2017/10/07

Arantxa Urbe
Hezitzailea eta Hik Hasi-ko kidea
Mundua argazkietan

Maddik bere burua eskaini dio matematikako irakasleari eskolan erabili duten materiala jasotzen laguntzeko. Banan-banan ari zaizkio eskatutako objektuak eramaten: orain makilatxoak, gero balantzak. Halako batean, kuboak ekartzeko eskatu dio irakasleak. Maddik jasotzeke daudenak begiratu eta han ez daudela erantzun dio.

Irakasleak Maddik ekarritako gauzak txukun gordetzen ari den kaxan begiratu du eta harrituta baieztatu du kuboak ez daudela han. Begirada luzatu, eta jaso gabe dauden objektuen artean kuboak dauden lekura seinalatu du. Maddik ezetz, horiek ez direla kuboak dio, serio. Papera eta arkatza eskatu eta kubo perfektu bat marraztu du.

Donostiako (Gipuzkoa) hezigune bateko zortzi urteko neska-mutilak mendialdera joan dira. Andereñoaren aurretik doa taldetxo bat, naturak eskaintzen duena bere kabuz deskubritzeko irrikatan. Halako batean, ur-putzu bat topatu dute. Goroldioa eta belar berdeak ageri dira, baldintza ezin egokiagoak zapaburuak aurkitzeko. Eta, hala, istantean ikusi dute lehen zapaburua igeri azkarrean. Harrapatu dute eta andereñoari erakustera doaz, arrapalan. Hainbeste ikasturtez “natur”-eko testu-liburuetako eta testurik gabeko liburuetako argazkietan erakutsi dituen zapaburu izeneko izaki haiek ez ditu ezagutu bertatik bertara, haien habitatean, bizirik daudela. Aspaldi irakurritako ikerketa batek zioenez, Pariseko haurren gehiengo batek ez du sekula surik ikusi, argazkietatik eta irudietatik ezagutu omen dute.

Hezitzaile talde bat beren formazioa hobetzeko ikastaro horietako bat egiten ari da, matematikakoa, oraingoan. Zapi batez begiak estalita dituen ikasle bihurtutako irakasleari zulodun kaxa ipini dio prestatzaileak aurrean eta eskua handik sartuta pieza bat ateratzeko eskatu dio. Ukimenaren bidez zer den asmatu behar du. Denbora pixka bat igaro da asmatu duen arte. Estalkia begietatik kendu eta bere esperientzia kontatzen ari da gainerakoei. «Ukitu eta ukitu egin behar izan dut. Harrigarria da. Ikusi ezin nuenez, asko ukitu behar izan dut zer zen jakin ahal izateko!».

Antza, begiak estaltzen ditugunean eta ikusmena eragozten dugunean, haur txikiek mundua hautematen duten moduan hautematen omen dugu guk ere inguruan duguna. Begiak estali eta haur txikiak omen gara! Hotzikara batek astindu digu gorputza. Zenbat aldiz ez ote diogun esan hau ukitu eta bestea ukitu ari den haurrari gauzak ez ukitzeko? Saltsan eta bazterrak nahasten ari zelakoan, hara non mundua ezagutzeko duen bitarteko baliotsuena geldiarazteko agintzen aritu garen.

Nago zentzumenen artean ikusmenari eman diogula nagusitasuna eta lehentasuna hezkuntzan eta beste zentzumenak ia zokoratuak dauzkagula. Bien bitartean, ordea, gure neska-mutilek gainerako zentzumenen beharrean daude –eta zer esanik ez Haur Hezkuntzan eta txikiak direnean–, inguruan dutena atzeman, mundua ulertu eta bere barruan gordetzeko.

Eskolak munduari irekita egon behar duela esan dugu sarri. Aldi berean, inguruan ditugun objektuak, izakiak eta abar argazkietan edota irudietan erakusten dizkiegu gero eta gehiago, teknologia berriek ekarri dizkiguten abantailak baliatuz. Argazki erakargarrietan erakusten diegu mundua, bizitza, neurri batean. Zenbat dago, orduan, lotuta errealitatearekin? Zer da mundua, zer da bizitza argazkietan erakustea? Ez ote da irudi bat soilik erakustea... usainik, laztasunik edo goxotasunik, hozberorik, biguntasunik, soinurik ez duen irudi bat?

«Ez ukitu!» esaten ari gatzaizkion bakoitzean, seguruenik, mundua atzemateko duen bitartekorik garrantzitsuena zikiratzen ari gara. Mundua ezagutu, ulertu eta bere egiteko haurrak duen erarik natural eta berezkoena galarazten. Haurrari ukitzen, usaintzen, dastatzen eta manipulatzen utzi beharko genioke. Munduari egin dizkiogun argazkiak, ederrenak eta ikusgarrienak izanik ere, munduaren laburpen bat besterik ez baitira! •