2017/10/07

Kronika
 
NI ERE HAN EGON NINTZEN

Kataluniara bertaratu ziren milaka euskaldunen artean bost gonbidatu ditugu lerrootara beren emozio eta pentsamenduak azal ditzaten. Denak bueltatu dira bizkar zorroa irakaspenez beteta eta bihotzaren taupadak azkartuta. Denek egiten dute bat han bizitako esperientzia zinez handia eta sakona izan dela aipatzean.

Mikel Zubimendi Berastegi
Pd17_bat

«Polizia nazionalak etorri zirenean, zuri geunden bakarrak gu geu ginen. Euskaldunok urduri-edo geunden, baina katalanak oso lasai, irribarretsu zeuden. Eta denetariko jendea zegoen, jende edadetu pila bat tartean!»

«Frogatu dut katalanen inteligentzia zenbat eta gehiago bortxatu, orduan eta indartsuago loratzen dela beren energia, orduan eta gehiago sendotzen dela beren arrazoia, orduan eta gehiago zabaltzen dela beren horizontea»

Trenez, hegazkinez edo autoz, milaka eta milaka euskal herritar bertaratu ziren Kataluniara iragan asteburuan. Whatsapp taldeetan koordinaturik batzuk, hauteslekuz hautesleku ibili ziren gora eta behera, kataluniar lagun eta ekintzaileen zerbitzura beren burua ipinita. GAUR8k Kataluniara joandako bost aberkide gonbidatu ditu lerrootara beren bihotzak zabaldu eta bertan sentitutakoa, pilatutako emozioek nola zafratu zuten beren barne erresuma gure irakurleekin konpartitzera. Luis Intxauspe Hernaniko alkatea, Izaro Arbe gasteiztarra, Paulo Elkoro bergararra, “Egin” egunkariko zuzendari izandako Jabier Salutregi eatarra eta Portugaleteko Irati Tobar hain justu.

Bizitakoa hitzekin adieraztea ez zaiela erraza suertatu aipatu digute denek. Zinez ederra, hunkigarria eta inspiratzailea izanagatik, Intxauspek dioen moduan, «emozio eta sentipen kontrajarrien botifarra» hori, bizipen horiek guztiak eta beren irakaspenak metabolizatzeko denbora beharko dute. Edonola ere, eta edonondik begiratuta, beren lekukotza sentituek bizitakoaren handitasunaren eta sakontasunaren pistak eskaintzen dituzte.

«Jarrera lasaia, poza, irribarreak»

Izaro Arbe gasteiztarrari, Arabako hiriburuko beste hamabost lagunekin batera, Bartzelonako Escola del Treball ikastetxeko hauteslekuaren defentsa egokitu zitzaion, «bertan herritar ehuneko esanguratsu batek bozkatu behar zuelako eta oso garrantzitsua zelako».

Goizeko bostetatik prest ziren zeregin horretarako eta goizeko hamaiketan jaso zuten Polizia espainiarraren hamar furgonetaren bisita: «Barruan jende asko, lepo zegoen, eta kanpoan ere bai. Ate nagusia itxi genuen, atzealdeko bi ateetan barrikadak jarri eta ez zuten sartzerik lortu. Ondoren ez zuten sartzeko saio berezirik egin. Gehien harritu gintuena –nabarmendu du– izan zen egun osoan egon ginela helikopteroek zelatatuta, eta jendearen jarrera oso lasaia zela, oso pozik zeudela, irribarretsu, helikopteroei agur esaten». Izarok ez zuen jendearengan beldurra sumatu, «ez, ez, eta, nazionalak etorri zirenean, zuri geunden bakarrak gu ginen. Euskaldunok urduri-edo geunden, baina haiek oso lasai, eta denetariko jendea zegoen, zahar pila bat… Eguneko gauzarik politena edadetuak bozkatzen ikustea izan zen; lehenak izan ziren. Korridore bat zabaldu zitzaien, eta izugarri polita izan zen!».

«Igandea oso luzea izan zen. Baina oso gustura ibili ginen. Gainera, euskaldunokin oso jarrera polita izan zuten; esan ziguten polizia sartzen bazen bazter batean gelditzeko. Oso pozik zeuden gu han ginelako. Hango eskola txikietan ere bat-batean txalo egiten ziguten euskaldunak ginelako, egon ginen leku guztietan oso ondo hartu gintuzten, zinez hunkigarria izan zen», nabarmendu du gasteiztarrak.

«Hemen has gaitezkeen esperantza»

Luis Intxauspe Hernaniko alkate eta Udalbiltzako lehendakaria ere inpaktatuta bueltatu da herrira. Bihotz-bihotzetik, bere sentipenak biluztu eta han bizi izan zuen ametsaren ildoan gure herria jartzeko esperantza konpartitu du gurekin: «Konbentzimendua, irmotasuna, argitasuna eta indarra adierazi ziguten katalanek, eta, horren aurrean, poza, ilusioa eta animoa sentitu nituen. Gertaeren aurrean, berriz, pena, tristura, amorrua, mina eta negargura. Ezinezkoa zirudiena egingarria dela ikusteak, hori bai, sinismena, gogoa eta kemena piztu zizkidaten».

Eta aitorpena ere egin digu: «Aldi berean inbidia sentitu nuen. Inbidia sanoa! Katalunian egin duten eta egiten ari diren bideagatik, batasunagatik, kohesioagatik... Hemen Euskal Herrian ere antzeko zerbait bizi nahiko nuke; hemen ere norberaren ideologia eta interes politikoen gainetik, herri ikuspegi bateratu baten alde ordezkari politiko eta herritarrak ikusi nahi nituzke; konbentzituta, emozioz, ilusioz, gogoz eta tinkotasunez gure bide propioa egiten ari garela ikusi nahiko nuke. Han ari dira; beraz hemen has gaitezkeen esperantzarekin itzuli naiz».

Askatasunaren malkoak

Kataluniatik bueltan, «herri baten askatasun deia jarraitzeari muzin egiterik nahi ez eta ezin genuenontzat», han bizitakoa kontatzeko galderak «ezinegona dakar altzoan» diosku Jabier Salutregik. «Egun gertatzen ari den historiarik ederrenetariko bat» kontatzeko orduan hitzek dituzten ortopediak aitortu dizkigu: «Nola deskribatzen da duintasuna eta ausardia? Nola erretratatu amets baten gauzatzea hatz puntekin ukitzen duen herri hunkitu, indartu eta bideratu bat?». Oso argi dio: «Igandean askatasuna arnastu zen, eta, aurpegia arimaren argazkia bada, katalanen begitartean lasaitasunaren, neurritasunaren argazki bizia aurkitu nuen». Zaila zaio emozioz beteriko letretan katalanen gogo eta izaeraren sakontasuna adieraztea, baina argi dauka: «Lasaitasun, neurritasun hori beren kultura politiko eta jakinduria kolektiboaren ispilua da».

Eta hunkituta, honakoa gaineratu nahi du Salutregik: «Bere duintasunean bildurik mobilizatzen den herri baten arima ederrarekin hunkitu nintzen, ondo neurtutako ausardia duen gizarte batekin, bere sustraietan haitz bat bezain sendoa, aurkariekiko errespetuz jokatzen duena, soseguz, eztabaida arrazionalari bizkar eman gabe. Haien askatasun malkoak konpartitu nituen ulertu nuenean beraien askatasuna besteon askatasuna dela. Iragan galdu eta berriz aurkitu baten, hatz puntekin ukitzen den orainaldi baten aldeko malkoak ziren, ezkutatutako hautetsontzi horiek, ametsez betetako hautetsontzi horiek bete zituzten hatzekin ukitzen zirenak hain zuzen».

Eta irakaspenez bizkar zorroa beteta, haiekin batera negar eta irri egin ondoren, honakoa nabarmentzen du Salutregik: «Frogatu dut katalanen inteligentzia zenbat eta gehiago bortxatu, orduan eta indartsuago loratzen dela beren energia, orduan eta gehiago sendotzen dela beren arrazoia, orduan eta gehiago zabaltzen dela beren horizontea. Katalanek ‘gauzak’ egiten dituzte, historia egiten duten ‘gauzak’ eta, agian, beste historia batzuek zabaltzeko giltzei forma ematen diete, libre izateko borondateari bide emateko zain dauden beste historia batzuei».

«Gu ere begiak bustita»

Irati Tobar Portugalete eta Barakaldotik abiatutako zortzi neska militanteko kuadrillan joan zen Kataluniara. «Urduri, pozik eta gogoz igo ginen hegazkinera», diosku. Zeuden beharren arabera, L'Hospitalet de Llobregatera zuzendu zituzten Katalunian zituzten kontaktuek, hain zuzen bertako Gornal auzora. «Gurea bezala, PSOEko alkatetza duen herria. Antolakuntza askorik gabea, herri mugimendu eta jende antolatuari dagokionez behintzat. Hor agertu ginen gu, Kataluniako Printzerriko ‘Ezkerraldean’. Errealitate sozial antzekoa duen herrian, PSOEren beste feudo batean».

«Gauerdian anbulatorio bat okupatzera joan ginen bertako auzokide batzuekin. 01.30ean lortu genuen bertan sartzea, mossoek alde egitean. Auzokideekin egon ginen barruan, hitz egiten eta gure ikastaroa prestatzen; ‘mambo klase interkulturalak’, zehazki. Auzokideek ekarritako kafea gosaldu eta 06.00etatik aurrera atean harresia egiten ginen. 09.00etan anbulatorioa zabaltzeko prest geunden. Lortu genuen! Zelako poztasuna! Hauteskunde mahaia prest zen! Auzokideak atean jarri eta euskaldunontzat zeregina bazuten: hautetsontziaren defentsa. Gurekin gaua pasatutakoak izan ziren lehenak bozkatzen, zelako emozioa! Negarrez ematen zuten botoa eta gu ere begiak bustita. Zenbat izan ziren eskerrak ematera hurbildu zitzaizkigunak! Euskaldun batzuk laguntzen zeudela entzun eta agurtzera etorri zirenak!».

Eta bere kontakizuna josten jarraitu du Iratik: «Bost aldiz aldatu genuen gutxienez hautetsontziaren defentsa egiteko estrategia, betiere haien behar eta interes politikoak zeintzuk ziren galdetuz. Mossoen bisita izan genuen eguerdi aldera eta eskaileretan harresia egiteko prest geunden; ez zutela ezer eramango esan ziguten baina. 13.00etan aurreikusten zen espainiar poliziaren ‘bisita’, baina ez ziren agertu. Eta azkenean, 20.00etan, hainbeste boto lortuta eta polizia espainiarraren ‘bisita’ gabe, hautetsontzia eskuan hauteslekua itxi genuen. Garaipena!».

Gornal auzoko emaitzak ondo gogoan ditu: «1.090 boto independentziaren alde, 200 kontra, 39 zuri eta 30 nulu. Katalunian El Gornalen ere, garaipena!». Eta jasotako eskerrak bueltan igorri nahi ditu: «Momentuan bertan eskerrak eman zizkiguten, baita telefono mugikorretik eta sare sozialetatik gero ere. Gure elkartasuna magikoa izan zela eta erreferenduma auzoan gauzatzeko parte bitala izan ginela helarazi digute. Oraindik hunkituta irakurtzen ditugu mezuok. Askok esan ziguten Euskal Herrira etorriko direla, Portun edo Barakan lagunduko gaituztela behar dugunean! Montse, Emma, Nuria, Ester, Laura, Patri, Sinta, Victor, Marc eta besteak... eskerrik asko denoi!».

Mugitu da

Euskaldunez beteriko tren batean hurbildu zen lagunartean Paulo Elkoro bergararra Bartzelonara. Belarriak erne, begiak piztuta eta gogoeta iraunkorrean aritu zen hauteslekuz hautesleku. Bartzelonatik bueltan, handia, oso handia den zerbaiten lekuko izan zela sentituz, hausnarketa labur bezain sakona utzi digu: «Lurrikara politikoa eman da, hori esatea ez zait gehiegikeria bat iruditzen. Orain bakoitzak bere lekua aurkitu beharko du munduan. Katalunian elkarren arteko konfiantzazko harremanak eraiki dituzte eta oso azpimarragarria iruditu zait zeri begiratzen dioten, zeri obeditzen dioten, zein den haien ekintzen ispilua. Ekintza eta begirada Madrili baino, munduari zuzentzen zaizkio Katalunian. Beren buruari egiten diote kasu, elkarri begiratzen diote. Mediterraneoko izkina horretan bizitzak jada erritmo oso berezia, oso espeziala du; ez dakit ze musika entzuten duten zehazki baina ez daude geldirik, ez daude zain, ez dute trenik galtzen. Martxan dagoen herri bat da Katalunia!».

Hausnarketa borobiltzeko honakoa gaineratu du Elkorok: «Herri osasuntsua da Katalunia. Antidoto naturalak garatzeko gai izan dira. Hango jendeak lortu du Madriletik datorren birus frankista gelditzea eta aurrera doaz hurrengo geltokira. Hango politikaren osasun onak gobernu eta politika toxikoak gaindituko ditu». Eta, konbentzimenduz, honela bukatu du: «Munduak herri osasuntsu berri bat irabazi du, oso pozik eta harro egotekoa da hori».