Maider Iantzi Goienetxe
OSATZE FEMINISTA

«Nola zaintzen dugu gure burua? Nola babesten dugu elkar kolektiboetan?»

Osatze feminista kontzeptua berria da eta fokua jartzen dio kolektiboek betidanik egin izan dutenari: elkar zaindu. Bere 15. urteurrenean, Bilgune Feministak gaia plazaratu nahi du: «Guri on egiten ari zaigu eta besteei eskaini nahi diegu». Ongi bizitzeko, hiru eremuren arteko oreka bilatzen dute, publikoa (lana, militantzia), pribatua (etxea) eta intimoa.

Borroka, bizi onez borborka: osatze prozesu feministak kolektiboetan” jardunaldiak antolatu ditu Bilgune Feministak heldu den astearterako, urriak 10. Ostegunetik igandera, berriz, osatze egonaldia eginen du Eginon. «Nola zaintzen dugu gure burua? Nola zaintzen dugu elkar militanteok? Nola bizi dugu osasuna? Nork kontrolatzen du?». Halako galderak planteatuko dituzte.

Edurne Epelde kide eta antolatzaileak GAUR8ri agertu dionez, latinoamerikar feministengandik jaso dute “osatze feminista” kontzeptua. «Osatzeak erreferentzia egiten dio emakumeok gure gogo-gorputzetan ditugun hainbeste zauri eta ondoezi. Horietatik atera eta burujabe izan nahi dugu».

Normalean norberak bere barrenean bizitzen dituen prozesuak dira, baina kolektiboan ere egin daitezke, gure buruari atsedena emanez, elikadura osasuntsurako estrategiak eskuratuz… «Bat yogara doa, bestea biodantzara… Goazen konpartitzera».

Eginoko osatze egonaldian gauzatuko da hori. Beti da “egin”. Bada, orain “egon” izanen da. Babesgune batean, «nola nago ni?» galdetuz. Etengabe kolektiboan. Pertsona bere dimentsio guztietan osasuntsu egotea da helburua: fisikoki, emozionalki, kognitiboki, baita espiritualki ere.

Datorren asteartean Donostiako Gladys Enean 18.00etatik 21.00etara eginen dituzten jardunaldietara inspirazio iturri izan zituzten Guatemala eta El Salvadorreko bi emakume feminista indigena etorriko dira. «Lurrarekin, urarekin eta naturako beste elementuekin harremanetan daude. Arbasoekin ere bai. Lan espirituala egiten dute politikoaren altzoan eta ikusiko dugu ze zipriztin uzten dituzten guregan».

Hirugarren urtea dute osatze feministaz hausnartzen, baina kolektiboan behar hori sorreratik dator. «Inertzia zahar pilarekin gentozen, baina hasieratik izan dugu presente gauzak beste era batera egin behar genituela eta gure militantzia ereduak ez zuela zurruna izan behar».

Jardunaldiak zabaldu dituzte gure herriari ekarpena egin nahian. «Gatazka potente batean gaude. Gerran pasatakoaren memoria biltzen ari gara, baina isiltasun handia dago. Errepresio eta indarkeria handia izan zen hurrengo hamarkadetan ere. Eta herritarrok ere osatu behar ditugu gure barruak. Euskal Herri burujabe batera iristeko pertsona burujabeak behar ditugu, pertsona osatuak».

Osatze feministaren gai hau izaten ari den harreraz galdetuta, hala erantzun digu Epeldek: «Uste dut jendea desiratzen dagoela honetaz hitz egiteko. Tailer pila bat egin genituen Bilgunearen topaketetan eta lehenengoa bete zena honakoa izan zen: ‘Gorputzak badaki osasunaren autogestioa’. Premiaren adierazle bat da. Nola gaude?».

Esplikatu du osatzea norberari ongi datorkion prozesua dela. Ez da behartua. «Lehendabiziko irizpidea honakoa da: jarri arreta zure gorputzari. Oso kutsatuta gaude kultura matxistaz eta katolikoaz. Klixe feministak ere sortu ditugu. Horren aurrean burua pixka bat gelditu eta gorputzak zer dioen aditzea proposatzen dugu. Goazen bizipenetara, sentsazioetara. Siesta egitea erabakitzen ahal dugu, edo mendi buelta bat». Xedea da bakoitza bere emozio eta ekintzen jabe egitea.

«Ama zaintzea tokatu zitzaidan, eta bileran egon beharrean ama zaintzeak taldetik at sentiarazten ninduen. Lan handia egin behar izan nuen horri buelta emateko», kontatu du Edurnek.

Egonaldi feministak

Lau bat egonaldi egin dituzte. Hauek espazio bat dira talde estrategiak konpartitzeko. Arnasgune bat bakoitzak bere buruan arreta jartzeko. Bertan, deskantsatzeko baimena dute. Lo eginez eta digestio aparatuari mesede egiteko arin eta garbi janez, garaiko jakiak, estimulurik gabeak. Epeldek aitortu du bigarren egunerako buruko minez egoten direla kafezaleak. Gorputza eta osasuna pizteko naturara jotzen dute, mendira jeneralean. Telefono mugikorra itzaltzeko gomendioa ere ematen dute.

«Ideia ez da erregimen batean sartzea –dio Edurnek irribarretsu–, baina bai probokatzea, alde osasuntsura eramateko». Horretarako makrobiotika, sendabelarrak eta infusioak, erritu sinbolikoak eta gatzezko bainuak dituzte lagun. Tailerrak ere bai: dantza, sukaldaritza, masajeak… Gitarrarekin kantari ere aritzen dira.

Aunitzek errepikatzen dute. «40 lagunera arte zabaldu dugu aukera oraingoan, Bilguneko kideez harago. Eta jada 42 daude apuntatuta. Aurreneko egonaldian dozena bat bildu ginen eta batzuk konplitzeagatik joan ziren», onartu du irribarrez esperientzia honen bultzatzaileetakoak. Guztietan izan da bera.

Gladys Enean egingo diren jardunaldietara joateko bai, aukera dago. Jendea gogotsu sumatzen dute. Batzuek behar pertsonala dute, bertzeek kontzeptuaren atzean dagoena deskubritzeko jakin-mina.

Publikoa, pribatua eta intimoa

Lehen luzatutako galderara bueltatuz («zer da ongi bizitzea?»), hiru plano ezberdintzen dituzte Bilgune Feministan. Orain arte bi eremu bereizi izan dituzte, publikoa eta pribatua. «Emakumeok hor gaude, zatituta: alde batetik enplegua eta bestetik zaintza, alde batean politika eta bestean umeak uzteak ematen digun apurua. Baina eremu intimoa ere badago. Pribatuan etxea eta familia sartzen dira. Baina, hortik aparte, nire eremu intimoa zaindu behar dut, bestela pribatuan galduko da».

Epeldek dioenez, hiru eremuek orekan egon behar dute. «Zer moduz?» galdetzen dietenean, hala erantzuten dute orain: «borrokan» edo «bakean». Izan ere, erruduntasuna eta konplexuak pizten zaizkie oreka bilatze horretan.

Oroitu du ikasleak, langileak, feministak… elkar babesteko hasi zirela biltzen. Horretan jarri nahi dute begirada orain, nola osatu diren ohartzeko, nola zaindu duten elkar, nola kontatu dioten batak bertzeari nola dauden… «Bilgune Feminista zer den galdetzen badidate, familia bat bezala dela erantzungo dut. Baina sarri ez gara konturatzen. Kolektiboak badu alde hori, zaindu egiten zaitu, nahiz eta gaixotu ere egin zaitzakeen», adierazi du.