Miren Azkarate Badiola

1 X 2 gerturatu eta lau!

Denok entzun dugu edo egin dugu noizbait kiniela bat. Espainiako futbol Ligako (dudarik badago, futbol maskulinoko) 15 partiduren emaitzak asmatu behar dira. Alegia, 14 emaitza gehi pleno al quince bezala ezagutzen dena; hau da, hamabosgarren bat 1, x edo 2 laukitxoa markatuta. Asmatuz gero, dirutza poltsikora!

Hirurogeita hamaika urte dira apustu mota hau sortu zela eta aurten lehenengoz, urriko lehen asteburuarekin, jokatzen ziren norgehiagoketan hamabosgarren emaitza emakumeen futbol ligakoa zen, zehazki Athletic eta Atletico Madril taldeen arteko partidukoa. Egun historikoa! Emakumeen futbola ere existitzen dela! Eta Lehen Maila bat ere baduela! Batzuk agian orduantxe konturatuko ziren...

Ez da baina garaipen handia; halere, pauso txiki bat badela iruditzen zait, behintzat ikusgarritasun pixka bat edukitzeko bada ere. Izan ere, hemendik aurrera apustu hauek egiten dituenak dirua irabazi nahi badu (eta ez dezagun ahaztu apustu sistema bat dela finean eta apustuak dirua irabazteko direla), zerbait, pixka bat bada ere, jakin beharko du nola doan emakumeen Lehen Mailako futbol Liga! Zer edo zer bada ere jarraitu beharko ditu partiduak, bederen sailkapenean nola doazen! Emaitza bakar bat da eta oraindik ere gizonezkoen pare izateko bide luzea dago egiteko. 90 minutuko partidua hasi besterik ez da egin emakumeon kirolaren ikusgarritasun eta berdintasunean. A! Ahaztu dut esatea, bost asteburutan bakarrik jarriko dute hamabosgarren lekuan emakumeen emaitza. Pauso bat ote? •