Isidro Esnaola

Gerra ekonomikoa piztu dute Katalunian

Urriak 1eko erreferenduma pasatu arte, Estatu espainoleko Gobernuak ez du kontu ekonomikoetan arreta jarri, ez bazen erreferendumaren fakturen ordainketa oztopatzeko. Bozketaren ondoren Estatuaren estrategian zerbait mugitu zen. Aldaketa ez zen handia izan, baina beste mota bateko mehatxuak jarri zituen mahai gainean, tartean ekonomikoak. Esate baterako, enpresen ihesa irudikatzeko hainbat enpresa esanguratsu beraien egoitza nagusien helbideak aldatzen hasi ziren, Kataluniatik Estatu espainolera. Lehenengoa Sabadell Bankua izan zen; beste batzuek asmoa agertu zuten. Rajoyren Gobernuak azkar eman zion bide eskaerari. Ministro Kontseiluak lekualdaketak errazteko legea aldatu zuen. Erabaki horrek ez ditu hautsak harrotu, nahiz eta akziodunei besterik gabe erabaki ahalmena kendu. Bakarrik Adicae elkarteak altxatu du ahotsa jukutria salatzeko. Mugimendu horrek irakurketa asko eragin ditu. Adibidez, enpresek egoitza trukatzeak botere ekonomikoak independentzia lorgarri ikusten duela erakusten duela azpimarratu dute zenbaitzuek. Bestalde, Gobernuak bultzatu duen aldaketak argi utzi du legea aitzakia gisa erabiltzen duela: nahi duenerako, legea ez da oztopo, ezta Espainiako Konstituzioa ere.

Egia da mugimendu horrek Katalunian oso eragin mugatua izango duela, Estatuaren Ogasunean jarraituko dutela kotizatzen enpresa guztiek. Zergen ikuspuntutik, beraz, ez dago aldaketa nabarmenik. Behin independentzia lortuta, enpresa bakoitzak Katalunian duen jarduerengatik kotizatu beharko du bertako Ogasunean, berdin da non duen bere egoitza nagusia. Eta irabaziengatik enpresek ez dute asko ordaintzen ez Estatuan, ez Katalunian, ez beste inon. Euskal Herrian, aldiz, egoitza aldaketaren eragina handiago izan liteke. Kontzertu Ekonomikoak eta Nafarroako Hitzarmenak ogasun ezberdinen arteko lotura puntuak eta konpentsazio sistemak dituztelako. Hortaz, Gasteizko eta Nafarroako gobernuen isiltasuna nahikoa harrigarria da.

Dena den, aldaketa esanguratsuena zera da: borroka politikoan enpresak nahastea gerra ekonomikoa martxan jartzea da. Eta borroka horretan kaltetuak, batez ere, enpresak izango dira. Argi dago enpresa denek bezeroak bi aldeetan dituztela. Enpresa batek egoitza mugitzen badu, alde bateko bezeroak gal ditzake; ez badu mugitzen, beste aldekoak. Harrapaturik daude. Bi aldeen arteko ezberdintasuna nabaria da: Estatu espainolak ia 49 milioi biztanle ditu eta Kataluniak 7,5 soilik. Bistakoa da zein aldetan izango dituzten kalte handiagoak enpresek, bai behintzat ez badute oso produktu zehatz bat. Okerrena zera da: merkatuaren eremu bat edo batzuk utziko dituzte. Hutsuneak berehala betetzen dira; kasu honetan, kanpoko eragileei bezero berriak irabazteko aukera emango diete. Lehia ekonomikoa gerrarekin parekatu ohi da, eta, borroka esamoldea erabiliz, galtzen den eremu bakarra uzten dena da.

Gauzak horrela, sortzen den galdera da zergatik sartu diren enpresa handiak horrelako gerra batean. Edozein kasutan, galtzaile aterako direnak enpresa horiek dira. Beharbada erantzuna Estatu espainoleko kapitalismoaren izaera korporatiboan dago. Orain arte enpresa horiek botere politikoaz baliatu dira etekin mardulak lortzeko. Momentua iritsita, jasotako mesedeak bueltatu beharrean aurkitzen dira; gogo onez ala gogo txarrez. •