Maria Gonzalez Gorosarri - @albistetan
EHUko irakaslea

Adineko emakumeen gaztaroko argazkiak

Durangoko Udalak Benita Uribarrena Bollain militante antifaxista durangarrari parke baten izena eman dio ostiralean, urriaren 6an. Uribarrena 1937an ume moduan ebakuatu zuten, faxistek Durango bonbardatu eta gero. Naziek Frantzia okupatu zutenean, Uribarrenak erresistentzian parte hartu zuen. Atxilotu zutenean, Ravensbrück kontzentrazio zelaira deportatu behar zuten. Orduantxe Frantzia askatu zuten eta, zorionez, Uribarrenak ez zuen zelai hura ezagutu. Bertan, baina, bere laguna izango zen Neus Catala PSUC-eko kidea zegoen. Aurreko astean, urriaren 1ean, Catalak Kataluniaren independentziari buruzko erreferendumean botoa eman zuen, 102 urterekin. Catalak bere izeneko kalerik ez duela uste dut. Uribarrenak ere ez zukeen izango, kale izenak ipintzeko kuota femeninorik egongo ez balitz:

•«Durangoko kaleetarako emakume izenak proposatzeko deia egin dute: Berdintasun Kontseiluaren mozio bati esker, emakume eta gizonen izenak dituzten kaleen kopurua parekatzeko konpromisoa hartu zuen Udalak» (“Anboto”, 2015/03/ 26).

Kale izendegia feminizatzeko ahalegin horri esker, justiziagatik bizitza eman zuten andreen izenak ezagutuko ditugu. Neus Catalaren antzera, Kataluniako urriaren 1eko erreferendumean parte hartu zuten andreen irudiak hedabideetara zabaldu ziren. Komunikabideetan, emakume edadetuei eraso egitea krudelagoa izatea leporatu diote Poliziari:

•«Atrapadas en el remolino de la edad: El edadismo es una discriminación por razón de edad que sufren las mujeres» (+Pikara-Eldiario.es, 2017/01/ 25).

Andre horiek pena eragiten digutenean, konpromiso politikorako gaitasuna kentzen diegu. Gure erreferentziak diren emakumeen irudiek haien adina ezkutatzen dute. Angela Davis-ek ile urdina du (73 urte ditu eta!), baina gaztaroko militantziaren ikono bezala agertzen jarraitzen du, ilea beltz-beltz duela. Kate Milletten kasuan ere, ile urdinik gabeko argazkiak ikusi ditugu. Hilberriaren tituluan 82 urte zituela dioten albisteetan ere, gaztaroko argazkiak ipini dituzte honakoek: “La Vanguardia” (Katalunia), “El País” (Espainia), “The Guardian” (Erresuma Batua) eta “The New York Times” (AEB), besteak beste.

Adineko andreak gazte irudikatzea jokabide sexista den edo ez ebazteko, hedabideek gizonekin jarraitzen duten ereduari erreparatu behar diogu. Iaz hil zen Fidel Castro (90 urte) gazte irudikatu zuten “The Guardian”-ek (Erresuma Batua) eta “The New York Times”-ek (AEB). “La Vanguardia”-k (Katalunia) eta “El País”-ek (Espainia), aldiz, Castro edadetua azaldu zuten. Azken horri dagokiola, hildako gizonak “El País”-en ez dira gazte agertzen, duten adinarekin baizik: Santiago Carrillo (PCE), Manuel Fraga (faxista, AP eta PP) eta Adolfo Suarez (frankismoko Movimiento Nacional delakoaren azken idazkaria eta frankismo osteko lehen presidentea). Suarez, baina, ez zen hil zenean zuen adinarekin agertu, azken urteotan ez zuelako argazkirik eman gura izan. Hala ere, “El País”-ek haren bizitza publikoko azken irudietako bat argitaratu zuen eta ez gaztarokorik. Adineko emakumeek ez dute konpromiso politikorik alboratu. Jendarteak ez ditu “atsoak”, baina, eragile sozialtzat hartzen. •