2017/10/07

EZ OTE GARA OHITZEN ARI
Amagoia Mujika
Pd25_gaur

Eraso sexista bakoitza, hilketa anker bakoitza, puntu beltz batez markatuko bagenu, mapa belztuko litzaiguke berehala. Txintxeta beltz gehiago jartzeko tokirik ez genuke izango konturatzerako. Hogei urtera iristen ez den emakumea bere etxean bertan bortxatu dutela esan dute albisteek goizean goiz eta eguna mikaztu zaigu eguna abiatu baino lehen. Maldizioren bat, amorrua, pena. Berrogei urte inguruko beste emakume bat labankadaz hilda agertu dela jakin eta hotzak gorputza zeharkatu digu, oinetatik zuzen leporaino. Listua tragatu dugu. Beste bat. Senarrak bortizki kolpatzen duen emakume horren berri ere kontatu digute. Jipoi latzak sufritu ditu urte askoan. Aurpegian koska egiteraino egin dio eraso. Amorrua, haserrea, nazka. Kalean bortxatzen saiatu direnak, sexua izatearren dirua eskaini dieten adin txikikoak... Hori guztia oraindik ere amaitu ez den aste honetan. Kalera atera eta oihu egiten dugu barruan mina sentitzeraino, minututan kontatzen diren isiluneetan. Eta berriz gure martxara, hurrengora arte.

Nazkatuta, amorratuta, triste, larrituta gaude. Baina espero dut ez garela ohituta egongo. amagoia.mujika@gaur8.info