Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
IÑIGO GUTIERREZ
itsas salbamendu humanitarioa

«Bizitza arriskuan jartzen dute bizitza salbatzeko azken aukera gisa»

Kantauri itsasoari begira kontatu du duela egun batzuk Mediterraneoan bizitakoa, Libiako kosta parean, heriotzaren korridorean. Egun bakarrean hiru ontzi erreskatatu zituzten, 315 pertsona.

Maydayterraneo proiektuaren lehen misiotik bueltatu berri da Iñigo Gutierrez donostiarra. Hiru gobernuz kanpoko erakunderen elkarlanaren ondorio da proiektua: Sevillako Proem-Aid, Alemaniako Lifeline eta Gipuzkoako Itsas Salbamendu Humanitarioa.

Misio bakoitza hamabost egunekoa bada ere, lehenengo honi kostatu egin zaio martxan jartzea arazo burokratikoak tarteko. Azkenean, hamar bat egun eman dituzte Libiako itsasertz parean, «Mediterraneoko heriotzaren korridorean», nahiz eta egun bakarrean atera diren erreskatera. Hori bai, egun bakarrean 315 pertsona salbatu dituzte eta Libiako kostazainen erasoa sufritu dute. 2017ko irailaren 26a memorian ondo iltzatuta geratuko zaio zalantzarik gabe Iñigo Gutierrezi.

Nola iritsi zinen Itsas Salbamendu Humanitariora? Zerk bultzatuta?

Nagusiki itsasoarekiko maitasunak. Urpekaritza irakaslea naiz. Aitak sartu zidan kresala zainetan eta erakutsi zidan itsasoa bizi iturria dela. Gizateriaren parte onenaren motorra itsasoa dela uste dut. Horrez gain, 2015eko iraileko Aylan haur siriarren argazkiak puskatu egin ninduen. Hiru urteko haurra hondartzan hilda. Argazki horrek erabat deskolokatu ninduen, haserretu egin nintzen eta boluntario aurkeztu nintzen. Hasiera batean ezezkoa eman zidaten, sorosleak topatzen ari zirelako eta ni ez naizelako soroslea. Arazoren bat izan zuten eta jendea falta zitzaien. 2015eko abenduan deitu zidaten eta 48 ordutan Greziara bidaiatzeko prest ote nengoen galdetu. Baiezkoa eman nien berehala. 2015eko Gabonak Greziako Kios uhartean eman genituen jendea uretatik ateratzen.

Taldearen filosofia da uretara sartu beharra dagoela erreskateak egitera. Ezin dela urertzean itxaron.

Urertzera gutxi iristen dira. Baina hasieran agertokia oso desberdina zen. Greziako kostatik Turkiako kosta bertan ikusten da, nahiz eta askotan itsasora sartu behar den laguntzera. Baina gure lanaren muinean filosofia bakarra dago: bizitzaren oinarrizko eskubidea defendatzea. Ulertzen dugu itsasoan arriskua dagoen pertsona orok duela erreskatatua izateko eskubidea.

Itsasoan, erabat prekarioak diren ontzietan eta jendea erabat pilatuta. Arrisku askotxo.

Europak hildakoak kontatzen ditu, ez desagertutakoak. Aurretik bagenekien desagertutako asko zeudela, baina behin bertan egonda, askoz garbiago dugu errealitate hori. Itsasoa egundokoa da eta zu, itsasoan, tantatxo bat baino ez zara. Hamar metrotik hogei metro bitarteko ontzi bat eta inongo erreflektorerik gabe. Hori ez da ezer itsasoaren handitasunean.

Eta barruan datozenak ez dira itsasoan ibiliak.

Ez dakite non dauden ere. Gehienek ez dute sekula itsasoa ikusi eta ez dakite igeri egiten. Libiako kostatik petrolio plataformak ikusten dira. Gauez, argia egiten dute erregaia erretzen ari direlako. Itsasoratzen direnei esaten diete argi hori Europa dela. Europa, baina, 120 miliara dago. Ezerezera bidaiatzea da, hilketa bat.

Ezerezera bidaia. Baina, hala ere, ehunka lagun igotzen dira egunero bidaia horretara.

Gizartean gero eta zabalduago dago eskuin muturraren diskurtsoa: laguntza bila datozela, bizitokia oparitu egiten dietela... Jende asko ikusi dut bidean eta ez dut inor ikusi helburu horiekin. Jendeak bere etxetik ihes egiten du hiltzen ari direlako, balaz edota gosez, baina akabatu egingo dituztela sentitzen dute. Eta hiltzearen eta ihes egitearen artean, bigarren aukera horren alde egiten dute. Inork ez du bere familia osoa ontzi kaskar batean jartzen diru laguntza baten bila etorri eta amets europarra bizitzeko. Gatazka tokietatik ihesi datoz. Muturreko egoera horietan, bada errenditu eta hil egingo dela onartzen duen jendea eta bada bere bizitzaren alde azkeneraino borrokatzen dena. Bizitza arriskuan jartzen dute bizitza salbatzeko azken aukera gisa.

Irailaren 26an guztira lau ontzi erreskatatu zenituzten.

Oso goiz abiatu ginen. Goizeko zortziak pasatxo jo zuen alarmak eta lanean hasi ginen. Lehen orduan egurrezko bi ontzi topatu genituen, 55 lagun zeuden batean eta, bestean, 65. Ez zeuden hain egoera txarrean, zorte pixka batekin bost bat egun iraun zezaketen itsasoan. Haiek erreskatatu eta inguruak zaintzera atera ginen erreskateko txalupan. Orduan ikusi genuen gomazko ontzi bat, oso egoera kaskarrean, eta bertan berrehun bat lagun kinka larrian. Nire bizitzan ikusi dudan gauzarik surrealistena. Bederatzi haur, zazpi emakume eta, gainontzekoak, gizonezkoak. Gerturatu egin ginen, egoeraren azterketa bat egin eta gure Lifeline itsasontziari abisua emateko. Gure begien aurrean zulatu zen gomazko ontziaren alde bat eta egoera are gehiago okertu. Ordu gutxi geratzen zitzaizkion ontzi horri.

Gure protokoloaren arabera, lehendabiziko pausoa lasaitasuna transmititzea da; identifikatu eta erreskateko ontzi bat garela esaten diegu. Lagundu egingo diegula eta seguru daudela esaten diegu ondoren. Hortik aurrera, patxada handiarekin jokatu behar dugu. Lehen bi ontzietan jendea erosoago zegoen, toki gehixeago zeukan ontziaren barruan. Hirugarren ontzia, berriz, muturreko egoeran zegoen. Barrukoak erabat pilatuta zeuden, gorputza gorputzaren kontra. Erdian zeudenak lepoa luzatzen zuten burua pixka bat atera eta arnasa hartu ahal izateko.

Berehala konturatu ginen erreskate zaila zela. Berez salbamendu-jakak banatu behar ditugu hasieran, baina kasu horretan ez egitea erabaki genuen. Ez zegoen leku fisikorik jendeak txalekoak jantz zitzan. Txalekoak banatuz gero, norbait asfixiatzeko arriskua ikusten genuen. Gurekin zegoen suhiltzaile batek kontatu zidan Lesbosen antzeko egoera bat gertatu zitzaiela, txalekoak banatu zituztela eta kasik haur bat asfixiatuta hil zela. Nonbait jendea urduri jarri zen txalekoak janzteko orduan, haur hori lurrera erori zen eta zapaldu egin zuten. Guk ez genuen horrelakorik gertatzea nahi eta lasaitasuna mantentzea eta gure ontziari itxarotea erabaki genuen.

Une oso larriak bizi zenituzten, ezta?

Bai, oso-oso larriak. Bi ordu luze eman genituen gure ontziaren zain eta une batean pentsatu genuen jende hori guztia gure begien aurrean itoko zela. Ontzia zulatu zenean, lau gizon jarri genituen izkina horretan olana eusten. Une batean denak oso urduri jartzen hasi ziren eta lau gizon horiek uretara erortzeko zorian egon ziren. Haiek eroriz gero, atzetik joango ziren denak, ontziak alde batera egingo zuelako. Gauean, lasaiago geundela, gertatu zenaren balorazioa egin eta garbi ikusi genuen: gauzak okertuz gero, berrehun lagun horietatik hamabost baino ez genituzkeen salbatu ahal izango. Gainontzekoak begien aurrean itoko zitzaizkigun.

Lifeline ontzia bi ordu luzera iritsi zen erreskate tokira. Zer pasatu zitzaion?

Uniformatutako eta armatutako gizon talde batek abordatu egin zuen. Ez dakigu seguru kostazain libiarrak ote ziren, ez zutelako uniformerik eta ez zirelako identifikatu. Lifeline ontzira gerturatu eta amarratu egin ziren. Gure ontziko kapitainak, lasaitasun harrigarriz, amarra askatu zuen. Bi ordu luze aritu ziren ika-mikan, airera tiroak botatzera iritsi ziren, eta, azkenean, lortu zuten haietaz libratzea eta gugana gerturatzea, erreskatea egiteko.

 

Zer nahi zuten armatutako libiar horiek?

Europak diru asko jarri du tartean eta beldur gara pizgarriak eskaini dituela Libiara bueltatzen den ontzi eta pertsona bakoitzeko. Uste dugu errefuxiatuei itsasoratzeko kobratzen dieten mafia berek berriz kobratzen dutela pertsona horiek bueltan lurrera eramatearen truke. Europak Turkian linboa muntatu zuen, eta, Libian, joan-etorrian dabiltzan pertsonen azoka muntatu du.

Bi ordu pasatxora, azkenean, iritsi zen zuek zineten tokira.

Itxaronaldia luzea eta gogorra izan zen. Nik abisua ematen nion ontziari eta oso erantzun arraroak jasotzen nituen bueltan. Konturatu nintzen zerbait arraroa gertatzen ari zela. Bitartean ontzian zeuden 200 pertsonak nahiko lasai egon ziren. Tarteka baten bat asaldatu eta urduritu egiten zen, baina oro har lasai egon ziren.

Azkenean, iritsi zen Lifeline ontzia. Hiru erreskate jarraian egin genituen eta ontzia toperaino jendez beteta genuen. Erromako agintariei deitu genien, laguntza eske. Erromatik ontzi bat bidali zuten. Normalean petrolio plataformak hornitzen aritzen den ontzi handi bat bidali zuten, eta, Libiako bandera zekarren, bertako uretan ibili zelako aurretik. Jendearen erreakzioa beldurgarria izan zen. Pentsatu zuten ontzi hark Libiara bueltan eramango zituela eta oso urduri jarri ziren. Gizonezko bat uretara bota zen ihes egiteko eta emakume batek esan zigun Libiara eramaten bagenuen hantxe bertan bere buruaz beste egingo zuela.

Gobernuz kanpoko erakundeek lanean segitzen duzue. Non dago Europa?

Europa ez dago eta ez da espero azalduko denik ere. Europak misio militar bat dauka –orain Estatu espainolak gidatzen duena– eta bere helburua poliziala da, urak patruilatzen ditu baina ez dauka inor erreskatatzeko edo salbatzeko inolako asmorik.

Bada ontzi europar bat Mediterraneoko uretan dabilena. Izugarria, sekulakoa. Punta-puntakoa eta jende asko erreskatatzeko modua izango lukeena. Baina hori ez da bere helburua. Bere helburua jendea atxilotzea da. Gobernuz kanpoko erakundeak bakarrik ari dira jendea erreskatatzen. Edo gobernuz kanpoko erakunde bat dago edo ez dago inor. Hori da panorama.

Eta gobernuz kanpoko erakundeen lana ere ez da errazten. Aldrebes, trabak jartzen zaizkie.

Zalantzarik gabe. Kostazainek trabak jartzen dizkigute eta legeek ere ez dute bidea errazten. Legearen arabera, Libiako kostatik 12 miliatik aurrera esku har dezakegu, ez lehenago. Orain eztabaida 24 miliatan dago. Guk, 24 miliatan egin ditugu azken erreskateak. Harrigarria da nola iritsi ziren ontzi horiek horraino. Eta Europaren asmoa da aurrerantzean muga 70 miliara zabaltzea. Alegia, kostatik ateratzen diren ontziak ezingo dira erreskatatu 70 miliara heldu aurretik. Erokeria hutsa. Horrek heriotza ekarriko du, ez besterik, laguntza gabe ez baitago ontzirik 70 miliara irits daitekeenik. Europaren esanean, Libia arduratuko da 70 miliara arte zaintza egiten eta guk badakigu ez duela egingo.

Komunikabideen lehen lerrotik desagertu dira errefuxiatuak. Baina errealitatetik ez dira desagertu.

Are gehiago, lehen lerrotik desagertu ez ezik, kontrako korrontea zabaltzen ari dela sumatzen dut. Asko kezkatzen nau inguruan oso jende onari eskuin muturraren mezuak entzuten dizkiodanean; lana kentzera datozela, laguntzetatik bizi direla... Zure etsaia ez da patera batean datorren pertsona hori, zure etsaia gainean duzun nagusia edo gobernua da, etengabe burua zapaltzen ari zaizuna. Asko kezkatzen nau nazismoa orokorrean izaten ari den gorakadak; gorrotoaren mezua da.