2017/10/07

Ula Iruretagoiena - @ulissima5
Arkitektoa
Lurraldearen prezioa

Lurra, lurzorua, lursaila, orubea, partzela. Zapaltzen dugun lurrazala izendatzeko terminologia teknikoa oparoa da, ikusgai dugun lur berdearen edo marroiaren gainean eta azpian egingarriak diren giza aktibitateen arabera. Itxuraz eta gure begietara terminologia berdin batekin identifika zitezkeen bi lur, giza bizitzarako beharrezko aktibitate bat edo beste garatzeko egokiagoak izate hutsagatik, errotik desberdin bilakatzen dira. Zergatik eta batek lur izateari utzi eta lursail kategoria “irabazten” duelako. Euskarazko beste hitz deskriptiboago bat erabiltzen badugu, lurrazala oinetxe bilakatzen dugu. Bestalde, lursail edo orubea partzela bat dela diogu, lur zatiak jabea duelako. Hirigintzak eta katastroko lanak zehazten du zer den eta norena den, eta, ondorioz, nola izendatu eta deklinatu. Hirigintzaren betaurrekoekin ez dago lurrazalik, lurzorua soilik, giza aktibitate bat garatzeko lurra baita lurzorua. Ama Lurra, horrenbestez, osorik jotzen da lurzoru, kategoria desberdinetan sailkatuta. Hirigintzako aktibitatea Lurzoruaren Legeak arautzen du, bertan zehazten dira lurzoru definizio –kategoria– bakoitzaren ezaugarriak.

«Lurzorua ez da beti eraikigarria». Esaldi horren formulazioan tranpa bat igar daiteke, negatiboan eraikia izanagatik, eraikigarritasuna lurzoruaren funtzio nagusia dela eta eraikigarritasun eza salbuespena eman baitezake. Hirigintzak, eta, beraz, Lurzoruaren Legeak, lurzoruak jaso ditzakeen funtzio desberdinak kontuan hartzen ditu, besteak beste, eraikitzearena. Kontua da, eraikigarritasunak edo eraikigarri izateko baimenak ematen diola balio ekonomikoa lurzoruari. Lurzoruaren Legeak funtzio publikoari eman dio urbanizatzeko eta eraikitzeko eskubidea/baimena emateko ardura. Horrela uler daiteke hirigintza, espekulazioa eta korrupzioa eskutik emanda egotea egun –politikagintza ustelaren laguntza paregabearekin–. Funtzio publikoak –Udalak– zedarrituko du lurzorua eraikigarria den ala ez Legearen betekizunen arabera, eta, batez ere, lurzoruaren transformazioak interes publikoa duen kontuan izanda, edo, beste modu batera esanda, lurzorua hiriaren zati bilakatzea beharrezkotzat duen kontuan izanda.

 

Hirigintzak, Lurzoruaren Legearen babespean eraikitzeko ahalmena ematean, partzelaren jabeari plusbalioa oparitzen dio. Eta horrekin batera, lurzorua eta giza aktibitaterako beharrezkoa den eraikigarritasuna merkatu produktu bilakatzen ditu. Funtzio eta behar publikoaren eta interes pribatuen arteko lehian, Lurzoruaren Legea da epaile. Eta Lurzoruaren Legearen idazketaren atzean, politikagintza dago. Lurzoruaren Legeak zehazten du funtzio publikoaren parte hartzea hiriaren eraikuntzan sortzen diren irabazpideetan. %15ekoa da uneotan. %50ekoa balitz, higiezinen merkatuaren prezioan eragin gehiago izateko ahalmena al luke?

Euskal Autonomia Erkidegoan lurzorua arautzeko lehenengo legea –eta bakarra– 2006an onartua izan zen, berandu samar egia esan. Nafarroako Foru Komunitatean, berriz, 2002an onarturiko legea da indarrean. Ipar Euskal Herrian ez dago legeak onartzeko eskumen propiorik. Euskal Autonomia Erkidegoan, euskal lurzoru legea onartu arte, estatu espainiarreko legedia izan da indarrean, eta, oraindik ere, euskal legearen artikuluen eta espainiar legediarekin arteko kontraesanak interpretatzeko beharra denean, lege espainiarra da nagusi.

Kataluniako independentzia prozesuan, lurraldea pentsatzeko garaian, lanketa-ildoetako bat kataluniar lurraldearen Lurzoruaren Legea irudikatzea izan da. Ariketa arras interesgarria deritzot, oinarri estrukturala baita lurraldetasunaren definizioan. Legeak ideologia bat ezartzen du lurraldean: tresna politiko boteretsua da. •