Iñaki Altuna

Hortxe, bada, «iraultza demokratikoa»

Ezker abertzaleak Abian eztabaidarako egindako txostenak, beste askoren artean, “prozesu demokratiko iraultzailea” eta “iraultza demokratikoa” kontzeptuak jaso zituen. Ohi denez, estrategia txostenek paperean azaltzen dutena egiazki errealitatean zertan gauzatuko ote litzatekeen irudikatzea ez da ariketa erraza, ez horixe. Hitz handi asko erabili ohi da horrelakoetan, baina, esaerak dioen moduan, paperak edozeri eusten dio. Beste gauza bat da hori bera errealitatera eramatea. Oraingoan, ordea, hitz horien esanahi osoa, bete-betea ikusi ahal izan dugu, etxetik oso hurbil, Katalunian. Euskaldun askok eta askok beratik bertara bizi izan zuten erreferendumaren eguna. Hortxe da, bada, “prozesu demokratiko iraultzaile” bat, egoera errotik aldatzeko asmoarekin martxan jarri zena eta aurrera egin duena, izugarri aurreratu dena. Igandean izan genuen “iraultza demokratiko” baten agerraldi aparta.

Ez da inolaz ere txiripaz lortu den zerbait. Denbora luzez landutakoa izan da, pazientziarekin, inteligentzia politikoarekin, kontraesanak kudeatzeko gaitasunarekin… Bidea egin beharra dago, eta bidea egiteko urratsak egin behar dira. Euskal Herrian “bigarren frontea” ireki behar dela esate hutsak ez du halakorik ekarriko, Kataluniakoa adibide paregabea izan arren. Oinarriak finkatu eta baldintzak sortu behar dira.

Lezioak, atzera eta aurrera begira

Ezker abertzaleak estrategia aldatu ostean bazirudien ziklo berriarekin prozesu demokratiko bati ekin ahalko zitzaiola Euskal Herrian. Ez zen horrela gertatu, estatuek ezarritako blokeoak aukerak murriztu zituelako eta ezker abertzaleak berak ez zuelako ulertu halako prozesu batek inbestitze askoz handiagoa eskatzen zuela. ETAren erabakiak egoera sakonki aldatu zuen eta aukerak eskaini, baina bere horretan ez zuen prozesu egituratu bat ekarriko. Horretarako, esan bezala, oinarria eta baldintza berriak erein behar ziren. Eta seguru asko ezker abertzaleak berak betiko egiteko moduak errotuegiak zituen oraindik.

Abiapuntua jartzeko eta burujabetzaren prozesuaren babesa zabaltzeko lezioa eman dute Katalunian. Adierazgarria izan da, esate baterako, desobedientziaren faktorea nola kudeatu duten, aldi berean, legalitateak eskaintzen zizkien baliabideak aprobetxatuz. Desobedientzia eraginkorra, herri babesean oinarrituta; eta legalitatearen eremuan “foru pasea” moduko bat: onartzen da, baina ez da betetzen. Horrela ez zuten Mossos d'Esquadra poliziaren kontrola galdu, eta, antza, hori erabakigarria izan zen bozketa egunean.

Aurrera begirako lezioak ere uzten ari dira, eta ez denak baitezpada goxo-goxoak. Honaino iritsi dira, izugarria izan da, baina, halere, erronka gogorra dute oraindik. Zer ez ote dugu izango euskaldunok? Azken hamarkadatan, ez gara inoiz katalanak bezain urruti iritsi, ezta hurbildu ere. Ez Algerren, ez Lizarran, ez Ibarretxe Planarekin, ez… Hain urruti iritsi dira, Estatuak muturreko mehatxua egin diela, beldurraren efektua dantzan jartzeko. Eta beldurrak eragina du jendartean, ez zalantzarik izan. Esan bezala, oraindik asko dute egiteko Kataluniako prozesuan. Hori bai, igandean lortu zuten aurrera segitzeko bermea, egon daitekeen bermerik onena: herri borondatea. •