amagoia.mujika@gaur8.info
Elkarrizketa
Aritz Branton
Ogibidez itzultzailea, pasioz euskaltzalea

«Euskarak bluetooth-a dauka; kablerik gabe erabiltzen da eta esaldietan askatasun handia dago»

Booktegi.eus euskarazko liburuak dohainik eskaintzen dituen plataforma digitala da. Oraintxe bete dira sei hilabete martxan jarri zenetik eta Aritz Branton da bultzatzaile nagusia, duela hamabi urte euskararekin harrapatuta geratu zen filologo eta itzultzailea.

Duela hamabi urte iritsi zen Erresuma Batutik Euskal Herrira, euskal hiztun batek eta euskararen gramatikak tentatuta. Itzultzailea da, hori da bere ofizioa. Bere pasioa, euskara. Duela sei hilabete martxan jarritako Booktegi.eus proiektuan dabil buru-belarri, euskarazko liburuak dohainik eskaintzen dituen plataforma digitalean. Astelehenean, urriaren 9an, festa emanaldi berezi bat antolatu dute Donostiako Koldo Mitxelenan, proiektuaren lehen sei hilabeteak ospatzeko.

Aritz Branton. Hori da zure betiko izena?

Aritz nire izena bihurtu da. Nire jatorrizko izena Ath da, baina Euskal Herrirako ez da egokia, ezta? Lagun batek esan zidan Aritz izan behar nuela eta berehala sentitu nuen nire izena zela. Erresuma Batuko lagunentzat Ath naiz. Bi izen ditut.

Bi izen eta nortasun bakarra?

Kontu interesgarria. Nik esango nuke beste hizkuntza batean ari garenean aldatu egiten garela pixka bat, baina ez nortasun bikoitza izateraino.

Ath maitemindu zen euskararekin?

Bai. Euskal Herriko neska bat ezagutu nuen, euskal gramatikaz hitz egin zidan eta maitemindu egin nintzen. Gramatikaz ala neskaz? Bi gauzak. Filologoa naiz eta asko maite ditut hizkuntzak.

Zer dauka euskal gramatikak zu horrela harrapatzeko?

Alde batetik, aditz sistema eta deklinabidea. Baina beste hizkuntza batzuetan ere badaude horrelako gauzak. Baina, batez ere, sintaxia azpimarratuko nuke. Euskarak bluetooth-a daukala esango nuke. Osagai guztiak konfiguratzen ditugunean, esaldiak oso modu libreak egin ditzakegu. Ez da gauza bera esatea “amak umea maite du” edo “umea maite du amak”. Eta euskaraz oso modu naturalean egiten ditugu horrelakoak. Gazteleraz, frantsesez eta beste hizkuntza batzuetan kableak daudela esango nuke eta, ondorioz, esaldien hurrenkera nahiko finkoa izaten da, barrokoa eta korapilatsua. Euskararen abantailetako bat hori da, bluetooth-a duela; kablerik gabe erabiltzen da eta esaldietan askatasun handia dago ñabardura asko eta asko sartzeko modu oso naturalean. Euskararen ezaugarririk interesgarrienetako bat iruditzen zait.

Euskara eta abantaila aipatu dituzu esaldi berean. Normalean, euskara eta zailtasuna hitzak aiseago elkartzen dira.

Horren inguruan bi gauza esango dizkizut. Batetik, gauza guztiak egitea da zaila. Edozein gauza ondo egiteko denbora eta gogoa behar ditugu. Askok pentsatzen dute, “euskara ikasiko dut urtebetean”. Ba, ez, ez duzu lortuko. Frantsesa ere ezin da urtebetean ikasi, nahiz eta gaztelaniatik gertu egon. Bigarrenik, lehen esan bezala, euskaraz osagai guztiak konfiguratu behar ditugu; deklinabideak, aditzak... Baina hori egin ondoren, askatasuna dugu, ñabardurak adierazteko modu xumeak baititu.

 

Gogoa eta denbora. Non ikasi duzu euskaraz?

Euskaltegietan, barnetegietan eta lagunartean. Lagunen laguntza oso-oso garrantzitsua da euskara ikasteko orduan; ez bakarrik lagun minena, gizartearena orokorrean baizik. Nik laguntza jaso dut eta jasotzen jarraitzen dut etengabe euskararekin. Laguntza hori jasotzea oso ederra da eta zor txiki bat dudala sentitzen dut. Neurri batean Booktegi proiektuarekin ekarpen txiki bat egin nahi izan dut.

Euskaraz ikasteko eta bizitzeko inguruko laguntza nabarmendu duzu. Aldiz, askotan entzuten da bestelakorik: Euskal Herrian lasai asko bizi zaitezkeela euskararik gabe.

Euskaldunek lagundu didate, noski. Baina gaur egun badaude euskarara gerturatzeko bideak. Donostian, esaterako, Bagera Elkartea aipatuko nuke. Sekulako laguntza eman dit ikasteko prozesuan. Badaude euskarara hurbiltzeko moduak. Gainera, euskaldun bati laguntza eskatzen badiozu, beti eskaintzen dizu.

Hizkuntzak badu osagai emozional garrantzitsua. Euskararen ahulezia egoeraren ondorioz, euskaldun bati euskaraz zuzentzen zarenean, konfiantza berezia sortzen da, zuzena eta berehalakoa.

Hori proiektu batzuetan garbi ikusten da, Booktegin esaterako. Idazleak beti prest daude ekarpenak egiteko, haien lana musu-truk eskaintzeko, grabaketak egiteko, emanaldietan parte hartzeko, irakurraldiak egiteko...

Euskararen gaineko ikuskera oso baikorra igartzen zaizu. Ohituagoak gaude euskararen ahultasunaz hitz egitera, bere kontrako erasoak salatzera...

Negar egitea libre da, baina negarrak ez digu laguntzen. Hala ere, garrantzitsua da egoera zein den eta zailtasunak zeintzuk diren jakitea. Eta handiak dira. Are gehiago, une hau oso larria iruditzen zait euskalgintzarako. Baina gauzak egitea badago, argi eta garbi.

Zergatik diozu euskalgintzak une larria bizi duela?

Adibide garbi bat jarriko dizut: politikarien euskara erabilera Gasteizko Legebiltzarrean. Penagarria da, oso-oso baxua. Azken datuek ere garbi esaten dute erabilerak behera egin duela. Eta uste dut inork ez dakiela nola konpondu egoera, nora biratu. Baina bira hori erabat beharrezkoa da.

Gatozen Booktegi proiektura. Zer da?

Plataforma digitala da eta bertan euskarazko liburuak doan eskaintzen dira. Bi gauza ikusi nituen; batetik, liburu elektronikoa oso gutxi erabiltzen dela euskal munduan, nahiz eta hori aldatzen ari den pixkanaka. Eta, bestetik, euskarazko liburu on pila bat apaletan ahaztuta daudela, eta pena da. Horregatik pentsatu nuen bi gauza horiek uztartzea eta arazoak abantaila bihurtzea.

Batetik, Booktegik ahaztuta dauden liburuei bigarren ibilbide bat eskaintzen die. Bestetik, liburu berriak eta bilduma berriak ere izaten ditugu. Genero desberdineko liburuak izaten ditugu eta baita adin desberdinei begirakoak ere; saiakera, iritzi artikuluak, drama, poesia, prosa...

Booktegi dohainik da. Nola finantzatzen da?

Nire apustu pertsonal bat izan da, baita ekonomikoki ere. Diru laguntzak eskatu ditut eta erantzunaren zain nago. Beharbada etorkizunean beste bide batzuk topatuko ditugu... ikusiko da. Harpideak badaude, baina doakoa da harpide egitea. Posta elektronikoa emanda nahikoa da. Dena da erraza eta jendearengana erraz iristeko modukoa.

Nola funtzionatzen du?

Bi motako erabiltzaile daudela esango nuke: irakurleak eta idazleak. Irakurleentzat oso erraza da. Booktegi.eus webgunea bisitatu, nahi duten liburua aukeratu, sakatu, deskargatu eta irakurri. Nahi badute, harpidetzeko aukera dago, doan, gure buletinak jasotzeko. Liburuak hiru formatu digitaletan eskaintzen dira; PDF, iPub eta MOBI, edozein irakurlek edozein irakurgailutan irakurtzeko aukera izan dezan.

Idazleei dagokionez, beren lan bat eskaintzeko interesa badute, gurekin harremanetan jarri besterik ez dute egin behar. Bi baldintza nagusi daude Booktegin argitaratzeko: euskarazko lana izatea eta kalitatezkoa izatea. Kalitatezkoa zer da? Euskara txukunean idatzia izatea.

Idazle batek lan bat bidaltzen digunean, garbiketa bat egiten dugu; formatuari dagokionez, batzuetan ortografiari dagokionez–gutxitan–, azal berria egiten diogu eta batzuetan baita hitzaurre bat ere.

Lehendabiziko sei hilabeteotan, zein zenbaki utzi ditu Booktegik?

Sei hilabetetan 6.700 bisitari izan ditugu. Bisitak, berriz, 35.000 inguru. Horrek esan nahi du lagun asko itzuli egiten direla. Deskargei dagokionez, 8.000 inguru izan dira. Une honetan 60 bat liburu ditugu eta horiekin batera 15 bat bideo-elkarrizketa idazleekin. Asmoa da aurrerantzean liburu bakoitza egilearen bideo-elkarrizketa batekin eta irakurketa batekin argitaratzea. Une honetan 360 harpidedun ditu Booktegik.

Idazleentzat ere erakustoki ederra da. Izan ere, hainbeste lan geratzen da apaletan hautsa hartzen...

Bai, zalantzarik gabe. Esan bezala, hiru motako liburuak ateratzen ditugu eta horietako bat ahaztutako lanak dira. Booktegiren parte garrantzitsua dira.

Proiektuak sei hilabete bete ditu eta ospatzeko Literatura-Loturak emanaldia antolatu duzue urriaren 9an, Donostiako Koldo Mitxelenan.

Bai, ospakizun bat izango da, proiektuaren jendaurreko lehen aurkezpena. 19:00etan hasiko da eta sarrera doakoa izango da. Parte hartzaileak honakoak izango dira: Ane Labaka, Antonio Casado de Rocha, Gari Berasaluze, Gonzalo Etxague, Harkaitz Cano, Leire Palacios, Mikel Martinez, Patxo Telleria eta Uxue Alberdi. Gauza dibertigarria eta entretenigarria izatea nahi dugu eta seguru hala izango dela, parte hartzaileen zerrenda ikusi besterik ez dago. Dena ezin dut kontatu, sorpresa politak izango dira-eta. Literaturarekin ondo pasatzeko eta idazleekin gozatzeko momentua izango da.

Literaturaz gozatzeko momentuak aipatu dituzu. Irakurzaletasunak ez ditu garai onenak bizi.

Uste dut betidanik irakurtzeak irudi txarra duela. Askotan pentsatu izan da oso gauza solemnea, serioa eta aspergarria dela. Kasu batzuetan izan daiteke, baina ez guztietan noski. Langa hori gainditzea garrantzitsua da. Espero dut hemendik gutxira Booktegik ere parte hartzea irakurzaletasuna sustatzeko ekimenetan. Funtsean, Booktegiren bi asmo nagusiak jendea irakurtzera eta idaztera bultzatzea dira. Berdin zaigu bidea, baina helburuak horiek dira.

Idazleentzat argitaratzeko toki bat ere izan nahi du.

Bai, zalantzarik gabe. Askotan ez da erraza paperean argitaratzea eta Booktegik aukera hori eskaini nahi du. Gainera, bere formatuagatik, posible da Booktegin ipuin bakarra argitaratzea, ez du zertan bilduma osoa izan. Duela gutxi, esaterako, Iban Zalduaren ipuin bat plazaratu dugu, ipuin bakarra da eta aurretik argitaratu gabea.

Irakurtzeak zer ematen dio pertsonari?

Ia dena. Beste mundu batzuk ezagutzeko aukera, esaterako. Hausnartzeko moduak, sentitzeko moduak, besteen ikuspuntuak ezagutzeko aukera, ondo pasatzeko arrazoiak, abenturak, paisaiak, pertsonaia interesgarriak... horiek guztiak ematen ditu irakurketak.

Eta patxada ere ematen du. Edozein irakurketak gure barne mundua itzali eta piztu egiten du aldi berean, inguruko mundutik apartatu eta beste dimentsio batera eramaten gaitu. Irakurtzeak gauza asko ematen dizkigu eta, era berean, exijitu ere egiten ditu, batez ere arreta eta irudimena eskatzen dizkigu. Liburu bat irakurtzean gure parte hartzea behar-beharrezkoa da. Horregatik, liburu batekin ondo pasatzen dugunean esperientzia oso sakonekoa izaten da.