2017/10/07

Koldo Sagasti
Etorkin baten galderak

Berrogeita zazpi gatibuk ihes egin dute Atzerritarrak Barneratzeko Zentrotik, Aluchen, Madrilen. Matxinatu eta, sarrerako atea bertan behera botatakoan, alde egin dute etorkinentzako kartzelatik. Arriskuz beteriko bidaia batek eraman zituen jaioterritik espetxe horretara; orain, azkenik, bizimodu duin eta libreagoa dute eskura. Urriaren 1a da eta ohi baino polizia gutxiago dago erresumaren hiriburuan. Agian horregatik, edo horren berrik izan gabe ere, ezohiko erraztasun handiarekin saihestu dituzte presondegiko segurtasun neurriak. Gertaerak ez du apenas oihartzunik izan igande horretan bestelako kezka batzuk dituzten hedabideetan.

Zer pentsatuko ote zukeen iheslari horietako batek egun horretako albisteak ikusitakoan? Nola azaldu Kataluniako herritarren aurkako bortxakeria poliziala gisa bertsuko gogorkeria bere haragi-hezurretan pairatu duen horri? Nola ulertarazi Espainiara sartzen ahalegintzeagatik jazarpena, Poliziaren bortizkeria eta eskubide urraketak besterik ezagutu ez dituen horri Espainiatik atera nahi izateagatik antzeko indarkeria erabili dutela estatu bereko indar errepresiboek erreferendum batean bozkatu nahi duten herritarren kontra? Nola azaldu logika horren ilogikotasuna?

Etorkin baten galderak albistegi baten aurrean. Ez dago argituko dituenik, Espainiako historia kontraesan baten historia baita. •