haustura demokratikoaren alde egin zuen indar politiko bakarra ordezkatzen zuen. Gainontzeko guztiek, aldez edo moldez, erreformaren alde egin zuten, gaur 78ko erregimena deritzogun hau zilegituz. Egun Kataluniako jendartearen gehiengo oso zabal batek, euskal jendarteko sektore sozial eta politiko oso zabalek eta baita Estatuko beste hainbatek 78ko erregimena kaiolatzat dakusate.

Beraz, erregimena erortzen ari den garaiotan bada balantze bat egiterik termino politikoetan: orain 40 urte estatu operazio bat gauzatu zen Estatuaren barneko nazioak asimilatu eta autodeterminazio eskubidearen eztabaida Gernikako errautsetan lurperatzeko. Gaur, 40 urteren ondoren, autodeterminazio eskubidearen eztabaida erdigunean dago inoiz baino indar handiagoz, nazioen independentzia ideia profetiko izatetik proiektu politiko ukigarri izatera igaro da, eta independentismoak statu quo-a hankaz gora jartzeko besteko indarra dauka. Orain 40 urte ezker abertzaleak erresistentzia ziklo luze bat abiatu zuen bakardadean erregimen hau egonkor zedin galarazteko eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea irabazteko. Lehena gertatzen ari da, bigarrenerako aukera leiho bat irekiko zaigu.

Harrokeriarik ez, aztarnarik ere ez, baina harrotasun puntu bat behar du ezker abertzaleak garai historiko honetan, aukera leiho hau baliatzeko hautsak astindu eta indarrak askatu beharrean baitago. Rajoyren amesgaizto handiena iragan larunbatean Gure Esku Dagoren manifestazioaren bukaeran abestutakoa egia bihurtzea baita: «zuk bultza gogor hortikan, ta nik hemendikan, laster eroriko da». •